Habeak "oso positiboki" baloratu ditu hauteskundeak

uztarria 2003ko eka. 4a, 19:06
Gaur Herri Batzarra egingo dute 20:30ean Sindikatu Zaharrean

Habea pozik da hauteskundeetan lortutako emaitzekin. "Inoiz eman diren baldintza okerrenetan, egin den lanak eta mobilizatu den herritar kopuruak aurrera begirako ikuspegi ezin hobeagotan ezartzen baikaituzte". Ekainaren 14an "lortutako" eserlekuak "eskuratzera" joango direla iragarri dute.

Habea Azpeitiko plataformak udal hauteskundeen balorazio positiboa egin zuen iragan larunbatean, eta zorionak eman nahi izan dizkie herritarrei "bizi dugun egoera latzean eta mehatxuen aurrean aldaketaren hautua egiteko erakutsi duten ausardiarengatik". Emaitzak "oso positiboki" baloratzen dituzte, "inoiz eman diren baldintza okerrenetan –ilegalizazioak, bozken lapurketak, atxiloketak, mehatxuak,...– egin den lanak eta mobilizatu den herritar kopuruak aurrera begirako ikuspegi ezin hobeagoan" ezartzen baitituzte, beraien esanetan.

Mila herritarren sinadurekin lortutako "zilegitasuna" izan zuten "datozen lau urtetan proiektu ezkertiar eta abertzale bat garatzeko", baina, beraien esanetan "Habeak ezin izan du beste alderdien baldintza berdinetan azaldu eta zabaldu proiektua". Gainera, haserre agertu dira "herritarrek zailtasun guztien gainetik emandako hitza baliogabetu" dutelako.

Hauteskunde egunaren inguruan ere izan zuten hitzik, beraien esanetan "Habeako bozkak uztera joan ziren kideei atea itxi zitzaien EAJko jendearen aldetik, tartean oraindik alkategai zen Julian Eizmendi". Bozkak uztea lortu zuten mahaietan berriz, "EAJ eta PSOEko begiraleak arduratu ziren Habearen eta AuBko bozkak zakarrontzira botatzen", Habeak adierazi zuenez.

Bozka kopuru handiena lortu zuen alderdia zoriontzeari "gizalegezkoa" iritzi diote, baina, "helburu partidistengatik espainiar inposaketa aplikatzera dedikatzen diren alderdiek ez dute gure zorionik jasoko", diote, "herritarrek beren hitza ematea eragozten dutenak ez dute zorionik merezi".

Eserlekuak eskuratu nahian

Galdera bat ere luzatu die Habeakoek EAJkoei: "eta orain zer?" Habeak lau zinegotzi "lortu" zituen beraien esanetan, eta EAJk bi eta PSOE eta PPk bana "lapurtu" badizkiote ere ekainaren 14an dagokien ordezkaritza "eskuratzera" joango direla iragarri dute. EAJ-EA koalizioak zer egingo ote duen jakin nahi dute, eta "epe motzean erantzun beharreko" galdera egin: "EAJ-EA koalizioa prest dago herriaren hitza errespetatzeko edo espainiar estatuaren inposaketak suposatzen dizkion onurak onartzera prestatzen al da?" Ildo beretik, galderak ez dituztela beraiek erantzun behar diote: "Lapurreta baten aurrean lapurrek erantzun behar izaten dute eta hemen lapurrak ez dagokiona beretzat hartzen dutenak dira".

Konpromezua

Beste herri eredu baten alde lanean jarraitzeko "konpromezua" berretsi dute, "Habearen sorreratik sakontzen aritu garen proiektu eta ildoak aurrera atereaz, proiektu berriak sortuz, harturiko konpromezuak betez, herriko sektore eta taldeekin elkarlanean eta herri partaidetza sustatuz". Horrela bada, Herri Batzarra egingo dute gaur asteazkena, 20:30ean, Sindikatu Zaharrean, "hauteskundeen balorazio sakonago bat egiteko eta aurrera begirako ildoak zehazteko".