Euskal kroslarien lehia Goenan

Uztarria.eus 2003ko ots. 5a, 13:02
Euskadiko XXXIX. Kros Txapelketa antolatu du Ikasberri Kirol Elkarteak. Otsailaren 9an da Goenako Kanpan

Kirol ekintza asko antolatu ohi ditu Ikasberri Kirol Elkarteak; eta atletismoan, krosak garrantzi handia du. Hala, otsailaren 9an, Euskadiko XXXIX. Kros Txapelketa egingo da Goenako kanpan, eta antolatzeko ardura Ikasberri Kirol Elkarteari eman dio federazioak.

Garrantzi horretako txapelketa antolatzeko, aurrez gauza asko hartzen dira kontuan; besteak beste, ibilbidearen ezaugarriak, puntuaketa, lasterketaren partaidetza... Horiek denak begiratu eta aztertu ondoren, EAEko Federazioak onespena eman dio Ikasberri Kirol Elkarteari eta bere gain utzi du antolaketa.

Goenako zirkuitoa ibilbide motza da, baina maila handiko krosak antolatu dira bertan. Hori dela eta, antolatzaileen nahia, “euskal herritar ororen arteko lasterketa bikaina” antolatzea da. Irteera gunean, 700 bat lasterkari izatea espero dute antolatzaileek. Euskal Herriko kirol elkarteetako partaide diren korrikalariek parte har dezakete kros txapelketan.

Ikasberri Kirol Elkartea 1997-ko irailean sortu zen, “kirolaren ezaugarri hezitzaileak aldarrikatzeko”. Gainera, herriko jendeari kirola egiteko esparrua zabaldu eta kirol ekintza desberdinak antolatzea du helburu. Kirol ezberdinak ukitzen ditu elkarteak; hala nola, federatu mailako futbol taldeak, federatu nahiz afizionatu mailako pilota eta abar. 1998an antolatu zuten lehen aldiz kros txapelketa eta harrezkero, urtero antolatu dute. Beraz, aurtengoa V. edizioa izango da eta, gainera, euskal mailako txapelketa.

Lasterketak

09:45: Gizonezko helduak (6.220 metro).

10:15: Emakumezko heldu eta juniorrak (5.190 m).

10:45: Jubenilak, mutilak. (6.220 metro).

11:15:. Jubenilak, neskak. (4.140 metro).

11:40: Juniorrak, mutilak. (7.270 metro).

12:10: Seniorrak eta promesak, neskak. (7.270 metro)

12:50: Seniorrak eta promesak, mutilak. (11.430 metro)