Larunbatean ospatu zen Egunkaria eguna

Uztarria.eus 2003ko eka. 9a, 21:06
Egun horretarako, Alde zaharra urdindu zuten batzordekoek

Egunkariaren Aldeko Azpeitiko Batzordekoek egun polita antolatu zuten pasa den larunbatean. Azpeitiar ugari bildu zen Egunkariaren aldeko eguna ospatzera

Goizeko hamarretan hasi zen Egunkariaren aldeko eguna umeek ikastetxeetan egindako marrazkien erakusketarekin. Erakusketarekin batera, panel erraldoi batzuk zeuden bertara gerturatzen zirenek nahi zutena marrazteko edo idazteko, eta jende dezentek apropetxatu zuen aukera hori Egunkariaren aldeko mezuak idatzi eta marrazteko. Bizikleta martxa ere egin zuten herriko kaleetan barrena. Bertan, nahiz eta jende gehiegik ez zuen parte hartu, giro alai eta politean ibili ziren herriko kaleetan barrena ume, guraso zein gazteak, beti ere Egunkariaren alde. Argazkiak ateratzeko aukera ere bazegoen, bi euroren trukean. Horretarako batzordekoek Egunkariaren lehen orrialde erraldoia ipini zuten udaletxe azpian, baietz bete lelopean, nahi zuenak Egunkariaren aldeko argazkia atera eta lehen orrialde erraldoian itsasteko.

Zozketak ere egin zituzten: batean urdaiazpikoa eta bestean txuletak. Urdaiazpikoaren zozketako saridunak jaso du dagoeneko bere saria, baina txuleten sariduna oraindik ez da azaldu. Hau da txuleten zenbaki saritua: tira urdineko 3688. Ordezkoa, berriz, 0882. Saridunak astebetako epea du saria jasotzeko. Horretarako, Herri Batzordeko kideekin kontaktuan jarri beharko du edo bestela Uztarriako telefono zenbakira deitu: 943 15 03 58.

Herri bazkarian ere jende asko bildu zen, 160 lagun inguru. Antolatzaileek ziotenez "gustora gaude bildu den jendearekin, baina oraindik ezin dugu egun guztiko balorazioa egin". Paellaren bueltan bildu zen jendea.

Umeek ere izan zuten ondo pasatzeko aukera bazkaritik atera ostean. Herriko enparantzan puzgarriak ipini zituzten batzordekoek eta bertan ibili ziren salto eta brinkoka herriko gaztetxoenak. Pixkat helduagoak zirenak berriz, triki-potean gozatzeko aukera izan zuten. Alde zaharreko tabernetan eta kaleetan ibili ziren trikitalarien musikaz lagunduta.

Bildutako diruarekin Berria egunkariko akzioak erosiko dituztela esan zuten antolatzaileek. "Horrela, Azpeitian bildu behar ditugun 59.000 euroak gertuago izango ditugu, baina hala ere azpeitiar guztien kolaborazioa behar dugu zifra hori lortzeko". Berria egunkariko akzioak erosi nahi dituenak herri batzordeko kideekin harremanetan jarri behar du, edo bestela akzioak saltzen dauden lekuetara gerturatu: Urbistondo Margoak Sanjuandegi auzoan, Sarea Informatika Paulo VI.ean, Luba aholkularitza Enparan kalean edo bestela Uztarriaren egoitzan, Julian Elorza 4ean.