Metro bat korrikaren alde

Uztarria.eus | Taldeak
2003ko urt. 28a, 16:01

Bi urtetik behin aek-k euskararen aldeko Korrika antolatzen du. Euskal Herri guztia zeharkatzen duen Korrikak euskararen aldeko kontzientzia zabaldu eta dirua ateratzea ditu helburu. Aurten, kanpaina berezia jarri du martxan aek-k, korrikaren laguntzaile txartela du izena eta metro sinboliko bat erosten da 10 euroko diru laguntza emanez.

metro bat korrikaren alde  Argazki originala

Korrikaren laguntzaile txartela kanpaina azken urteotan euskarak jaso dituen eraso gogorrak direla eta jarri da martxan, egoera ekonomiko larrian gelditu baita erakundea. Kanpaina honetan metro sinboliko bat erosten da 10 euroko diru laguntza emanez, eta trukean pin bat eta laguntzaile txartela eskuratzen dira. Txartel horrekin Euskal Herriko hainbat denda, zinema eta zerbitzuk beherapenak eskaintzen dituzte. Pina erosi nahi duenak, hainbat taberna zein ikastetxetan izango du eskura.

Kanpaina honez gain, jadanik herriko Korrika batzordea ere martxan dago. Korrika Azpeititik apirilaren 6an pasako da eta dei egiten dizuegu era batera edo bestera Korrika laguntzaile izateko. Batzodearen hirugarren bilera otsailaren 13an, ostegunean, izango da 19:00etan Mikelats Euskaltegian.

Euskara ikastaroak AEK-ren eskutik

Otsailean berriz irekiko da euskara klaseetara apuntatzeko aukera. Adi! EGA atera nahi duenak, otsailean egin beharko baitu matrikula. Hauek dira orain dauden maila eta ordutegiak: Azpeitian, behe maila 20:00-22:00 astelehenetik asteazkenera eta Azkoitian, erdi mailako bi talde daude. Izena emateko epea otsailaren 17an bukatuko da. Informazio gehiago eskuratu nahi duenak, honako telefonora dei dezala. AEK: 943 151089.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu