Haur eta gazteek zinea euskaraz ikusteko aukera dute

Uztarria.eus | Udala
2003ko urt. 28a, 16:01

Azpeitiko Euskara Patronatua eta Udaleko Kultura Batzordearen ekimenez haur eta gazteentzat zinemaldia euskaraz antolatu da otsaileko, martxoko eta apirileko asteburuetarako. Gazteentzako emanaldiak larunbatetan, 19:30ean izango dira eta haurrenak, igandetan, 17:00etan. Emanaldi guztiak Soreasu Antzokian ikusi ahal izango dira, eta 2 euroko diru sarrera izango dute.

Gazteentzat eta haurrentzat hamarna filme eskainiko dira zinemaldiaren baitan. Honela, otsailean, Etxaldeko erregea, Kiriku eta sorgina, Jan Oihan eta Ametsen lapurra izango dituzte ikusgai etxeko txikienek, hurrenez hurren, igandero 17:00etan. Eta gazte zinemaldiaren barne, Mothman, azken profezia, Ogia eta arrosak, Korina Korina eta Liam filmeen emanaldiak aurreikusi dira otsailerako. Emanaldi hauek larunbatetan 19:30ean izango dira.

Martxoan eta apirilean Karramarro uhartea, Pastel magikoa, Ahmed Alhambrako printzea, Marko Antonio, Hong-Kong-eko bahiketa, Chihiroren bidaia eta Hegoaldearen lilura filmak ikusteko aukera izango dute txikiek. Eta gazteek, berriz, Guztiek nahi zuten hilda, Pablo Bola, Zu zeu, Gu bai gu, Ekialdea ekialde eta Ene laztana ikusi ahal izango dituzte.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu