Mundu guztiko Jesuitak daude Loiolan, etorkizunaz mintzatzen

Uztarria.eus 2003ko ira. 19a, 18:09

Irailaren 18an hasi zuten Prokuradoreen Kongregazioa, eta 23rarte egongo dira gutxi gorabehera. Bi helburu dituzte: Kongregazio orokorra egin behar den edo ez erabakitzea, eta hori erabakitzeko gizartearen azterketa sakona egitea.

Jose Maria De Vera aitak azaldu digunez, bi helburu dituzte bilera honetan: "Kongregazio Nagusia konbokatzeko beharrik dagoen edo ez erabaki, eta erabaki hori hartzeko konpainiaren momentuko azterketa egin".

Orain egiten ari diren Prokuradoreen kongregazioan probintzia bakoitzetik ordezkari bat egoten da, horrera, Jesusen konpainiak mundu osoan duen egoera aztertu ondoren, Kongregazio Nagusia egitea beharrezkoa den edo ez aztertzeko.Lan hori behar bezala egiteko, ordezkari bakoitzak bere txostenak ekartzen ditu". Kongregazio Nagusia Jesuiten organo gorena da, baina, De Verak jakinarazi dionez Uztarriari, "San Inaziok ez zuen nahi Kongregazio Nagusi asko egotea, horrek apostolu lana geldiaraztea ekarriko bailuke (bileretara-eta joateko)".

Bokazio falta eta ateismoa kezka, besteak beste

De Verak dioenez, hauek dira kezkatzen dituzten arazo batzuek: "bokazio falta, (gu oraindik ia 21.000 gara, baina, gero eta Jesuita gutxiago dago), horrek esan nahi du Jesuitak ez direnekin elkarlan gehiago egin behar dugula, gure ikastetxeak aurrera eramateko eta abar. Aldaketa egon da gizartean. Aita Santuak ematen dizkigun misio bereziak ere hor daude. Adibidez, ateismoaren aurka borrokatzeko esan digu; erlijio arteko elkarrizketa bultzatzeko misioa ere eman digu... Guzti horrek aldaketa suposatzen du. Horiek konpainia osoaren laguntza eskatzen duten aldaketak dira, kongregazio general bat beharko litzateke", dio.

Goizean bilera arratsaldean bilera... Talde linguistikoetan biltzen dira, Aita Generalak esandakoaz eztabaidatzeko. Horretarako bakoitzak bere txostenak ekartzen ditu, eta horretaz eztabaidatzen jardungo dute. Batzorde Nagusian edo talde linguistikoetan. Bilera honetako hizkuntza ofizialak inglesa, gaztelera eta frantsesa dira. Hizkuntza asko daude, baina, horrela biltzen dira talde txikietan, "elkar ulertzea errazagoa baita".

Kongregazio Nagusia egin edo ez erabaki beharko dute orain. Kongregazio Nagusia bi arrazoirengatik deitzen da De Verak adierazi duenez: "Arrazoi bat zera da: Nagusi General berria izendatzea (aurrekoa hil egin delako), horretarako probintzia bakoitzetik bi etortzen dira gutxienez (200 bat lagun gutxi gora behera). Beste arrazoia zera da: Elizan, munduan edo konpainian arazo larriak egotea, eta gobernu arrunta ez izatea gai arazoa konpontzeko. Orduan, konpainia osoa deitzen da, arazoak aztertzeko".