Zapo Txoko Gazteguneak lehen hiruhilabeterako ikastaroak eta ekitaldi bereziak prestatu ditu

Uztarria.eus 2003ko urt. 13a, 20:01

Zapo Txoko Gazteguneak prest ditu datorren hiruhilabeterako ikastaro eta ekitaldiak. Sukaldaritza, kitarra elektrikoa, dantza garaikidea eta herri kanten ikastaroak izango dira urtarriletik martxora bitartean gaztegunean. Eta monologo saio bat eta hiruhilabetekoaren amaieran azken festa ere izango da.

Herriko 14 urtetik gorako gazteek urtarriletik martxora bitartean badute zer ikasi Zapo Txoko gaztegunean. Hiruhilabete honi dagokion egutegia osatu berri dute, eta hainbat ikastaro antolatu dira. Hiru ikastaro nagusi antolatu ditu Azpeitiko Gazteria Sailak: sukaldaritza ikastaroa, kitarra elektriko ikastaroa eta dantza garaikide ikastaroa.

Sukaldaritza ikastaroa

Ikastaroa Zapo Txokoko sukaldean izango da, 20 orduko iraupena du eta bi talde osatuko dira, asteartekoa eta asteazkenekoa. Sukaldaritza ikastaroa bi egun hauetan 18:30etatik 20:30etara izango da.

Ikastaroan parte hartzeko 14 urtetik gorakoa izan behar da, eta 45 euro ordaindu behar dira (35 euro ikasleek edo gazte txarlela dutenek).

Aurreko hiruhilabetekoan Ander Oruesagasti sukaldariak eskainitako ikastaro honen arrakasta itzela izan da. Plazak mugatuak izan ohi direnez jende askok ezin izan zuen parte hartu ikastaroan, eta beraz, oraingoan izen emate zerrenda osatua dago. Hala ere, inork baja emango balu lekutxoren bat izan zenezake.

Kitarra Elektriko ikastaroa

Ikastaro hau, aurretik solfeo oinarririk ez duen gazte orori zuzendua dago, ikastaroa zerotik hasiko da, beraz. Gainera saio guztiz praktikoak izango dira eta instrumentua ezagutu, instrumentua erritmikoki jotzea, interpretazio ezberdinen teknikak izan eta estilo ezberdinak jotzen saiatzea du helburu.

Ikastaroa musika eskolako Juan Luis Gomez-ek emango du Zapo Txokoko balioaniztun gelan, eta 14 orduko iraupena izango du. Ikastaroa 18:00etatik 19:00etara izango da ostegunero eta izena emateko 14 urte beteta izan behar dira. Ordaindu beharrekoa berriz, 17 euro da (13 euro gazte edo ikasle txartela dutenek).

Dantza Garaikide ikastaroa

Aurreko hiruhilabetean bezala, oraingoan ere dantza eta koreografia landu ahal izango da. Ikastaroak 15 ordutako iraupena du eta astearteko izango da 18:30etatik 20:30etara. Irakaslea Silvia Clemente dantzari ezaguna izango da eta ikastaroak Zapo Txokoko balioaniztun gelan izango dira.

Izena emateko 14 urtetik gorakoa izan behar da, eta 30 euro ordaindu behar dira, 25 euro gazte edo ikasle txartela dutenek.

Ikastaro hauetaz gain, Euskara Sailarekin batera Betiko Herri Kanten Ikastaroa antolatu du Gazteria Sailak. Ikastaroa gazte eta haurrekin harreman zuzena duen orori zuzenduta dago eta kanta herrikoiak ikastea du helburu. Ikastaroa doan izango da eta izena otsailaren 7rako eman behar da.

Bestalde, ekitaldi bereziak ere izango dira martxora bitartean gaztegunean. Honela, otsailaren 22rako sei bakarrizketa komikoren emankizuna antolatu da. Eta martxoaren 29an azken eguneko festa izango dute, luncha eta musika festa giroan.