Euskarazko unibertsitatea, beharrezkoa eta gaur egun bideragarria da

Baite Euskara Elkartea 2003ko eka. 20a, 19:06

Xabier Isasi UEU (Udako Euskal Unibertsitatea)ko zuzendariak, ekainaren 18an (asteazkena) Aitonena I aretoan hitzaldi oso interesgarria eskaini zuen Baite Euskara Elkarteak antolaturik. "Behar al da Euskal Herrian euskarazko unibertsitaterik?" izan zen hitzaldiaren gaia.

Xabier Isasi UEU (Udako Euskal Unibertsitatea)ko zuzendariak, ekainaren 18an (asteazkena) Aitonena I aretoan hitzaldi oso interesgarria eskaini zuen Baite Euskara Elkarteak antolaturik. "Behar al da Euskal Herrian euskarazko unibertsitaterik?" izan zen hitzaldiaren gaia.

Hona hitzaldiaren laburpen bat:

"UEUtik jende asko igaro da, pertsona esanguratsuak asko (Pedro Miguel Etxenike, Anjeles Iztueta,…). UEUren 25. urteurrena ospatu zenean Iruñean, 20.000 lagun baino gehiago igaro zirela kalkulatu zuten. Datu esanguratsua da hori.

Gogoeta bat egiten dut: Euskaldunok Euskal Herriko nazio gara. 700.000 inguru gara eta Euskal Herriko biztanleak 3 milioietara ez dira iristen. Orain gutxi Udalbiltzak datu base bat atera zuen eta bertan datu interesgarriak ageri dira. Esate baterako, azken 100 urtean euskarak atzerakada izugarria izan du. 1886 urtean euskaldunak gehiengoa ziren, orain %22 gara euskaldunak, nahiz Eusko Jaurlaritzak euskaldunak heren batera iristen garela esan.Euskararen berreskurapen bat egon da azken urtetan, baina berreskurapena gelditua dago. Orain egun batzuk 24 urtetako gazte batekin hitzegiten ari nintzela, halako batean zera esan zidan:"euskara berreskuratzen ari da". 100 urtetan eduki duen aldaketa ikusi besterik ez dago. Bestetik, euskara batuak aldaketa kualitatiboa ekarri du, baina ez aldaketa kuantitatiboa. Gainera, euskara lekuz aldatu da: herri txikietatik handiagoetara. Jatorrizko lekuetan, erdara sartu da.

Euskal unibertsitateari dagokionez, Eusko Ikaskuntza erreferentzi da, 1918an euskal unibertsitatearen alde aldarrikapena egin zuen. Geroago, zenbait pertsona ezagunek euskal unibertsitatearen buruzko gogoetak egin zituzten; esate baterako Carlos Santamariak euskal unibertsitatea beharrezko ikusten bazuen, Koldo Mitxelenak ez zuen ondo ikusten euskal unibertsitatea "ghetto" bat bihurtuko zela ikusten zuelako. Garrantzitsua da hainbat irakaslek egindako lana arlo honetan. Horrela, pertsona esanguratsu asko eskola orduetatik kanpo eskola euskaraz ematen hasi zen: Jose Ramon Etxebarria, Xabier Kintana,…klaseak euskaraz eman litezkela erakutsi zuten.

Gurean gaur egun 7 unibertsitate daude:

-Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU-UPV) unibertsitate publikoak dira.

-Mondragon Unibertsitatea (MU) unibertsitate pribatua da.

-Azkenik, Deustuko Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitatea aurkitzen dira (unibertsitate erlijiosoak).

Egoera honetan, euskal unibertsitatea osagarria da, ez dator inor ordezkatzera. Hizkuntza komunitate batek bizitzeko unibertsitatearen tresna behar du, euskal unibertsitatea hizkuntz komunitateari oso lotua izan behar du. Beharrezkoa da eta gaur egun bideragarria da, heldutasuna iritsi da. Baina noizko izango dugu euskal unibertsitatea? Ardatz bat Europako unibertsitate esparrua litzateke. Bolonian 27 herrialdetako ministroak bildu ziren eta Europako diseinu berria egin zuten. 3 urtetan (gehienez 4 urtetan) guztientzat oinarri izango den kurrikuluma adostu zuten; urte bat edo bi urtetan espezializazioa eginez. Europan ahalik eta eredu estandarrena interesatzen da. Euskaldunok oso zaila daukagu beraz. Baina UEUren apustua lasterketa horretan sartzea izan da. Horrela, errazagoa da eredu honetan goitik behera egitea, gorenetik hastea, hau da, doktoretzagatik hasi eta beste titulazioetara joatea; espezializazioak laburragoak izango dira eta beraz ekonomikoagoak. UEUk Hizkuntza eta teknologia graduondoa eskaini zuen (gehienez 25 lagunentzat). 20 lagun matrikulatu ziren eta hauetatik 6rek lortu zuten lana bere adarrean. Hau UEUrentzat arrakasta izugarria da.

UEUk bestetik, bilgune izan nahi du eta hor koka dezakegu www.inguma.org , euskal komunitatearen datu base bat litzateke. Bertan, 1935 liburu aipamen jasotzen dira, 5700 hitzaldi, 2.000 ikasgai baino gehiago,…

Irakasleak badaude, kalitatea ere bai,… zergatik ez dago euskal unibertsitatea? Hiru arrazoi aurki ditzazkegu:

-Arrazoi ekonomikoa

-Borondate politikoa: ez dago inongo alderdi politikoen programetan

-Heldutasun soziolinguistikoa: hau gainditua dagoela esan behar da, hau da, heldutasuna eman da.

Beraz, arrazoi ekonomikoengatik eta borondate politiko ezagatik esan liteke ez dagoela euskal unibertsitatea.

Edozein herri proiektu kudeatzeko, unibertsitatea oso garrantzitsua da. Euskal unibertsitateak, gure hizkuntza komunitatea bizi eta biziberritzen duena izan behar du. Funtziona dezakeen erakundea sortu behar da. Euskaldunak, eurek eta komunitatearekiko kudeatuko duten unibertsitatea izango da euskal unibertsitatea. Noizko behar dugu euskal unibertsitatea? 2.010 urterako behar dugu. Formazioa da giltzarri; gaur egun 12 doktoretza euskaraz egiten dira urtero. Hori ikusirik, UEUk doktoretza egin duten hoiek lortu beharko lituzke edo saiatu behintzat.

Europan gaur egun 2 unibertsitate eredu mota daude:

-Eredu napoleonikoa: Europa hegoaldean ematen dena, unibertsitate handiak,…

-Europa iparraldean ematen dena: unibertsitate txikiak, helburuen araberakoak.

Euskal Herrian ere kontzentrazio ereduak (Ibaetako kanpusa, Leioa,…) egin beharrean zergatik ez da egiten apustua sakabanaketaren alde? Unibertsitate bat auzo batean, beste unibertsitate bat beste auzo batean,…"