"Euskaldunok etnia eta hizkuntza askoren nahaste borrastea gara, baina nahaste borraste egituratua"

Baite Euskara Elkartea 2003ko api. 16a, 15:04
"Greenwich-ekoa ez da meridiano bakarra" Koldo Izagirreren hitzaldia

"Euskaldunok etnia eta hizkuntza askoren nahaste borrastea gara, baina nahaste borraste egituratua" azaldu zuen Koldo Izagirrek Baite Euskara Elkarteak antolatutako hitzaldian. Jarraian hitzaldi horretako pasarte batzuk bildu dira.

"Arratsaldeon. Duela zenbait urte gaur egun globalizazioa esaten zaion kontu honek, bere lehenbiziko mezulariak igorri zizkigun; kontzeptu urrupatzaile honen azpikontzeptu moduko batzuk hitz erraldoi honen -globalizazioaren-, lehen silabak, esango genuke. Horien artean zegoen hain errepikatua izan zen mestizaia, mestizajea. Dena zen mestizatu beharra baina bereziki mestizajearen kultura sortu behar zen. Hori zen modernitatea orduan, duela urte batzuk, erabat ahaztua, modan dauden gauzak bezala. Kulturaren mestisatzearen teoria inperatibo horren atzean ordea antolamendu ekonomiko handi bat dago. Modak ikutzen gaituen alor guztiak aldian behin behar izaten duten suspertu eta aldaketa premian kokatzen dut nik antolamendu ekonomiko hori. Hori bazetorren aspalditik esate baterako arropan. India, Pakistan eta Nepaltik ekarritako atorrak jazten ditugu guk gaur egun. Ez bakarrik hemen diseinatu eta han manufakturatutakoak, Reebok edo Adidas bezala; baita bertako jantzi tradizionalak diren asko eta asko ere, handik hona ekarrita. Marka eta negozio handien alternatiba erdi hippie bezala hasi zena irentsi egin dute orain marka handiek. Milango pasareletara eramanda. Lerro berriak zabaldu dira, antimultinazionalen multinazionala sortu da hainbat alorretan; natura selekzioan Naturhouse eta enparauak. Biolojikotik ezer ez duten bioproduktuez elikatzen gara; algodoia berreskuratu dugu, %100 cotton bereizten dugu, lurrin xirioak erretzen ditugu etxean eta Bartzelonako zulo batean egindako mozorro afrikar bat dugu denok gelaren batean zintzilik jarria. Hori bai, euskaraz politi egiten zigun malinke edo banbara bati erosia eta regateoa behar bezala egin ondoren.

Maitagarriak gara, maitagarrika gara aniztasuna maite dugulako. Gaur edonork eraman dezake tatuaia bat, ez da preziso marinela edo legionarioa izatea, nere txikitan behintzat tatuajea zeramana horixe zen, lejionarioa edo marinela. Gaur edozein mutilek darama arete bat belarrian, ez da preziso Cabo de Hornos iragan behar izatea; kostakoak garenontzat behintzat hori gauza harrigarria da, aretea beti izan da Cabo de Hornos pasatako marinelek irabazten zuten eskubidea. Bestelako itsasotan nabigatzen dugu, zer ardura du itsasontzi batean kulukatzea zer den ez badaki ere aretea daramanak. Che Guevara daramagu kamisetetan inprimaturik, Che Guevarak sortu nahi zuen gizaki berriak Che Guevara eraman behar luke kamisetan?. Aizkora pare bat, sugea ez daukan aizkora, ez mailurik ez higitairik ez daukan gurutzearen antzekoa nolabait. Kultura berrikoak gara, rock talde baten ikurraz ari nintzen. Kultura berrikoak gara, gure identitatearen gizarte globalizatuan sinboloen banalizazio batean hartu du oinarria eta horren adibiderik biribilena euskal arropagintzak eman du kamiseta eta alkandoretan egin ohi diren aldarri idatziak ergelkeria sasipoetikoak bihurtuz; alegia, "Loreak mendian". Mestisaje hori musikan obratu zen gogor eta ondorioz ezin hobeagoz. Ondorio komertzialak esan nahi dut. Dena bihurtu zaigu barka nere belaunaldiari dagokion erreferentzia bat erabiltzea, dena bihurtu zaigu Diafrako umeen aldeko kantaldi erraldoia. Begira dezagun gure saltegi handietan, egin dezagun bueltatxo bat disketan. Nazional jartzen duen atalean gure naziotik ezer ez duten produktuak aurkituko ditugun bezalaxe, saltegia bera nazionala izan arren, txartelak dioenaz haratago, barnago, jo beharko dugu etnikoa dioen atalak zer daukan zehazteko. Etnikoan Ozeania, Asia, Afrikako alderen batzuk aurkituko ditugu; multinazionalek bideratutako hirugarren munduko artista handiak: Salif Keita, Omar Karuf, Ali Karkaturef,Fairuz,… f-kin hasten direnak edo f-a dutenak aipatzearren. Eta hauen ondoan polifonia korsikarrak: Alas dei kraser, Mugi muirrini, Alan Estibel, Antilletako erritmoak,…"a grosso modo" esan genezake etnikoa izenaren pean biltzen direla hizkuntza gehiengotuetan egiten ez den oro, gehi mundu zelta, alde batetik, eta bestetik, hirugarren munduko artisten emaitzak. Eta sineskotasuna indartu alde, poliziak matxinatuaren mozorroa jazten duen bezala, sortuko dizu multinazionalak Resistencia izeneko azpizigilu bat Independencia omen, baina ongi sustatua irrati programa batetik adibidez; hain zuzen, Resistencia izeneko zigiluaren zuzendaria Virgin multinazionaleko enpleatua da eta bere senarrak promozionatzen du irrati publiko batean daukan irrati programa ezagun bat. Modan dago orain indar handiz musika etnikoa. Moda da, ereindako zaletasun bat baina nire ustean behintzat askoren premia sakon batetik etorri da hori. Identifikatu beharra daukagu, gizarte honek probeta kume bihurtu gaitu guztiok eta gure bizitzaren une batean edo bestean sustraiak dauzkagula probatu nahi dugu. Lurrari, gure oilo lurrari lotu nahi dugu.

Folklore irlandarra maitatzea modernitatearen ezugarrietan dago gaur egun. Orain ahapetik bada ere, beste galdera hau hasi gara egiten, baita geure buruari ere: nolatan izan liteke inor paristarra? Deskolonizazio prozesuaren etapa gogor batean gaude; esan nahi baidut neokolonialismoa bizi dugula erarik gordinenean. Edo nahiago baduzue, ez dago modan baina, Lenin ekarriko dugu gogora 'Inperialismoa da kapitalismoaren fase gorena': No a la guerra (Si a la guerra). Ezin ditut maila berean ipini FMLN eta Frantzia, Ho Chi Min eta De Gaulle, Jiat jenerala eta Lindon Johnson, Che Guevara eta Fulgencio Batista, Sandino eta Anastasio Somoza, Lumumba eta Mobutu. Azken finean, ezin ditugula berdin epaitu Geronimoren bortizkeria eta Custer jeneralaren bortizkeria. Beraz, No a la guerra baino uste dut Ez Inperialismoari esan beharko geniokeela, beraz Bai liberazio beharrei. Fase honetan ezinbestekoak zaizkigu EEGak (Erakunde Ez Gubernamentalak): Medicus Mundi edo mugarik gabeko edozertarako boluntarioak, Prestige izeneko urpekontziak ekarria duen hondamendian partehartzeko prest dauden borondate oneko inozo guztiek erakutsi diguten bezala. Hoiek ditugu XXI.mendeko misiolariak, Shell edo United Fruit Company edo Endesaren tropa humanitarioa. Mugarik gabe leloaren irakurle on berak bihurtzen gaituzten gizon emakume borondate onekoak gehienak bai, baina injustiziaren bidaide; mugagabetasunaren ondotik dator mugarik gabeko ustiaketa zanpaketa. Datu zaharrak erabiliko ditut eta horretan daukate gaurkotasuna hain zuzen, bere zaharrean zaharrak direlako dira interesgarri. Mende erdi eta gehiago dute, 1951koak dira eta AEBko mehatze bulegoko aditua zen Pearsonek eman zituen, Pearson izeneko adituak. Ordurarte egiten zen ustiaketa jarraituz gero, AEBen erreserbak hauek ziren (1951an): burdina 35 urte, kobaltoa 50 urte, sufrea 35 urte, zinka 20 urte, burdin gorria 15 urte, petroleoa 15 urte, bestelako mineralak 15 urte baino gutxiago. Gaur egun AEBek ez daukate beren mugapean ez kabaltorik, ez sufrerik, ez zinkarik, ez kobrerik, ez petroleorik. 25 urte barru burdinarik ere ez dute edukiko. AEBek behar dituzten erreserbak Afrikak dauzka, Asiak dauzka. Zerrenda horretan aipatzen ez den uranioaren konzentraziorik handiena non dago? Guk Kongo Belga bezala ezagutu genuen horretan. Eta petroleo konzentraziorik handiena non dago? Alegia, Greenwichekoa ez da meridiano bakarra.

Halako zimurrak baldin bazeuzkaten AEBk orain mende erdi, zer zirujia ez ote dute egin behar suspertzeko. Munduan ezezik baita espazioan ere, nik hor kokatzen dut Marterako bidaia. Eta halako matoikeriaren aurrean europarrok ez dugu antzerkia besterik egiten, gure ez adostasuna literarioa da, yankee-en gerlauntziaren atzetik goazen izurdeak gara eta handik erortzen zaizkigun hondarrak dauzkagu jaki. Geuk, mendebaldeko biztanle asegaitzok larrutuko dugu mundua, baina munduaren lekukotasuna hartuko dugu lehenik. Indio amerikarren jenozidioa mundu mailara ari gara orain zabaltzen: Tahinoak, sifiliaz akabatu genituen; afrikarrak, HIESaz ari gara akabatzen lehenik, eta gero HIESaren kontrako botika zaharrez ari gara hiltzen, alegia azkarrago hiltzeko balio duten hoiez. Eta jenozidioa egingo badugu ere, ez da etnozidiorik gertatuko: National Geographic daukagu munduko kultura guztiak jasotzen. Paristarrak izateaz benetan asperturik daudenean diska, bideo edo DVDetan ikusiko dugu nola izan berriro persiar, nola dantza egin eguzkia agurtzeko, nola erabili inurri erraldoiak edo gure gernua zaurien kauterizaziorako, nola bizi iraun ohianean kanping gasik gabe, nola konpondu basamortuan egarri mostruosoa daukagunean eta telebistan publizitaterik ez. Inoiz baino gehiago dakigu inon diren giza-talde, tribu eta etniei buruz. Haien ohitura, haien bizimodua, haien erritoak. Zein umek ez daki Masaiak abeltzain nomadak direla eta perlazko lepokoak erabiltzen dituztela? Umeak ez dakiena da, umeari esaten ez zaiona da perla hoiek inportaziokoak direla eta telebistan masai bat ikusteko aukera baldin badu, guri esker dela, berari esker, umeari esker alegia. Keniarren eta tanzaniarrengatik balitz masaiak aspaldian suntsituak zituzten, zergak ordaindu nahi ez dituztelako eta parke naturaletan ganadua erabiltzen dutelako. Espezie babestuak bihurtu ditugu guk, gure telebista kateei eta gure safariei esker. Bitxikeria zaizkigu, behar ditugu. Duela urte batzuk, Caja Laboralek bere Visaren publizitatea egin zuen. Behar bezalako publizitatea hura inpaktantea, inpaktua egiten zuena balak bezala Gazako umeen gorputzean. Masai batzuk ageri ziren beren jantzi koloretsuekin, beren lantza eta arku eta geziekin eta baita lepokoekin ere, "Visa euskalduna" zioen plastikozko tarjetatxo bat erakusten zigutela (beharbada batzuk gogoratuko zarete). Masaiak biziko dira, exotikoak diren neurrian. Noizbait dantzak filmatu zitzaizkien, gero lehoiaren ehiza, geroago errito iniziatikoak, laster tribalismo faltsu bat beharko dugu, gerlaren sua piztuko dugu beste triburen baten aurka. Esmerga kurduarrrak marineekin bat eginda irakiarren aurka.

XX. mende hasieran, parte afrikarra deskubritu zuten mendebaldeko artistek: Bracke, Matisse, Picasso... ahobatez laudatu zuten artista handi ez akademiko guztiek Parisek kolonietatik ekarritako aberastasun berria. Parte afrikarrak eragin haundia eduki du gure pinturaren bilakaeran eta primitibismoan hartu zuten indar dekadentziara zihoazten joera akademikoek. Gaur egun, aborijen australiarren pintura dago aparrean Londresen. Duela hilabete batzuk, hainbesteraino, ze imitatzaileak sortu dira Londresen bertan. Duela hilabete batzuk, bere liburua lantzen ari ginela, Malin hartutako argazki bat erakutsi zidan Alberto Iñurrategik. Argazki hartan ageri zena Mariscal artista katalanak Bartzelonako Olinpiadarako egindako maskotaren bikia zen, 100 bat urte gutxienez lehenago egina lokatzezko pareta batean. Behar ditugu, bai, primitiboak. Oteizaren Arantzazuko frisoa gure arte erlijiosoaren ikusgarri hori, ez al da Paskua uharteko eta orohar Kolon aurreko eskulturaren zordun? Behar ditugu primitiboak bai, primitiboak direlako behar ditugu; haiengandiko trasfusioak behar ditugu aldizka. Kulturak ez du aurrera egiten ez bada kontaktoen bitartez, kulturaren oinarrian dago interkulturalitatea. Besteengandiko trasfusioak behar ditugu, donostiarrek Azpeitia bezain urjente.

Eta besteek? Beharbada, besteek, guk haiengan behar duguna ez beste zerbait behar dute beste batzuengan; alegia, gugan. Guk oso barneratua daukagu bagarela gauza inorena geureganatzeko gu geu izateari ezertan kalte egin gabe, baina ez dezagula pentsa halako nortasun egitura berezia daukagun bakarrak garenik. Zergatik beltza ez da beltz, beltzari guk egozten dizkiogun ezaugarriak betetzen ez dituenean? Beltza, uler dadi, hirugarren mundua orohar, lehengaitegi bezala interesatzen zaigu; ez gure pareko premiak edo zer esanik ez gugandiko trasfusioak behar dituen multzo bezala. Guk, etengabe berritu behar dugu, haiek ez berritzean oinarritu behar dute, hartara kondenatu ditugu. Ez pentsa hirugarrenkeria merkea egiten ari naizenik, hala ematen baldin badu ere. Zer da Zuberoa? Benetan, esaidazue, zer da Zuberoa? Ba Bilboko AEKren txango bat. Nik, Euskal Herrian Zubereraz mintzo den kultur talde handiena Bilbokoa dela esango nuke, bilbotarrez osatua dago. Zer da Zuberoa beraz? Ba Bilboko AEKren txango bat: maskarada, pastorala, kantu bat borkhietan... Horixe da gure Zuberoa, eta beldur naiz zuberotarren Zuberoa horixe bera ez ote den. Zer da Urola? Benetan, esaidazue, zer da Urola? Inazio bezalako lotsagabeak ematen dituen bazterra, aizkolarien parajea, apostularien txokoa, euskaldun inkonszienteen erresuma... Pentsa nolako inkonszienteak diren, zezenzaleak direla. Horixe da Urola. Alferrik dauzkazue euskal idazlerik onenak, ez zaigu Urola kulto bat intaresatzen, guk basakeria behar dugu zuengandik; fusilatzen dutenean "Gora Euskadi" esango duena beste nonbaitekoa da, ez Nuarbekoa. Horrela behar zaituztegu guk. Gu, euskaldunok, aldiberean baikara lehen eta hirugarren mundua, eta hainbesteraino ze gu euskaldun modernook lehen munduan eta etengabeko berritzean euskaldunago egiten garenok hirugarren mundutzat hartzen gaituzten.

1967an behintzat gorria zen irakasle bilbotar, gaur egun gorri ohi, ezagun baten txostena irakurri behar izan nuen duela urte batzuk, komunikabideei buruzko txostena. Ez baidakit argitaratu zen edo ez, emaidazue sinesgarritasun apur bat egilearen izena gordean utziko badut ere. Txosten hartan, beste gauza interesgarrien artean euskara eta orohar euskalgintza sektora bezala hartzen zen, ez unibertso moduan. Horrek, iraindu egiten gaitu eta sutu egiten gara baina interpretazio murriztaile horren ostean badago larriagoko zerbait, horren ondorioz euskarari dagozkion datuak populazio osora estrapolatzen direlako. Euskaldunok gutxiengotuak gara, alegia euskaldunok ez gara berez, baizik beste multzo batekikoak. Esate baterako, "euskarazko irratsaioen entzuleak biztanlegoaren hainbeste dira" esaten zaigu. Euskarazko prentsaren erosleak populazioaren %ko hainbeste dira. Soziologia hori, faltsua da gutxienez, gaiztoa ez bada. Nola estrapolatuko dugu euskararen entzutea euskara ulertzen ez dutenetara? Nola izango da erreferentziazko datua Egunkaria populazioaren hainbesteko batek erosten zuela, populazioaren zer hainbestekok ez duen egunkariaren hizkuntza ulertzen esaten ez bazaigu? Gu berez gara edo bestez? Nola izango da datu baliagarria euskaldunetan zenbatek ez dakien irakurtzen esaten ez bazaigu? Berotu egiten gara, egia da, eta ez zaigu komeni ze edonork bota diezaguke aurpegira egia biribil hau: "Adiskidea, euskararen garapena populazio osoak pairatzen du zergen bitartez". Arrazoi du, baina ez gaitezen larritu, erantzuna oso sinplea da: "bai, populazio osoak pairatzen du hizkuntzen garapena; euskaldunok adibidez etengabe ari gara gaztelaniaren eta frantsesaren garapena sustatzen; hala zerga zuzen eta zeharrekoen bitartez, nola Durangoko azoka edo Ziburuko atun festa antolatzen dugun aldiro. Gure erdaldunek ez dute uste, baina euskaldunok ederki finantziatzen dugu gaztelaniaren eta frantsesaren garapena". Oso barneratua daukagu hemen elebidun bakarrak euskaldunok garelako lelo hori, baina garaia da, nik uste, horren ondorio ekonomikoa formulatzeko: euskaldunok doblea ordaintzen dugu. Hau guztia biziki interesgarria baldin bada zer garen jakiteko, alegia, gehiengotuek zinez nola kontsideratzen gaituzten jakiteko, hona hemen txosten hartan bertan aipatu dizuedan irakasleak, bilbotarra bera, gure kulturaren etorkizunaz egiten zuen profezia gogoangarria, buruz ikasi nuen: "La futura cultura vasca será el resultado de la fusión de la raíz étnica del Goiherri con la cultura urbana de Bilbao." Sinisteak lan du baina egia da. Irakasleak uste du euskarak aporte bat, ekarri bat egin behar duela beste zerbaitera. Mestizatu egin behar dugu ezer onik emango badu. Gure hizkuntza ez da berez bidegile, euskara, euskal kultura beste zer edo zerren osagarri izan liteke. Onartu beharko du gure irakasleak ordea itsua ez baldin bada behintzat Bilbori unibertsaltasun berria eman dioten bi elementuak ez direla fusiorako joan Bilbora, konkistarako baizik: Guggenheim eta Kafe Antzokia. Horiek biek eman diote hiritartasun berria Bilbori. Halakoa da zoritxarrez, gure erdaldunen ustea. Ez dute konprenitu nahi mundua, mundializazio batean dabilela eta euskaldunok ez gaudela Bilbori begira, ezta Urola Urolatik ere. Tamalez, alegia, haien kalterako, Bilbo euskal literaturaren maparen barruan kokatu zuen aspaldi xamar Gabriel Arestik. Bilbo ez da ageri erdal literaturaren mapan, ez zaie interesatzen erdaldunei eta geroztik dozenaka idazle bilbotar eta ez bilbotar ari dira hiri gero eta ederrago hori gure literaturaren geografia naturala bilakatzen. Nork eman dio Euskal Herriari (nazkaturik gaude, ni behintzat San Ferminez) festaren sinbolo zibila? Bilbok. Nola du izena? MariJaia. Nork sortu zuen? Txomin Barullok eta peñek. Zer fusiotatik dator? Ez dator inongo fusiotatik, bilbotarren amorruak eta bizipozak sortu zuen. Zein da euskal musika talderik zaharrena ezezik onena? Oskorri. Goiherrikoa ote da? Ez da, ezta Urolakoa ere, hain gutxi giputxa. Zer fusiotatik sortu da Oskorri? Askotatik, baina ez dio askorik zor irakasleak uste dionari. Barkagarria da Gipuzkoako Goiherri ez ezagutzea, Beasain, Ordiziak zer ote dute ez urbanotik? Barkagarria ez dena da beraiek bizi diren hiria bera ez ezagutzea. Greenwichekoa ez da meridiano bakarra.

Arkeologoak, antropoloak, etnologoak hor saiatzen dira gure memoria bertikalean atxurka perforazio gero eta sakonagoak egiten gure sustraien edo gure lehen hezurren bila. Atapuercakoa deskubritu zenean, gure aitzurlari gazteek berehala deklaratu zuten prentsan: "orain guri dagokigu aztarna zaharrago bat bilatzea gure lurraldean, noski gu geralako munduko zaharrenak". Eta hor hasi ziren jotake humanitatearen aiton-amonak Euskal Herrian daudela frogatu nahirik. Eta, zer aurkitu dute? Guda Zibileko hildakoak. Temati, azalera etorri nahirik, Jose Luis Otamendiren ipuin gogoangarri hartan isuritako odola ardo berrian zetorren bezala. Hurbila nagusitzen zaio urrunari, historia nagusitzen zaio arkeologiari. Euskaldunok ez daukagu hasiera sakraturik, behin baino gehiagotan gure ilunpea sakralizatu egin nahi izan badugu ere. Ilunpetik gatoz eta gure jatorria ez da inoiz argituko, etnia eta hizkuntza askoren nahaste borrastea gara, baina nahaste borraste egituratua; ondorio gara eta ez kausa. Gure etorkizuna harreman sare ugari batean dago, ez estatu edo status (galdetu Ibarretxeri diferentzia) hiperidentitario batean. Gure kultura ez da atarikoa erdaldunek uste duten bezala, gure kultura kreolea da, kriolizazaio atertu gabeko bati esker gara orain garena. Gure sustraiak ez dira bertikalean luzatzen, horiziontalean zabaltzen dira. Historian bizi izan gara, gure orijinaltasuna ez da absolutoa. Gure herri ipuin guztiak daude Europan zabaldutako mitoetan oinarrituak. Basajauna unibertsala da, Olentzero da gure Santa Claus, gure Ziklopea berriz Tartalo. Eusko Gudariak seaskako kanta da Austrian. Ez dezagun kaso egin antropologoei, are gutxiago haien paralelotasunean jardun. Gu, ez gara etnia bat, gu nazionalitate bat gara. Gure hizkuntzaren iraupena bera ez zen posible izango euskarri historiko eta sozial bat gabe. Eta historiaren zordunak garen neurrian iraungo dugu, gure memoria horizontala zabalduz eta garatuz. Gure identitatea, euskaldunon egungo izatea, harremanetan sortua da, hizkuntzak berak frogatzen du. Hitzen iha %70a kanpokoa dugu. Euskara, ez ote da borroka, istripu, galera eta mailegu askoren ondorioa? 20 zenbakian oinarritutako kontaketa sistema daukagu, hori zelta omen da. Euskara ez da sustrai bakarrekoa. Alferrikakoa da linguisten ahalegina, ez dute euskararen enborra inoiz aurkituko. Gure kultura konposatua da, eta nire ustez horrela jarraitu behar du izaten; horrela izango gara euskaldunago. Literaturan bilatu izan dugu gure legezkotasun historikoa, nolako ahaleginak jo zituzten gerra aurreko ideologo eta euskaltzale askok gure obra fundazionalaren bila; guk herri zapaldu eta herri kontzientziadun bezala eduki behar genuen gure epopeia, gure kantu nazionala besteek zeukatenaren antzekoa. Eta ez geneukan, eta ezin aurkiturik etsaiak ezabatua edo izango zela pentsatu zen, Nabajoen kultura bezala, edo gure erdi Aroko kantuek halako suma osatuko zuketela uste izan da. Zenbat ahahegin Erroldan euskaldunok hil genuela gogoratzeko, kantu famatu hartako mairuak gu ginela... Ez zuten ulertzen konposatzen ari ginela orduan ere, egiten ari ginela. Greenwichekoa ez da meridiano bakarra.

Mestizaiak, hasieran aipatzen genuen modernitaterako bide bakar horrek, ondorio guztiz prebisibleak dauzka. Biltzen ditugu estudio batean bi musikari eta ea zer ateratzen den. Trikitilari bat, eman dezagun eta guitarreiro bat. Zein da ondorioa? Kepa Junkera eta Julio Pereira, diska eder bat. Perkusionista malgatxe bat ekartzen dugu kantu hau edo bestean laguntzeko. Zein da ondorioa? Kantu polit bat. Zein da emaitza? Ezer ez. Ondorioak daude, ez daude emaitzak, ez dagoelako fusiorik, ez dago kantitateen batuketa dialektikorik eta hartatik etorri behar lukeen kalitatearen maila berririk. Horixe dugu mestizajea, modernitate inposatu honi ez zaio komeni inprebisiblerik, berrikuntza maite du, baina ez benetako esperimentazioa. Goiherri-Bilbo fusioaz, esate baterako, mestizajea proposatzen zaigu besterik gabe; hala uste dut, ez baida prospekzio linguistikorik egiten eta aipatu dizuedan irakasleak gaztelaniaz idazten duenez, ba gaztelania izango dela suposatzen dut fusioaren ondorioa. Ez dago hirugarrenik, batak bestea jatea baizik. Ez dago emaitzarik, ondorioa besterik ez daukagu; lehengoa arrasto berriekin. Edo gaizto esanda, euskaldunoi zor zaigun ñabardura parafolklorikoa euskal herritarrok erdaldun ez-gaztelauak izan gaitezen. Baina euskara desagertu den lekuetan ez da ezer berririk sortu, gaztelanian gelditutako hitz batzuk, toponimo batzuk; ez da fusiorik egon, asimilazioa baizik. Eta kultura urbanoaz eta sustrai etnikoez ari garela, zein da adibidez, trikitiaren adibidea ez uzteagatik, bilbotarrak zoratu ohi dituen "Bilbo 00:00" diskaren hizkuntza? Nolakoa du mezua? Euskara. Bere ahultasun sozial eta politikoagatik baldintza ezin hobeagotan dago kriolizaziorako. Ez ordea gaztelania eta frantsesa, haiek larderiatsu eta harro ageri zaizkigu. Hauek asimilatu egiten dute krioltze hori inposiblea da, errauzte prozesua besterik ez litzatekelako izango gure hizkuntzarentzat. Trenbideari zor diogu trikitixa, baina ez trenez inportatu genuelako, baizik eta gure ideologo politiko erlijioso guztien diskurtsoaren kontra euskal peoiek eskuartean hartu zutelako trenerako tunelak egitera etorritako ofiziale piamontetarrek ekarri zuten tresnatxo hori. Halakoa da gure sustrai etnikoa, eusko piamontetarra gutxienez. Gehiengotuek uste dute gu artzaiak izan gerala atzo arte, eta ez da egia. Gu nabigatzaileak, soldadu alokatuak, konkistatzaileak, emigranteak izan gara. Xakabik jotzen zuen tresna Piamontetik zetorren bezala, Zuberoako Maskaradaren jantziak napoleonikoak dira. Historian bizi izan gara, gure pìntorismo guztia XlX. mendekoa da. Norantz kreoldu edo kriolizatu behar ote dugu orduan? Udalbiltzak banatu zituen Euskal Herriaren Eskubideen Kartaren aurre txostenean gizarte multikulturala eta gizarte multiidentitarioa aipatzen ziren. Zer esan nahi da multikultural horretaz? Zer esan nahi du multiidentitario horrek? Ez dakit, susmoak besterik ez dauzkat, baina argi samar dago beldur garela, modari jarraitzen diogu, beldur gara geure euskaltasunaz; ez dakigu geu izatez kultura askoren sintesia garela; alegia, ez dakigu benetako kultura bat garela, askoren emaitza garela, edo ahaztu egin zaigu? Zergatik suntsitu da kea bezala kultura unibertsalaren kontzeptua? Halakoa da literaturan idazketa ere, ezkorra eta koldarra. Uste dut globalizazioari unibertsaltasuna kontrajarri behar diogula, urtu beharreko zati izan beharrari geuk geure asimilatzeko ahalmena, eta horretarako indartu egin behar dugu, alegia deskolonizatu. Greenwichekoa ez delako meridiano bakarra.

Orixeri agindu zitzaion Euskaldunak izeneko poema erraldoi bat egitea. Orixek, gure buruaren museografia egin zuen, azken finean badoanaren lekukotasuna jaso zuen. Exotikoa bilatuko zukeen, bidaiari baten poema da Euskaldunak. Han ez dago poetarik, han ez dago mihirik. Liburu hori irakurrita, halako etsipen batek hartzen nau; herri honek beldurra dio independentziari. Ez dauka kemenik bere buruaz gutxiago arduratu eta munduari begiratu kritiko bat emateko, independentzia izan iritziaren independentzia da lehenik. Besteentzako idatzi izan dugu alegia, besteek ikus zezaten nolakoak ginen gu. Ez gara mundua interpretaten ausartu, ezta gure burua ere. Besteek epai gintzan idatzi izan dugu historikoki, eta ez dut uste orain, itzulpenean eta sarien sukarrean askoz independenteago gabiltzanik. Zer bilatzen du gugan hizkuntza dominatzaileak itzultzen gaituenean? Exotikoa. Atzo, indarra eta sutiltasuna zena, gaur indarkeria edo neokostunbrismoa da. Morboa edo primitibismoa. Obra homologagarri bat onenean, alegia, besteen parametroan. Metropoliak erabakitzen du zer jan behar dugun eta jan behar duguna metropoliaren ondasuna haziko duen kultura da. Zentrotik erabakitzen da zer den onena frutan, garbikarietan, literaturan, musikan. "Salduenak" dio afitxak, eta ez dio gezurrik, afitxa horren azpian dauden liburuak edo diskak izango dira hain zuzen salduenak. Ez dira baina izango dira. Literaturaren multinazionalak eredu unibertsala aurkezten digute tresneria handi eta kriterio zehatzen bitartez; sariak, itzulpenak, distribuzioa, eskaparateen alokatzea: hau berria dugu Euskal Herrian, megadendek ekarri dute. Laster alokatzeko dirurik ez duen editoriala, editorialaren liburuak, ez dira egongo, edo baldin badaude ere eskaparatean esango da ordaintzen ez duen editorial batenak direla; alegia, laster ordaintzen ez dutenen multzora sartuko gaituzte. "Enea, territorio okupatua da" dio Urtzi Urrutikoetxeak Borroka galduetatik gatoz liburuan. "Lurralde okupatuan bizi, lurralde okupatu izan" dio Juanjo Olasagarrek Gau Pasak liburuan. Bata bestearen zordun ote dira? Ez. Biak elikatzen dira gure oroimenean oso ongi txertatua daukagun esamolde batez: lurralde okupatua; eta irudia Israelgo tankeak palestinarren etxeak suntsitzen. Ogia erostera irten eta Sarajebo etorri zaio burura Ricardo Arregiri Gasteizen. Eta 66 lerro hiri setiatuan izeneko poema sortzen du. Iñigo Aranbarrik berriz "Ezinez gara garena" dio Port Sarajebo izeneko poeman. Munduaz elikatzen gara eta gaur ihadanik idazle elebakarrak ez du hizkuntza bakarrean idazten. Eta ez, esan ohi den bezala, etengabean ari garelako itzultzen gure burua frantsesetik eta gaztelaniatik, une honetan hainbat eta hainbat erreferentzia dauzkagulako baizik. Gure hizkuntzan emanak ez izan arren gureak direnak: Palestina, Sarajebo, Bagdad. Gureak ez diren hizkuntzen imajinarioak erabiltzen ditugu, euskal musikariek rockaren imajinarioak, rockaren erritmoak erabiltzen dituzten bezala. Gaur egun besteen imajinarioak behar ditugu gure buruaren idazteko aipatu ditudan poemetan argiro ikusiko duzuen bezala. Horiek dira egin beharreko kriolizazioak, kreoltzeak; gure paisaia mentalaren deskolonizazioa eta gure irudikeriaren berritzea. Munduko partaide izatea da guk gugan bilatzen duguna. Zabalean, haziko gara, sarean, artxipielagoan, itsasoko uharte eta lehorreko uharteen loturan, garen herrion elkartze hartuemate aberasgarrian, gure nortasuna bestearen premian oinarrituz. Bestea behar dugu gogoan, bestea behar dugu gure mentalean. Greenwicheko meridianoa ez da meridiano bakarra.

New Yorkeko meridianoa ez da meridiano bakarra. Parisko meridianoa ez da meridiano bakarra. Madrilgo meridianoa ez da meridiano bakarra. Greenwichekoa ez da posibleen arteko meridiano bat besterik, "de facto" Iparburutik Hegoburura egin litezkeen semizirkuluen kopurua infinitua da iha. Gizakia bizi den puntu bakoitzetik pasatzen da bat. Bazen nobela beltz bat, ez oso ona egia esan, eta hartan zerbitzu sekretu ingles guztiak jartzen ziren dantzan ez zutelako argitzen, ezin zutelako argitu zergatik bonbak jartzen ziren leku bateaz, ze ez zen kalterik egiten, ez zen kalte ekonomikorik.Ez zegoen interes politiko edo ekonomikoko ezer han bonbak jartzeko, eta noizbait deskubritu zuten Greenwicheko meridianoa pasatzen den lekuan ipintzen zituela norbaitek bonbak. Alegia, ekintza poetiko bat zen. Garzon edo Del Olmo jaunen beldur handirik gabe gonbitatzen zaituztet ekintza poetiko eder hori, ez sinboliko hutsa egia esan, praktikatzera. Apur ditzagun Greenwicheko meridianoa eta mendebaldeko kanonak hor. Guztiok gara edo izan behar genuke Royal Observatory bana. Independentzi horretan nahi gaitu munduak. Guri begira daude paristar zuhurrenak, paristar izatez egia esan, nazkatuta. Baina ez gaituzte nahi basakeria edo primitibismoan, ez dute holakorik bilatzen gugan; modernitatea bilatzen dute, nortasuna, erresistitu egiten duten herrien eredu bat behar dute beraien gizatasuna afirmatzeko. Horren froga bezala lehen Raimon entzun dugun moduan, Estatu espainolean batere ezaguna ez den eta zoritxarrez Hego Euskal Herrian ere ez, kantari frantses baten kanta pare bat amaitzeko, kantuarekin amaitzeko, entzun arazi nahi dizkizuet".