Ilunpe Pilota Elkartearen erantzuna dela eta bi hitz

Ikasberri Pilota Elkartea 2003ko mai. 15a, 13:05

Duela 6 urte Ikasberri pilota elkartearen sorrera zela eta gure asmoen berri emateko Ilunpe pilota elkarteko ordezkariekin egin genuen bilera. Lehen momentutik beraienganako konpetentzia ikusten zuten gure plangintzan eta ezin onar zezaketen beste elkarterik egotea, beraien ustez bete beharreko hutsunerik ez baitzegoen.

Bi urte aurrerago elkarlana proposatu genion, kiroletako zinegotzia bertan zelarik, txapelketa herrikoiak antolatu eta federatu mailako pilotariekin entrenamendu bateratuak egiteko. Hasiera batean elkarlana onartu bazuen ere hurrengo denboraldi hasieran proposamena gaitzetsi eta ez zen bestelako proposamenik izan. Guk gure bideari segi genion, pilota eskaintzan hutsunea somatzen genuelako eta Ilunpe elkartearen iritziz(informazio faltagatik edo eta ikusi nahi ez duelako) ez dugu antza gauza handirik egin arlo honetan. Guk egiten ari garen lanean sinesten dugu:

  • Azpeitian afizionatu mailan dauden 14 fitxetatik zortzi gure elkartean daude.
  • Palan afizionatu mailako zazpi fitxa ditugu.
  • Otsailean herri arteko pilota txapelketaren azken fasea antolatu genuen, Azpeitia, Arrasate, Anoeta, Usurbil, Soraluze, Lazkao, Loiola eta Hernaniko bikote txapeldunekin.
  • Urtarriletik martxora Azpeitia Azkoitia eta Errezilgo haurren arteko eskolarteko txapelketa antolatu dugu 151 haurren partehartzearekin.
  • Maiatzean, astelehen eta asteazkenetan 19:00etatik aurrera Betharram-en gizonezkoen Igo pala txapelketan 28 bikote lehian dabiltza.
  • Astearte - ostegunetan 20:00etatik aurrera Frontoi txikin emakumezkoen II.pala txapelketa(8 bikote) eta gizonezkoen eskuz III. txapelketa (12 bikote) martxan dago.
  • Uztailean 24 orduko IV. esku-pilota txapelketa egingo dugu.
  • Urtero, Udalak antolatzen duen erremonte txapelketan laguntzen dugu.
  • Euskal Herriko federazioaren sorreraren alde lanean ari gara.

Guk ekintza hauek kondizio egokietan aurrera eraman ahal izateko asko borrokatu behar izaten dugu, ez baita egia kasu guztietan instalakuntzen erabilerako irizpideak Udalak jartzen dituela, gure aurrean ere ezezko borobilak eman baitizkiozue udal zinegotziari, honek esku loturik gure artean konpon gaitezela erantzun digularik behin eta berriz. Inork honi buruzko dudarik balu Alejori berari galde diezaiola.

Ilunpe elkarteak beste arlo bat betetzen (haurren txapelketak, e.a. ) txalotu beharreko lana egiten du, baina guk beste ildo batean egin nahi dugu lan. Hala ere, guk orain arte somatu ez badugu ere, Ilunpe elkarteak aipatzen duen elkarlanerako gonbite horri pozez heltzen diogu, bide batez hitz-ordua ere ipiniko dugularik, maiatzaren 27an (asteartea), iluntzeko 20:00etan Frontoi Txikin.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, agur bero bat

Ikasberri pilota elkartea