Gaur 'Berria'-n irakurria: "Del Olmoren argudio 'zuzenak'"

Enekoitz Esnaola 2003ko uzt. 10a, 17:07

“Egunkaria-ren erreforma helegiteari erantzuteko apirilaren 9ko autoan azaldu zituen Del Olmok Egunkaria eta ETA lotzeko argudioak, 1. zigor aretoko magistratuek atzo esan zutenez «zuzenak» diren argudioak. Hona batzuk.

“Nazio izaera: Egunkaria-k 11 oinarrietako batean nazionala dela dioenean, «EAEko probintziak, Nafarroako Foru Komunitatea eta auzoko herrialdean egonagatik nazionalismoak euskalduntzat jotzen dituen lurraldeak» hartzen dituela esan nahi du, «ETAk Euskal Herritzat daukanarekin erabateko adostasunarekin», epailearen hitzetan”. Eta?

“Euskararen sareak: ETAren zuzendaritzak onartu omen zuen agiri batean «euskararen sostengurako sarea ehuntzea» proposatzen zuen, eta Egunkaria-k Martin Ugalde Parkearen sorreran hartu zuen parte, «zeinak egitura horiek sortzeari erantzuten dion, euskal kultura eta euskararen alde lan egiten duten enpresak biltzeko sortua baita»”. Eta?

“Izaera militantea: Egunkaria ENAMen barruan zegoela argudiatzeko, 11 oinarrien arabera Egunkaria militantea zela dio epaileak. «ETAk eta bere inguruak ere militante kontzeptua erabiltzen du bere egituretan dagoen pertsona izendatzeko. (...) Argudio hauen aurrean, galdetu beharra dago ea Egunkaria-k beste erakunderen batean militatzen duen, berripaperaren beraren egitasmoaz kanpoko beste proiektu bat gauzatzeko». Frogak, mesedez, eta ez, garai hauetan, “galdetu” bakarrik. PSOEkoek-eta ere ez al dira “militantes”? Enfin.

Diru iturriak: ETAk ENAMeko proiektuetarako «ENAMeko jarraitzaileen kapital aportazioak» jasotzea proposatzen omen zuenez, eta Egunkaria-k «hain zuzen ere herri kuestazioa erabiltzen duenez», «Egunkaria ETAko fondoekin kapitalizatu dela esan dezakegu, zati batean bederen». Gainera, «ez da sinesgarria» Egunkaria-k sorrerako kanpainan eta ondorengo kapital gehitzeetan lortutako diru guztia (591,5 milioi pezetak) akzionista txikien ekarpenekin lortzea, eta beraz, «diru horren benetako jatorria ezkutatzeko prozedura bat izan daiteke». Frogak, mesedez, eta eman sinesgarritasuna akusazio horiei (ematerik baldin badago, eta ez dagoenez...). Garai hauetan oraindik “ez da sinesgarria” esaten eta hiru lagun kartzelan bahituta? Hemen, dirua, herritarrek ematen dute; orain Berria-ri bezala. Argi eta garbi. Eta punto.

Neure galdera: ikusitakoa ikusita, noiz arte segitu behar dugu Hego Euskal Herrikook espainolak izaten?