Giza burezurra azaldu zen igandean ibaian

Uztarria.eus 2003ko mar. 31a, 13:03
Itxura guztien arabera, hezurrak ibaiak ekarritakoak dira

Atzo, martxoaren 30ean, 11:45ak aldera Urola ibaian arrantzan zebilen lagun batek giza burezur bat topatu zuen Zelai Luze parean. Ertzantzak lekua itxi zuen eta hezur gehiago azaldu ziren sakabanatuta. Ikerketak atzo bertan hasi ziren

Eguardi aldera arrantzan zebilela estropezu egin eta burezurra topatu zuen Urola ibaian lagun batek. Giza burezurrak okotza faltan du, baina gainerantzean osorik da. Aurkikuntza Zelai Luze parean ibai erdian dagoen berdegunean egin zen, eta zuzenean Azpeitiko Udaltzaingoari jakinarazi zitzaion. Udaltzaingoak Uztarriari baieztatu egin dio topatutakoa giza burezurra dela, eta jakinarazi dio sakabanatuta bestelako hezurrak ere azaldu zirela.

Burezurraren berri jakin eta berehala, Ertzantzak tokia itxi eta ikerketei ekin zion. Esan bezala burezurraz gain bestelako hezurrak ere topatu zirne, baina hezur hauek giza edo animali hezurrak diren zehazteko dago oraindik. Ertzantzak Uztarriari jakinarazi dionez hezur hauek guztiak Donostiara eramanda dira ikertzera eta une honetan forenseen eskuetan dira. Ikerketek "denbora luzea beharko" dutela eta aspaldikoak izanik "giza hezurrak norenak" diren jakitea zaila izango dela era azaldu du Ertzantzak.

Itxura guztien arabera, hezurrak ibaiak ekarritakoak dira. Halaxe adierazi dio Ertzantzak Uztarriari: "Bestetan ere agertu izan dira hezurrak ibaietan, auskalo nongoak, eta honetan ere ibaiak ekarritakoak direlakoan gaude".