Lagun Onak Kirol Elkartearen oharra

Jose Mari Eizagirre/eta Zuzendaritza Batzordea (Lagun Onak K.E.) 2003ko api. 11a, 13:04

Azkenengo urteetan Ikasberri K.E.arekin gertatu dena ikusita, Lagun Onak K.E.k ondoren adierazten dena jakinarazi nahi die bere lankide, bazkide, zaletu eta Azpeitiko herri guztiari:

  1. Lehenengo, eskerrak eman Lagun Onak K.E.ri ezbairik gabe ematen dioten laguntzagatik, beti aurpegi onarekin, jakin badakigunean oso zaila dela gaur egun Azpeitian diren eskari guztiei erantzutea.
  2. Lagun Onak K.E.k 59 urtean lanean jardun ondoren, belaunaldiz belaunaldi lekukoa pasatuz, denak musutruk lanean, hara non arazoak etorri diren, Ikasberri K.E.aren zuzendaritza batzordekideen mehatxu, irain eta abarrekin. Gure elkartea isildu egin da orain arte, pake pixka bat izateko eta ez sartzeko beraien borrokan, baina aski da.
  3. Diego Garciaren omenezko Maratoi Erdia izan zen egunean, gure elkarteak ahalegina egin zuen futbol-partidak egun horretan ez zitezen jokatu eta partida horiek igandera, martxoaren 30era, atzeratu zituen. Eta hara hor gure harridura, Ikasberri K.E.k Erregional Bigarren mailako partida arratsaldeko lauretan jarri zuenean, Diego Garciaren omenezko Maratoi Erdiaren egunerako. Eta gertaera hori aprobetxatuz, belar naturalezko futbol zelaira «jaitsi» ziren eta gure Elkarteko direktibako bati egindako «mehatxu» artean, esan zioten futbol-zelaitik atera zedila edo bestela berak ikusiko zituela ondorioak.
  4. Ikasberri K.E.aren taldeak federatu ondoren, Udalak ahalegin ekonomikoa egin zuen Goena aldeko lurrak egokitzeko Ikasberriren partidak joka zitezen baina osatu gabe, aldagela eta dutxarik ez baitzegoen. Urtero bilerak egiten ditugu Ikasberri K.E.koekin eta inoiz ez dugu ondo amaitu. Gure aldetik ahal dugun guztian eman dugu amore, aldagelak, futbol-zelaiak markatzea, baloiak eta abar, baina haien gerra futbol-zelai nagusian sartzea da eta lortu dute baina, beti bezala indarrean.

Lagun Onak K.E.k ez du inolako errurik Azpeitian denontzako instalaziorik ez badago. Lagun Onak erakunde serioa da, elkartearen alde lanean aritzeko gogo bizia duen jende errespetagarriz osatua.

Beraz jaun-andreok, alboko zelaian «hautsa» dagoenean, guk egiten dugun gauza bera egin ezazue: erregadiatu, erregadiatu eta lan egin, zeuen esku baituzue, oso-osorik, erregadiatu eta ura botatzeko tresneria guztia. Eta, bestalde, utz iezaguzue pakean lan egiten eta ez gaitzazue berriro mehatxatu, futbol-zelai nagusian sartzen jarraituko duzuela esanaz.

Eta, gainera, jakinarazi nahi dizuegu hau ez dela Udalarekin denboraldiaren haseran hitz egin zena.

Azkenik, jakinarazi nahi dizuegu Lagun Onak K.E.k Azpeitiko herri guztiarentzat egiten duela lan.