Frontoi Txikiko Ilusioa

Koldo Aldalur (kazetaria) 2003ko urr. 1a, 20:10

Ez da seguruenik herrian dugun arazo larriena baina ezin diogu aukera honi alde egiten utzi. Astea joan eta astea etorri eta frontoi txikia umez gainezka. Zoritxarrez neskarik ez. Ehun eta berrogei inguru ba omen dira intentzio ikaragarrian ari direnak eta keinuetan nahiz maldizioetan antzematen da telebistaren eragina.

Horiek denak gobernatzea ez da lan erraza eta nahia sarri hutsala. Umeek adinako intentzioa jartzen dute haien ardura duten Ilunbe elkartekoeek, baina, nire ustetan, ez da nahikoa. Beste azpiegitura klase bat behar du pilotari berri horien ilusioa gal ez dadin. Urteak daramatzate Keuttin eta konpainiak egunero-egunero lanean jo-ta-sua sarri hain esker txarrekoa den ihardunean. Azpiegiturarik gabeko ahalegina da ordea. Egiten duten lan ikaragarria estimatzeaz gain, hona hainbat ideia bakarren bat baliokoa izango delakoan.

  1. Diru publikoa, udaletxearena gutxienez, nahitaezkoa da. Nahiz eta jakin laguntzak jaso-jasotzen direla ez da nahikoa. Pertsona batek gutxienez erdi-liberaturik behar luke lan hau egiteko. Entrenamenduak antolatu, txapelketak martzan jarri, materiala, fitxak.....e.a. Aukera hori, jakina, orain arte hainbesteko ahalegina egin dutenen eskutan utzi beharko litzateke.
  2. Teknifikazio aldetik ere asko da egin daitekeena. Takoak botatzen bai baina nola jarri behar dituzten juxtu-juxtu badakite ere kirolari izaten ikasi beharko lukete haurrek, batik bat edade batetik aurrera: kantxatik kanpo entrenamendutan zer landu, elikadura nola zaindu, lesioak zergatik sortzen diren, irabaztean nola gozatu eta galtzean ez traumatizatzen ikasi......eta berriro, e.a.
  3. Gurasook kuotak ordaindu beharko genituzke. Edo ez al dugu ordaitzen gure neska-mutikoak dantzara, marrazkira, judora edo esate baterako flauta jotzen ikastera bidaltzen ditugunean. Honek seriotasuna emango lioke ilusioari eta aurrekontu duina ahalbideratuko.

Iritziok eraginik izatea zaila da. Udaletxean oso eroso daude egungo egoerarekin. Herrian kirol talde asko dagoela eta aurrekontuak ez duela gehiegi ematen erantzungo digute, Ilunpekoek, kirol ikaragarri maite dutelako, orain arte egin dutela eta ahal duten bitartean segituko dutela argudiatuko dute eta guraso askok nahiago izango du hamar-hamabost euro horiek beste zerbaitetan gastatu. Beraz itxaropen handirik ez gauzak aurrerantzean aldatuko ote diren.

Pilotari bat profesional mailara heltzen denean bere enpresak prestakuntzako urte luzetan gastatu diren dirutzak ordaindu beharko lituzke baina hau ere utopiaren lur goxotan murgiltzea litzateke. Dena den hau ez da arazoa. Kontua da gazte piloa kirol zoragarri honen bidetik joan daitezen laguntzeko modua topatu behar dugula eta horretarako udaletxe, tekniko eta gurasoon bultzada behar dela. Gurdi astunari zenbat eta gehiagok bultzatu, hobeto.