Baitek Bai Euskarari Ziurtagiria abian jarri du herrian

Baite Euskara Elkartea 2003ko api. 2a, 15:04
Bai Euskarari Ziurtagiria-ren aurkezpen ekitaldia apirilaren 1ean izan zen Azpeitian; Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia etorri zen horren berri ematera.

Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak erronka berri bati heldu dio oraingo honetan, herrian Bai Euskarari Ziurtagiria bultzatuko duelako; euskararen normalizazioa lortzeko bidean egingo den beste pauso bat. Kontseiluak ematen duen ziurtagiria da eta dagoeneko Euskal Herriko 93 herritan martxan dago; oraingoan, Azpeitiko herriak dauka Bai Euskarari Ziurtagiria aurrera eramateko aukera.

Herrian euskaldun kopurua ia %90ekoa da baina euskararen normalizazioa ez dago bermatua. Horrek konpromiso batzuk eskatzen ditu eta hor, herriko dendek, enpresek, tabernek, ikastetxeek eta abarrek paper garrantzitsua daukate. Bai Euskarari Ziurtagiriak normalizazio osoa bilatzen du, konpromisoa eta inplikazioa eskatuz.

Baite Euskara Elkarteak ahalegin berezia egingo du prozesu hau aurrera eramateko eta iraunkorra izateko. Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiria Azpeitian martxan jartzea proposatu zion Baiteri eta elkarteak proposamenari baietza eman zion. Horrela, herriko gizarte eragileengana jo du (enpresa mundua, merkataritza, ikastetxe, kirol talde...) egitasmo horren berri emateko. Beraz, eremu batera soilik mugatu beharrean, ekimena ahalik eta eremu gehienetara zabaldu du. Hori dela eta, Baite azkeneko asteetan herriko 150 gizarte eragilerekin jarri da harremanetan egitasmoaren berri emateko. Euskara elkarteak proposamen bat egin die eragileei erakunde bakoitza euskalduntzeko urratsak egin ditzaten; horrek, jakina, konpromiso batzuk eskatzen ditu. Horrekin batera, aurkezpen ekitaldirako gonbitea egin zitzaien.

Hain zuzen ere, apirilaren 1ean egin zen Bai Euskarari Ziurtagiriaren aurkezpen ekitaldia Sindikatu Zaharrean eta bertan Baite Euskara Elkarteko kideez gain Xabier Mendiguren Bereziartu, Kontseiluko idazkari nagusia ,eta Zigor Etxeburua, BEAH (Bai Euskarari Akordioa Herrietan) egitasmoaren arduraduna, egon ziren. Bertan herriko 50 erakundetako ordezkariak joan ziren eta oso ondo azaldu zitzaien Bai Euskarari Ziurtagiriaren nondik norakoak.

Beste bilera bat

Lehen bilera egin ondoren, Baitek beste bilera bat egingo du prozesu honetan parte hartu nahi duten eragileekin. Horretarako lehen bilerara joan ziren erakundeekin berriz harremanetan jarriko da datozen egunotan. Bigarren bileran eragile bakoitzak konpromiso zehatzak hartuko ditu eta konpromiso horiek epe batean bete beharko ditu. Horren jarraipena eta ebaluazioa Baitek berak egingo du.

Esan bezala, Baite oraingoz 150 eragilerekin jarri da harremanetan. Baina zerrenda behin-behinekoa da eta ez dago itxita inori. Interesa duen orok dei dezala 943 15 03 58 telefono zenbakira.

Hiru Ziurtagiri maila

Bai Euskarari Ziurtagiriaren hiru maila aurkitu ditzazkegu:

Bidean. Euskararen normalizaziorako gutxieneko neurriak hartzen eta garatzen ari diren erakundeei zuzendua dago lehen ziurtagiri hau.

Guk zerbitzua euskaraz. Zerbitzua euskaraz eskaintzen duten erakundeei zuzendua. Ondorengo baldintzen arabera frogatu behar dute zerbitzua euskaraz ematen dutela: 1. Erakundeko kideen ahozko eta idatzizko hizkuntza gaitasuna; 2. Erakundearen irudi korporatiboa eta hizkuntza paisaia; 3. Erakundearen kanpo harremanak.

Guk zerbitzua eta lana euskaraz. Zerbitzua euskaraz eskaini eta lan hizkuntzatzat euskara daukaten erakundeei zuzendua dago hirugarren ziurtagiri hau. Bigarren ziurtagiriko hiru baldintzez gain, erakundearen barne harremanak eta funtzionamenduak euskaraz izan behar dute.

Herrian dagoeneko badaude Bai Euskarari Ziurtagiria ikurra duten hamar eragile: Iraurgi Ikastetxea, Kutxa, Eroski, Eroski Bidaiak, GOE, Herri Behi Elkartea, Gurekin Kontatu Elkartea, Gipuzkoako Txerrizaleen Elkartea, Gipuzkoako Frisoi Elkartea eta ELE.