Asteburuan ospatuko dira San Jose jaiak Loiolan

Loiolatxo Elkartea 2003ko mar. 17a, 17:03
II. Mendi Biathloian 10 kilometro bizikletan eta 4 kilometro korrika egin beharko dituzte

Etzi, martxoaren 19an, San Jose Eguna dugu, loiolatarren eguna, eta auzotarrek astebururako utzi dituzte festa ospakizunak. Urteroko asto lasterketaz gain, aurten bigarrengoz Mendi Biathloia antolatu da.

Ostiralean bertan hasiko da festa giroa Loiolan. Xanadu kafetegian Segabathor talde azpeitiarrak joko du 23:00etan. Eta larunbatean, berriz, Laja, Poxpi eta Berastegirekin herri afaria izango dute. Baina, festako ekitaldi nagusiak igandean izango dira. Kirol ekitaldi batekin emango zaio hasera egunari, II. San Jose Sari Nagusia Mendi Biathloiarekin. Lasterketa hau 10:00etan izango da eta ondoren, 13:00etan, beste lasterketa bat ere izango da, asto lasterketa hain zuzen ere. Eta 17:30ean herri kirolak izango dira. Olasagasti eta Arrospide aizkolariak hamar kanaerdiko enborrarekin norgehiagokan arituko dira eta Goenatxo II.a 200 kiloko errektangularrarekin lanean izango da. Egun guztian zehar Epelde eta Iturbide soinujoleak arituko dira giroa alaitzen.

II. San Jose Sari Nagusia Mendi Biathloia

Aurten bigarrengoz San Jose Sari Nagusia Mendi Biathloia antolatu da. Biathloia 10:00etan izango da, eta parte hartzaileek 10 kilometro mendi-bizikletaz eta 4 kilometro korrikan egin beharko dituzte. Bizikletaz Loiolatxo-Sokin-Iturbide-Nartzabal-Loiolatxo ibilbidea egin beharko dute, eta korrikan, aldiz, Loiolatxo-San Pedro-Loiolatxo ibilbidea.

Proban parte hartzeko izena egunean bertan, 09:30ean, eman behar da. Parteartzea sei euro da eta beharrezkoa izango da kaskoaren eramatea. Bestalde, partehartzaileen artean sariak eta opariak zozketatuko dira. Eta hamaiketakoa eta oroigarriak izango dira guztientzat.

Antolatzaileek aurtengo edizio hau "iazkoaren parekoa balitz, oso positiboa" izango litzatekela diote. Izan ere Uztarriari adierazi diotenez iaz "aurreikuspen denak gainditu" zituzten: "Eguraldi ona, partaide asko, denak gustora ibilbidearekin, hamaiketako salda, txorixo eta sagardoarekin, kamisetekin eta zozketarekin". Iaz 49 lagunek hartu zuten parte biathloian eta Iosu Arregi eta Leire Altube izan ziren irabazleak. Hemen duzu albistea.