Ingurugiro Etxea produktu ekologikoen kooperatiba osatzear da

Uztarria.eus 2003ko ira. 3a, 19:09

Ingurugiro Etxea Fundazioa produktu ekologikoen kontsumitzaile eta ekoizleak bilduko dituen kooperatiba osatzear da. Momentuz koopetibak 59 kide izango ditu, eta lehenengo bilera hil honetan bertan izango dute.

Produktu ekologikoen kontsumitzaile eta ekoizleak bilduko dituen kooperatibarako kideak biltzeko kanpaina ekainean jarri zen abian Jaten duguna gara lemapean, eta dagoeneko 59 lagunek eman dute bertan parte hartzeko izena. Horietatik bost produktu ekologikoen ekoizleak dira. Josune Orbegozo, proiektuaren arduraduna, "gustora" azaldu da bildutako lagunekin, kooperatiba osatzeko gutxienez 25 lagun biltzea baitzuten helburu: "25 lagun bilduz gero kooperatiba osatzekotan ginen, beraz oso gustura gara lortutakoarekin. Momentuz, bost baino ez dira ekoizleak, baina inguruan oso ekoizle gutxi direla kontuan hartuta gustura gaude. Gainera, batzuek kontsumitzaile bezala eman dute izena eta esperientzia positiboa bada etorkizunean ekoizle bezala izena emateko aukera ez dute baztertu".

Ondorengo fasea

Josunek azaldu duenez proiektua kanpaina ondorengo fasean da orain. Hil honetan bertan egingo dute lehenengo bilera eta hor hartutako erabakien arabera osatuko da kooperatiba. Kooperatiba osatu ondoren ere bazkide izateko aukerarik izango da Josunek adierazi duenez.