Ixildu dira danborrak

Uztarria.eus 2003ko urt. 21a, 15:01
850 heldu eta 400 haurrek hartu dute parte bezperako eta eguneko danborradan

Bandera jaitsierarekin batera amaitu dira sansebastianak eta datorren urtea arte ez da berriz danbor hotsik izango gurean.

San Sebastian bezperan 850 danborjole 18 taldetan antolatuta atera ziren kalera. Ohiko ibilbidea egin ondoren 12:00etan plazan bildu ziren San Sebastian martxa joaz herriko bandera igotzeko. Aurretik, Barratsu taldeko danborzale batek presoen aldeko idatzia irakurri zuen danborradako ordezkari bezala. Danborrada osoan izan ziren gogoan presoak eta iheslariak, bereziki Txapi eta Jabi. Bai parrokiko atarian bai Enparantza Nagusian hainbat pankarta jarri ziren, eta kiosko gainera ere euskal presoen aldeko solidarioak igo ziren.

Aurtengoan helduen danborradan bi taldek 25. urtemuga ospatu zuten: Harkaitza eta Txalintxo taldeak hain zuzen ere. Bi taldeak oroigarri bana jaso zuten udaletxeko balkoian jendearen txalo eta danbor hotsen artean. Hauek 25 urte badituzte danbor jotzen, beste talde batek lehenengo aldia zuen bezperako danborradan, Julian Barrenetxe Abesbatzak.

Eguna

Goiz euritsuak bat baino gehiago bildurtu bazuen ere festak aurrera egin zuen. Aldaketa bakarra San Sebastian santuaren irudiarekin egin ohi den prozesioak izan zuen. Une horretan ari zen euri jasagatik prozesioa ez baitzen kalera atera eta parrokian bertan egin zen. Hala ere Ardo Zaleak eta Gure Ametsa taldeek Udal Musika Bandarekin batera diana jo zuten eta udal ordezkariak korporazioan joan ziren parrokiara.

Umeen danborradan 400 haurrek hartu zuten parte 8 taldetan banatuta. Ikasberri eta Karmelo Etxegaraik bina talde atera zituzten, hiru Iraurgik eta bat Itsasi taldeak. Karrozak zezen-plazaren 100. urteurrena zuen gaia, eta zezen-zale, harrijasotzaile, ikusle, musikari jantzitako haurrak zituen. Esan, toreatzaile jantzia Salamancatik ekarri zela karrozak eskatzen zuen mailakorik gertuago aurkitu ez zelako. Kapotea berriz, Azpeitiko Zezenzale elkartekoek utzitakoa zen. Toreatzaileek amabirjinaren baten irudia eraman ohi duten bezala, azpeitiarrenak San Inazionaren irudia du.

Arratsaldeko 16:30ean hasita sokamuturra izan genuen kaleetan. Aurten gainera bi egunez, igandean ere izan baitzen. Bestalde, atzo arratsaldean bertan Izarraitz pilotalekuan jokatu partidan Kepa Peñagarikanok ezin izan zuen garaipena lortu. Ikusi Egunkarian . Behar bezala, San Sebastian festako azken ekitaldia herriko bandera jaistearena izan zen, eta horretarako bildu ziren Julian Barrenetxea Abesbatza, Gure Ametsa, Ardozaleak eta Zezenzaleak taldeak eta udal musika banda 00:00etan udaletxe aurrean. Honenbestez, danborrak datorren urterarte ixilik izango dira.