Milaka azpeitiar korrika euskararen alde

Uztarria.eus 2003ko api. 7a, 17:04
Korrika 13 atzo igaro zen Azpeititik

Atzo, apirilaren 6an, 11:10ean hartu zuen Korrika 13.aren lekukoa Azpeitiko herriak Lasaon 419. kilometroan. Azpeitian zortzi kilometroko ibilbidea egin zuen lasterketak, Lasaotik Munategira bitartean, herria zuzen-zuzen zeharkatuz, eta hainbat azpeitiarrek hartu zuen parte.

Lasaon hartu zuen Azpeitiak Korrika 13 .aren lekukoa zestuarren eskutik. Minutu batzuetako atzerapenarekin etorri zen korrika eta lagun gutxi batzuk gerturatu ziren bertara, 419. kilometrora, Lasaora.

Herriko korrika batzordekoak izan ziren lekukoa hartzen lehenak. Eskuz-esku lekukoa pasaz Azpeitira, herrira, etorri zen Korrika Madalenatik. Herri barruan jende ugari zen zain AEK-rekin herri bat geroa lantzen lelopean euskararen alde korrika saioa egiteko. Enparantza Nagusian Korrikako petoak eta bestelako materiala saltzen ari ziren, baita Egunkariaren aldeko materiala ere, soinujoleak ere bertan ziren eta adin guztietako azpeitiarrak ere bildu ziren Korrika noiz pasako zain.

Zortzi kilometroko ibilbidean milaka azpeitiarrek egin zuten bat korrikarekin. Lasterketak herria zuzen-zuzen zeharkatu zuen, beste urteetan ohi ez belaza. Plazatik, Bustinzuriko errebalera eta Aranetik Loiolara zuzenean egin zuen lasterketak, lagun mordo bat korrika eta beste pila ederra bide ertzean txaloka zela. 427 kilometroan, Munategi parean, Egunkariaren aldeko herri batzordeak pasa zien azkoitiarrei lekukoa, eta han jarraitu zuen bere ibilbidea Korrika 13.ak Azpeitiko herria atzean utziz.

Ondoren, azoka plazan 14:30ean txotxa izan zen, eta 200 lagun inguru bildu zen bazkaritara. Arratsaldean soinujolekin kalejiran ibili ziren eta kupelak udaletxe azpira eraman ziren nahi zuenak doan edateko.

Argazkian desegin berri den Antxieta Antzerki Taldeko kideak lekukoarekin.