Valdemoroko auziaren inguruan ez zen adostasunik lortu udaletxean

uztarria 2003ko mai. 21a, 21:05
Gotzon gose greban dago ekainaren 24az geroztik, lehen 6 egunetan egarri greba ere egin zuen

Valdemoroko presoen egoera larria dela eta mozioa aurkeztu zuen Azpeitiko Sozialista Abertzaleak (ASA) taldeak udalean. Mozioa ez zen onartu, EAJk eta EAk kontrako boza eman baitzuten.

Azpeitiko sozialista abertzaleak (ASA) taldeak mozioa aurkeztu zuen Valdemoroko euskal presoen egoera "larria" dela eta–Gotzon Aranburu azpeitiar presoa espetxe horretan dago–. maiatzaren 12an eztabaidatu zuten mozioa Udal Batzan, baina, ez zuen onarpenik lortu EAJ eta EAk kontrako boza eman zutenez. Hala ere, alkateak gartzelara "deiak" egiteko eta Jaurlaritzak onartutako Giza eskubideen agiria "bidaltzeko" konpromezua hartu zuen.

Gotzon Aranburu azpeitiar presoa gose greban dago ekainaren 24az geroztik, eta lehen sei egunetan egarri greba ere egin zuen. Bere egoera nahiko larria da: glukosa indizea 35ean du eta horren ondorioz edozen momentutan konorterik gabe gelditu daiteke, koma egoeran geratzeko arriskuarekin.

Valdemoroko presoak burrukaldian ari dira bertako egoera "jasangaitza" amaitzeko eskatuaz. Bertan Bittor Goñi presoa bi bider "jipoitu" dute bi hilabeteren buruan Etxerat-ek jakinarazi duenez, eta Jesus Maria Etxeberri behin, azken hori isolamenduan dago Etxerat-en esanetan. Bertako preso euskaldun guztiak borrokaldian egon dira gertaera horien haritik, gose eta egarri greba egin dute batzuek, eta horiez gain garbitasun greba ere bai jipoitutako bi presoek.

Piskanaka, osasun egoerak txarrera egin ahala, gose greba uzten joan dira presoak, eta orain Gotzon Aranburu, J.M. Etxeberria eta Iñaki Bilbao geratzen dira barauan.