Arau Ordezkatzaileen Azterketa eta Giza Baliabideen Zentroaren gaineko azalpenak

Aitor Aranguren, Jabier Beobide, Iñaki Olaizola eta Kandido Mitxelena (Azpeitiko Udaleko EAko zinegotzi taldea) 2003ko api. 11a, 16:04

ASAk 'uztarria.com'-eko zenbait albistetan esandakoaren aurrean eta joan zen apirilaren 9an 'Diario Vasco'-ren herriko kronikan argitaratu zen idazkiaren aurrean, Azpeitiko Udaleko EAko zinegotzi taldeak bizpahiru kontu argitu nahi lituzke.

Udalak abian jarri duen Arau Ordezkatzaileen Azterketarako Aurrerakina ez zuen onartu Udalbatza Osoak, baizik eta martxoaren lehen egunetan Alkatetzak emandako Ebazpenaren bidez, eta gaur egunean jendaurreko erakusketa epealdian dago, apirilaren 24a arte. Arau Ordezkatzaileen Berrazterketa prozesu batek hausnarketa eta eztabaida denboraldi bat behar du eta horrek gainditu egiten du, neurri handi batean, Alkatetzak haseran zuen helburua, “Aurrerakin Dokumentuaren Hasera Onarpena” uda baino lehen, hau da, legealdi honetan onartzea.

EAko zinegotzi taldea izan da Haserako Onarpen hau legealdi honetan egitearen aurka azaldu den talde bakarra, irizten diogulako datorren Udalbatza dela Udalerriaren datozen urteetako antolamendu-jarraibideak markatu eta kudeatu behar dituena.

EAko zinegotzi taldeak, bere aldetik, beste antolamendu proposamen bat aurkeztu zion Arau Ordezkatzaileen Berrazterketa idatzi duen taldeak aurkeztutako dokumentuari. Proposamen honek, laburbilduz, honakoak jasotzen zituen:

  1. Saihesbidearen Hegoaldeko aukera, gaur egungo industria-zonalde guztian (Aceralia, Landeta, Antzibarrena) bideak hobetuta eta Urrestilla aldera aurreikusia dagoen zabaltzea.
  2. Datozen urteetarako etxebizitza arloko hirigintza-garapena Loiolako Hiribidean ez egotea pilatua (proposamena idatzi duen taldearen iritziaren aurka), baizik eta gaur egungo herrigune guztian zabaldutako garapenarekin, etxebizitza aldetik oraindik erabat garatuak ez dauden areatan, zehazki honakoetan: Ucin area, Juan XXIII, Madalena-Soreasu, Jakanetik hasi eta garai bateko Euskaltegira arteko aldea, Herrigune Zaharra, eta beste hainbat area garatzea ere proposatzen zen, San Miguel eta Oiarzabal aldeetan. Lurraren eskasia dagoenaren jakinean izanik, hazkunde harmonikoa proposatzen zen, Loiolako Hiribidean polarizatu gabea, Herrigune Zaharretik hurbilen dagoen eta gaur egunean gainbehera doan herri-gunea bultzada emanaz.

'DV'-ko kronika berean eta 'uztarria.com'-eko zenbait albistetan ASA (Azpeitiko Sozialista Abertzaleak, aurretik Batasuna) zinegotzi taldeak egindako adierazpen batzuk aipatzen ziren. Hauek nahastu egiten dituzte, asmo txarrez, Arau Ordezkatzaileen Berrazterketa prozesua (Gipuzkoako Udalerri gehienak ari dira gaur egun horretara iristen) eta Gizarte Baliabideen Zentroa eta Loiola Fundazioa.

Gizarte Baliabideen Zentroaren proiektuari buruz EAko zinegotzi taldeak jarrera zentzuzko eta zuhurra izan du hasera-haseratik. Harreman irekia mantenduz, gai horri buruz Miserikordiako Batzordeak (San Martin Egoitzak) zein iritzi zuen jakiteaz arduratu gara, Zentro horrek gaur egungo Egoitzarengan izango zuen eragin zuzenaren jakinean izanik eta, egia esan, honen kalitatea hobetzari begira egiten den edozein ekimenen alde gaude.

Iruditzen zaigu era honetako zentro bat positiboa dela Azpeitiarentzat eta aurrerapausu handia dela, kuantitatiboki eta kualitatiboki, ezinduei eta hirugarren adinekoei emandako tratamendu eta zerbitzuan. Hala, ez dugu ulertzen ASA taldea, beti era honetako zentro bat sortzearen alde egon denean, orain hain kritiko agertzea.

Premisa honetatik abiatuz, gure iritzia da proiektu honek ez duela baldintzatu behar Izarraitz Arearen (Esklabak eta Olatz artekoa) garapena etxebizitza arloan, eta gainera horren aurka gaude. Irizten diogu Loiola Hiribidearen eta Izarraitz mendiaren ikuspegi bateratua datozen belaunaldientzat gorde beharreko balioa dela.

Gizarte Zerbitzuetako Zentroaren proiektu hau gauzatzen joango balitz, kudeaketa ekimen publikokoa izango dela bermatzeko Udalak Loiola Fundazioa sortu du. Garbi dago, ASAk adierazten duenaren aurka, Fundazio honek ez lukeela arearen hirigintza garapena kudeatuko. Azkenik, garbi utzi nahi dugu laster sartuko den Udalbatza izango dela Gizarte Baliabideen Zentro honen garapena bultzatuko duena eta Loiola Fundazioaren partaide berriak izendatuko dituena. Udal Hauteskundeen ateetan garela, “Azpeitiko Sozialista Abertzaleak” (ASA) taldeak, orain arte Batasuna, demagogia merkea erabiliz, Arau Ordezkatzaileen Azterketa prozesuan eta Gizarte Baliabideen Zentroaren proiektuan EAko zinegotzi taldeak izan duen ekinbide zentzuzko eta zintzoa deskalifikatzea besterik ez du nahi. Erabat lekuz kanpo daude gure taldeko zinegotzi baten aurka egin diren deskalifikazio eta aipamen pertsonalak.

Sinatua: Aitor Aranguren, Jabier Beobide, Iñaki Olaizola eta Kandido Mitxelena (EAko zinegotziak Azpeitiko Udalean).