Fernando Madina: "Euskal Herrian beti oso harrera ona jaso izan dugu ikuslegoaren partetik"

Uztarria 2003ko mai. 13a, 18:05

Fernado Madina Reincidentes musika taldeko abeslaria da. Elkartasun egunean etorri zen Azpeitira, lehen aldia zuten hemen kontzertua eskaintzen zutela. Sevillakoa izan arren, aita Lazkaokoa du eta betidanik izan du harreman berezia Euskal Herriarekin. Kazetari lanetan ere jardundakoa da, 1992-93 urteen artean Egin egunkarirako Andaluziako korreponsal aritu baitzen.

-Lehen aldia al da Azpeitiara etortzen zaretela?

-Lehen aldia al da Azpeitiara etortzen zaretela?

Bai hala da. Zestoara duela 14 urte etorri ginen lehen aldiz eta Azkoitian ere izan gara beste hiru bat alditan. Gu, Sevillakoak gara baina hasi ginenetik —1987an hasi ginen— Euskal Herrian beti oso harrera ona jaso izan dugu eta hori eskertzekoa da. Garai hartako gaztetxeek asko lagundu ziguten gaur egun dugun mailara iristen.

-Azpeitian oso talde jakinak direnean bakarrik egoten da jendea herriko plazan musika entzuten. Zergaitik uste duzu gertatzen dela hori?

Euskal herrira talde asko etortzen dira, herriko festak-eta izaten direnean. Sekulako eskaintza kulturala dago. Beraz ikuslegoak hautatu egiten du zein kontzertu ikusten gelditu eta zein ez. Gerta liteke talde bat askotan ikusita izatea eta horregatik ez gelditzea edo joatea kontzertura. Baina dena dela, oso ikuslego abegitsua da.

-Elkartasun eguna dela eta etorri zarete Azpeitira. Ba al dakizue zergatik egiten den egun hau?

Ni manifestazioan ibili naiz. Gu betidanik egon gara herri guztien autodeterminazioaren alde, euskal presoak Euskal Herriratzearen alde eta presook, preso politikoak kontsideratzearen aldekoak gara. Guk estatu mailan jotzen dugu eta hori guztia jakinarazten saiatzen gara. Gure kontzertuetan Euskal Herriko egoera nolakoa den trasmititzen saiatzen gara galdera honen bitartez:'Nola litekeen 1,5 –2 milioi dituen nazio batetan 600dik gora preso politiko egotea?'. Zerbait gertatzen ari da eta hori nola edo hala konpondu egin behar da. Gu negoziazioaren aldekoak gara.