Julian Eizmendik eta Betizu taldeak botako dute txupinazoa

Uztarria.eus 2003ko uzt. 9a, 20:07

Udaleko Festa Batzorde berriak —Mikel Ibarzabal da batzordeburua— aurtengo San Inazio festetan zenbait berrikuntza sartu nahi izan ditu. Txupinazoa Julian Eizmendi alkatearen eta Betizu musika taldearen artean botako da.

Legealdi berriarekin aldaketak izan dira Udalean eta herriko festetan ere izango dira. Aurten lehenengoz San Inazio festetako txupinazoa ez du alkateak bakarrik botako, Betizu taldea ere han izango baita txupinazoa botatzen San Inazio bezperan, hilaren 30ean. Hain zuzen Ainara Epelde azpeitiarra izango da Betizu taldearen kideetako bat.

Festa Herritarren Aldeko Batzordea urteak dira San Inazioak herritarragoak egin asmoz lanean ari dela. Eginkizun horretan txupinazoa herritarrek botatzea izan da haien nahietako bat, eta aurten ere Udalarekin egindako lehenengo bileran txupinazoa herritarrek botatzea eskatu zuten besteak beste. Mikel Ibarzabal, Festa Batzordeko buruak, Uztarriari jakinarazi dionez, Udaleko Festa Batzordeak ere asmo bera zuen: "Gazteekin bilera egin aurretik geu ere pentsatzen ari ginen alkateak botatzeaz gain beste norbaitek ere botatzea".

Txupinazoarena ez da aurtengo aldaketa bakarra; izan ere, festek egun bat gehiago izango dute, asteburua gainean egokitzen delako. Hala, gau-pasa eguna abuztuaren 2ra pasatuko du Udalak —aurreko urteetan San Inazio bigarrengoz izan da, abuztuaren 1ean—. Eta azken urteetan gau-pasa egunean zezen-plazan izaten zen zezena herriko plazan izango da.

Bi egitarau

Udaleko Festa Batzordeak eta Festa Herrikoien Aldeko Batzordeak lau batzar egin dituzte ekitaldiak bateratu eta egitarau bakar batean lotu nahian. Baina azkenean adostasunera ez dira heldu eta bi egitarau aterako dira. Arrazoia zera izan da: Festa Herrikoien Aldeko Batzordeak proposatutako Euskal Presoak Euskal Heriratzearen aldeko manifestazioa Udaleko Festa Batzordeak ez duela nahi izan egitarauan sartu. Udalak, Uztarriari esan dionez, hori ez beste guztia sartzeko prest zegoen egitarauan. Baina Festa Herrikoien Batzordekoek beraien egitarau osoa nahi zuten sartu. Baina ez da adostasunik egon.

Bi arenero behar dira

Udal Festa Batzordeak herritarrei dei egin die, San Inazio jaiak direla eta, zezen-plazan arenero lanetarako bi lagun behar direla. Lan horretarako aurkeztu nahi duen orok udaletxean izena eman dezake uztailaren 12tik 20a artean.