Gimnasiako eta aerobikeko ikastaroak egongo dira uztailean eta irailean

uztarria 2003ko eka. 12a, 18:06

Kirol patronatuaren ikasturtea amaitzear dago. Hala ere, uztailean eta irailean aerobikeko eta gimnasiako kurtso bereziak antolatu dira. Izena emateko epea ekainaren 16an bukatzen da.

Kirol Patronatuak ikasturtean zehar antolatzen dituen kurtsoak amaitzear dira, baina, kurtso bereziak antolatu ditu udarako. Uztailean eta irailean izango dira kurtso berezi horiek, aerobikekoak eta gimnasiakoak. Ikastaro horietan parte hartu nahi duenak ekainaren 16a baino lehen eman behar du izena, igerilekuan edo kiroldegian.

Aipatu ikastaroak urtean zehar egin direnekiko independienteak dira, Kirol Patronatuak jakinarazi duenez, ez dira jarraiak izango. Ordutegi zabala dute ikastaroek:

Aerobikeko ikastaroa igerilekuan eta kiroldegian izango da. Igerilekuan goizez egin ahalko da aerobik: astearte, asteazken eta ostiraletan 9:30ean eta 10:30ean; astelehen, asteazken eta ostiraletan berriz, 13:30ean eta 14:30ean. Kiroldegian berriz, egunero egongo da aerobik egiteko aukera, edo nahiago izanez gero asteartetan eta ostegunetan. Arratsaldez egongo dira aerobik ikastaroak 19:00etan eta 20:00etan.

Gimnasia astearte, asteazken eta ostiraletan izango da, 9:30ean eta 10:30ean. Arratsaldean ere egongo da aukerarik, astelehen, asteazken eta ostiraletan, 19:30ean eta 20:30ean.