Peñagarikanok pilotako lehen mailara igotzeko txartela jokoan du

Uztarria.eus | Kirolak
2003ko mai. 23a, 16:05

Kepa Peñagarikano pilotari azpeitiarrak Aritz Berraondo antzuolarraren aurka bigarren mailako txapela jokatuko du igandean Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, 17:00etan. Bigarren mailako txapelarekin batera datorren urtean lehen mailan aritzeko aukera dute jokoan biek. Azpeititik pilota partida ikustera joateko autobusa ere antolatu du Ilunpek.

Bi pelotariak, "Kepa Peñagarikano":http://www.uztarria.com/herri_aldizkaria/2003/37/05Kepa/index_html (22 urte) eta Aritz Berraondo (26 urte) atzo goizean izan ziren Zarautzen finalerako pilotak aukeratzen. Peñagarikanok 104,1 eta 103,3 gramoko bi pilota aukeratu zituen eta Berraondok, berriz, 103,9ko beste bi. Peñagarikanok berak aukeratutako pilotak "mugitzeko zailagoak" direla esan du. Igandekoa, lehen finala izango du Peñagarikanok eta esan du ez dakiela nola erantzungo duen eta bere ametsa lehen mailako finala joatzea dela ere esan du, baina amets hori betetzeko "pausoz-pauso" joan behar dela gaineratu du.

Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan hiruzpalau aldiz bakarrik jokatu du Peñagarikanok, "iaz, udan, jokatu nituen aritzbatalde hiru edo lau partida, baina jubeniletan eta afizionatuetan inoiz ez dut partidarik jokatu frontoi horretan". Zarauzko frontoira Azpeititik 300 lagun joango dela espero da, Azpeititik 300 sarrera eskatu baitituzte. Antzuolatik, berriz, ehun bat lagun joango dela espero da. Kantxako sarrerak 30 euro balio ditu eta errebotekoak 20 euro.

Apustuzaleen artean dirua nabarmen Peñagarikanoren alde dago, honek txapelketa bikaina egin baitu. Beloki II.ari 22-6 irabazi zion Azpeitian. Galarza V.aren aurka ez zuen jokatu, hau lesionatuta zegoelako. Eta Balmasedan Bengoetxea VI.ari 22-8 irabazi zion.

Autobusa doan Azpeititik

Azpeitiko Ilunpe Pilota Elkarteak autobusa doan antolatu du igandean Zarautzera finala ikustera joateko. Autobusean izena emateko gaur 18:30etatik 20:00etara bitartean Frontoi Txikira hurbildu eta Ilunpeko arduradunen bati izena eman beharko dio.

Telebistan partida zuzenean ikusteko aukera ere eskainiko du ETBko lehen kateak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu