Udal sustapeneko etxeak

Azpeitiar gazte bat 2003ko eka. 9a, 16:06

Udal sustapeneko zenbat etxe eta nolakoak azkenean?

Jada hiru hilabete inguru pasa dira, udalak triptiko baten bidez, udal sustapeneko 75 etxe egiteko proiektuaz berri eman zigunetik.

Lehengo astean, aukera honetan interesa jarri genuen 525 azpeitiarroi gutun bat bidali ziguten, 70 (lehenengo 75 ziren arren) etxe hauen zozketa ekainaren 19an egingo zela adieraziz.

Asteburuan zenbait jenderekin hitz egin ondoren, nabaria da, guztiok zain gaudela egun horretan zer gertatuko den ikusteko. Baina, gaur ezusteko galanta hartu dut etxebizitzen planoak eta prezioak ikustera joan naizenean. Enparan kalekoak 29 miloi eta erdikoak dira eta bi gelakoak 26 miloi. Baina ez hori bakarrik. Ez dira 70 etxe, 57 baizik. Eta gainera, tokirik ederrenean —nere iritziz behintzat Enparan kalean— 16 bakarrik egin behar dituzte, hasierako 34ren ordez.

Zerri dagokio aldaketa hau? nik ulertzen dut martxoko triptikoan 75 esan eta lehengo asteko gutunean 70 zirela esatea, pentsatzen dut zerbait lotu gabe geldituko zela. Baina, orain, 57? zein da hurrenengo pausoa, zozketa eguna iritsi eta 20 direla esatea!

Mesedez, hau jendeari farre egitea dela iruditzen zait.