Berrehun eta hirurogei haur eta gaztek hartuko dute parte 2003ko udako ekintzetan

Azpeitiko Udala 2003ko eka. 20a, 19:06

Udaleko Gazteria, Gizarte Zerbitzuak, Ingurumena eta Kiroletako sailek prest dituzte iada aisialdirako udako programa desberdinetan gauzatuko diren ekintzak. Urte honetan berrehun eta hirurogei haur eta gazte apuntatu dira Udatxiki, Udajolas, Udabentura eta Udan Alai programetako bi txandetan.

Urtero bezala, programa bakoitzak bere ekintza desberdinen agenda izango du. Udatxiki-n 3 eta 5 urte bitarteko haurrak bilduko dira, Udajolas-en 6 eta 9 urte bitartekoak, Udan Alai-n 10 eta 12 urte bitartekoak eta azkenik Udabentura-n 13 eta 17 urte bitartekoak. Txikienen programak izan dira aurten ere izenemate gehien izan dutenak, 110 eta 80 haur bilduko direlarik. Udan Alai eta Udabenturan guztira 70 gazte apuntatu dira.

Talde bakoitzak bere begiraleak izango ditu. Udatxiki programan 7 begirale arituko dira, Udajolas-en bost izango dira begiraleak hiru hezitzailez gain. Udan Alai eta Udabentura, mendiko ekintzetan aditua den begiraleak zuzenduko du.

Aipatutako programak martxan jarri aurretik, izena eman duten haur eta gazteen gurasoei zuzenduriko bilerak antolatzen dira; bilera hauetan programaketa bakoitzari buruzko informazioa eman eta xehetasunak azaltzen dira, suerta daitezketen zalantzak argitzeaz gain.

Bilera hauek hurrengo astean egingo dira. Honela, Udabentura-n parte hartuko duten gazteen gurasoek ekainak 24, asteartea 19:00-tan izango dute zita. Udan Alai programari buruzko bilera ekainak 25, asteazkenean egingo da ordu berean, Uda Txiki-ko bilera ekainak 26an izango da eta azkenik Udajolas-ekoa ekainak 27an. Bilera hauek guztiak Zapo Txoko Gaztelekuan egingo dira.

Ekintzak

Lau programek definituta dituzte dagoeneko zein izango diren uztailaren lehen egunetik aurrera eramango diren ekintzak. Programa guztietan lehengo txanda uztailaren 1-etik 11-ra izango da eta bigarrena berriz uztailaren 14-tik 24-ra.

Helduenek Aralarrera 5 egunetako irteera egiteko aukera izango dute bi txandetan. Bertan mendi ibilaldiak, irteera kulturalak, eskalada ikastaroa, piraguak zaldia etab... egin ahal izango dute.

Udajolas eta Udatxiki programetan parte hartzen duten haurrek ekintza gehienak ingurune irekian egingo dituzte. Baina hala ere, beste urteetan bezala hondartzara ibilaldi bat egingo dute (Getaria eta Debara txikienak) eta (Ondarreta eta Debara handienak).

Kontutan izanda Udalak antolatzen dituen udaleku irekien helburua, udan haurrek beren adineko lagunekin ingurune irekian egiten diren ekintzetan gozatzea dela, eta eguraldiak eragin handia duela, Udaleko arduradunek zein programa bakoitza zuzentzen duten begiraleek prest dute ordezko egitaraua