Aitor Zubillaga da munduko plater tiroko txapeldun berria

Uztarria.eus | Kirolak
2003ko uzt. 7a, 19:07

Aitor Zubillagak munduko plater tiroko txapela lortu du. Gaur eguerdian Udalak zoriontzeko hartu du udaletxeko areto nagusian. Zubillagari, ofizioz kamio gidaria den arren, txikitatik datorkio plater tiroan aritzeko afizioa. Alikanten (Espainian) jokatu da aurten munduko txapelketa eta han eskuratu du txapela azpeitiarrak. Ez da maila honetako txapelketa batean parte hartu duen lehen aldia, baina bai horrelako garaipena lortzen duena

Azpeitiko Udalak gaur zoriontzeko hartu du udaletxean  Argazki originala

  • Gustora?

    Bai, gustora egoteko modukoa da eta. Azkeneko zortzi hamar urtetan lehen hamarren barruan ibili izan naiz eta aurten, azkenean, lortu dut txapelketa eskuratzea. Espainiako txapelketak-eta eskuratu izan ditut, baina lehen aldia da munduko txapelduna izatea lortu dudana.

  • Nolakoak izaten dira plater tiroko txapelketak?

    Mundu mailan jokatzen da plater tiroa. Batzuk selekzioarekin joan ohi dira eta beste batzuk, berriz, norbanako moduan. Mundu osoko jendeak parte hartzen du. Ni azkeneko zazpi urtetan selekzioarekin joan izan naiz munduko txapelketara, baina norbanako bezala ere askotan joan izan naiz. Urtero txapelketa hori estatu batek antolatzen du eta aurten Espaniari egokitu zaio, Alikanten jokatu da. Baina Italiara, Portugalera, Ingalaterrara, Frantziara-eta mugitu behar izan dut txapelketetan parte hartzeko.

  • Zer esan nahi du zuretzako horrelako txapelketa bat irabazi izanak?

    Satisfazio handia da familia osoarentzat. Orain 40 urte dauzkat eta txapelketa eskuratzeak oraindik zerbaitetarako balio dudala adierazten dit. Urteekin hobetzen ari naiz, ardoa bezala.

  • Noiz eta nolatan hasi zinen?

    Hamabi urte nituela hasi nintzen. Osaba armeroa da eta aitak ileapaindegiaz gain, armeria zeukan kartutxoak-eta saltzeko. Beraz, eskopeta artean jaio naizela esan liteke. Familiatik datorkigu armen tradizioa, azkeneko hiru gizalditan hala izan baita. Abizenari dagokionez, berriz, duela hiru mendetatik datorkigu. Ni gaztea nintzenean Azkoitian bazegoen plater tirorako toki bat eta hara joaten nintzen. Gero, Jesus Azkune Istingerekin hasi nintzen entrenatzen eta berarekin joan nintzen lehen aldiz Bartzelonara. Bertan, Junior mailako Espainiako Kopa irabazi nuen eta handik aurrera selekzionatu egiten ninduten. Soldaduska amaitu nuenetik gehiago ibili naiz Elize-ra. Elizea plastikozko usoaren imitazioa da. Izan ere usoa Espainian eta Andorran bakarrik tiroka liteke.

  • Non entrenatzen zara?

    Normalean Leioara edo Irunera joaten naiz. Bertan platera eta elizea tirokatzen dira. Horiek dira hemen inguruko toki onenak entrenatzeko. Euskal herrian ez dago beste toki egokirik. Tarteka Madrilera (Espainia) ere joan izan naiz entrenatzera.

  • Lehia handia al dago horrelako txapelketetan?

    Bai, batez ere italiarrekin, han izugarrizko afizioa baitago. Italian jokatutako txapelketan 500 bat tirolari biltzen gara. Aurten munduko txapelketara hegazkin oso bat beteta etorri da.

  • Kirol garestia al da?

    Baietz esan liteke. Lehiaketa horietan parte hartzeko eskopetak milio bat pezeta inguru balio du. Gehienez ere 8-10 urte irauten du eskopetak, eta gero berria erosi behar da. Sariei dagokienez ere lehen postuetakoak izaten dira sari onak eta sari horiek eskuratzea oso zaila da. Laguntzarik gabeko kirola da. Saiatu izan naiz kirol honetan ibiltzen garenontzat laguntzak lortzen baina oraindik ez dut lortu. Bilboko kartutxo-etxe baten laguntza bakarrik lortu dut. Federazioak ere ez digu asko laguntzen, bidaia ordaintzen digu eta beste batzutan hotela ere bai. Baina beste guztia geuk ordaindu behar izaten dugu.

*Argazkian: Aitor Zubillaga txapelduna koparekin, udaleko arduradunekin eta senitartekoekin.

Bidali:  

Erantzunak

honi ere zorionak | 2003-07-09 : 17:07

Zorionak, Aitor.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu