2003. urterako udal zerga, tasa eta prezio publikoak

Azpeitiko SOZIALISTA ABERTZALE zinegotzi taldea | Iritzia
2002ko abe. 30a, 13:12

Urtero bezala Azpeitiko udalari ere 2003. urterako udal zerga, tasak eta prezio publikoak eguneratzeko garaia iritsi zaio, eta Azpeitiko SOZIALISTA ABERTZALE taldeak, bere proposamenen berri eman nahi die herritarrei, besteak beste, herritar guztien poltsikoari eta zerbitzuei zuzen zuzenean eragiten dien erabaki garrantzitsua delako.

Jakin badakigu, ahalmen ekonomiko txikieneko sektoreentzat bizi baldintzen oinarri diren eremuetako zergak eta presio fiskala (ura, zaborra, ibilgailuak...) areagotzea izan dela azken urteotako joera.

SOZIALISTA ABERTZALE taldeak, oso garbi dauka politika soziala egiteko udalak duen aukera egokienetako bat izaten dela hau, eta, orokorrean, gure ideologia ezkertiarrarekin ados jokatuz, gutxien duen gehiengoari erraztasunak ematearen aldeko apustua egiten dugula esan behar dugu. Udaletxea herritarrei ahalik eta zerbitzurik egokienak eskaini behar dizkion erakunde publikoa dela abiapuntutzat harturik, eta ez, inola ere, urtearen bukaeran irabaziak ateratzea helburu duen enpresa, orokorrean gure proposamenak oinarri hauek ditu:

-Gure herriko zerga eta tasen aplikazio indizea Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik, eta/edo neurri berdintsuko herrien (10.000 eta 20.000 biztanle arteko herriak) indizearen gainetik baldin badago ASA.ak konjelazioa proposatzen du, alegia, dauden daudenean mantentzea prezioak.

-Indize hori batez bestekotik behera baldin badago, berriz, ASA.k, gehienez ere, KPI edo IPC delakoa igotzea (%3,8 aplikatzea proposatu dugu Azpeitian) Udalak (PNV/Eak) %4 a onartu du.

-Irizpide birbanatzaileen alde jo nahi du ASA.k, hau da, gutxien kontsumitzen dutenei (uraren kasua) orekatuz.

-Prezio publikoei dagokienez (kirol instalakuntzak, gizartekintzako zerbitzuak, eguneko zentroa , % 3,8 ko igoera proposatu dugu, Udalaik %4ª onartu du.

-Gutxieneko soldata interprofesionalera iristen ez denarentzat zerga salbuespena (ez zergarik eta ez tasarik ordaintzea) proposatzen dugu edo gutxieneko soldata horretatik gertu dabilenarentzat hobariak edo bonifikazioak ematea.

Irizpide orokor hauezaz gain, Azpeitiko ASA.k taldeak, baditu proposamen zehatzagoak hainbat alorretan:

A -ibilgailuak, ondasun higiezinen zerga (kontribuzioa) eta jarduera ekonomikoarena ere %3,8 ko igoera proposatu dugu.

Udalak: Ibilgailuen tasa, %4 onartu du, ondasun higiezin edo kontribuzioa %6 etxeena eta %10 industriarena eta jarduera ekonomikoa %4 ere.

B -ura: Uraren tasaz ari garela, ASA.ak, bakoitzak gastatzen duen arabera kobratzea eta gutxieneko kontsumoko neurria 30 m3takoa kentzea proposatzen du, eta beste koska batzuek ezartzea industriari 50 metro kubikotik gora gastatzen dutenei. Jabetu egin behar baitugu uraren garrantzi estrategikoaz eta zentzuzko kontsumoa bultzatu. Guk proposatu dugun igoera %3,8 koa izan da eta Udalak %6 igo du. Oso garrantzi handiko datuak dira honokoak:

+uraren kosto globala zenbatekoa den

+galga bakoitzean zenbat m3 gastatzen diren eta zenbatek

+enpresa handiek zer kontsumitzen duten

+zenbat ur galtzen den

C -zaborra: KPIaren (%3,8) igoera aplikatzea proposatu dugu, baina Udalak %15 a igo du.

D -estolderia: KPI (%3,8) igotzea proposatu dugu, baina Udalak %11 igo du.

Berriro ere EAJk eta EAk nahiago izan dute herritarren poltsikoaren kontura udalaren altxorra gizendu, premiarik handiena dutenen interesei askorik erreparatu gabe. Berriro ere, erabiltzaile edo kontzumitzaile apalenak aterako dira kaltetuen zergei, tasei eta prezio publikoei dagokienean, eta ahalmen ekonomikorik handieneko enpresak eta herritarrek izango dituzte kargarik arinenak.

Noizko izango du Azpeitiko udalak polítika fiskal solidarioago eta aurrerakoiagoa?

Orain zergak eta tasak erabaki dira, hilabete gutxi barru aurrekontuak eztabaidatuko dira. Herriaren diruak zertan erabiltzen diren jakiteko, proposamenak egiteko, edota politikoon jarduna kritikatzeko, herritarrak informazioa eskura izateko eta parte hartzeko eskubidea dauka, eta eskubideak erabiltzeko dira.

Honaino 2003. urterako zerga, tasa eta prezio publikoen eguneratzearen inguruan ASA.k taldeak izan duen jarrera eta bildu duen informazio nagusia. Goian aipatu dugun bezala sozialki garrantzi oso handia duen gaia dela deritzogu eta herritarren aldetik ere jarrera kritiko eta aktiboago batek mesede egingo liguke guztioi. Informazio osoagoa eta zehatzagoa nahi duenak Sanagustinpeko tabloian izango du ikusgai edo geuri eska diezaguke zuzenean.

Bidali:  

Erantzunak

xaxi | 2002-12-31 : 17:12

Oso Ondo

ondo | 2002-12-31 : 18:12

Bazen garaia nork edo nork zerbait esateko Udalaren gehiegikeri eta bere interesetarako eginten dituzten gauzen aurrean eta gainera datu realekin ea bat baino gehiagori begiak zabaltzen zaizkion oraingoan

Azkoittiarra | 2003-01-03 : 09:01

Nahiko nuke gure herrian ere udalak zerga eta tasen igoera kopurua horren garbi zehaztea. Hala ere galdera bat Azpeitiko Sozialista Abertzaleei, nik pentsatzen nuen ura, zaborrak edo antzeko tasetan ezin dela irabazirik izan eta zuek diozuenaren arabera Azpeitiko udalak dirua ateratzen du hortik. Niretzat hori ezinezkoa da, bestela udala saltu dezakezute epaitegian.

Azpeitiarra | 2003-01-07 : 13:01

Udalean talde desberdinak daudela ezagun dugu.
Ulertezina egiten zait talde batek eta besteak horrenbesteko aldea ateratzea porzentaietan.
Nik neuk, zenbat eta gutxiago ordaindu nahiago dut. Baina, horrelako erraza bada, zergaitik ez da egiten? zergaitik jendeak ez du ikusten, zuek 3'8 eskatzen duzuenean, udalak hortik gorako guztia alferrik duela? Ni ez nago bat edo bestearen alde, ez bait dut ezagutza haundirik. Baina garbi dagoena da, kaleko jendearen aurrean udalak ematen duen imajina, taldeen arteko borroka etengabea eta beti irabazle berdin bat dagoela dela.
Nik ez dakit nork duen arrazoia eta susmatzen dut entzun dudanagatik, badagoela udaletxean nagusi den bat eta guztia berak nahi bezala egin beharra ezartzen duen bat.
Baina, nork ematen dio botere hori horrenbesteraino izatea? zer egiten du oposizioak? ba al dago oposiziorik? haustenkundeetan ez da pertsona bakar bat hautatzen, jendetza ugari ezartzen da postu desberdinetan. Zertarako?
Udalak egiten duena legez kanpoko zerbait bada, denuntzia ezazue eta nire laguntza izango duzue, beste hainbat eta hainbat herritarrenarekin batera, baina egin ezazue, ez esan bakarrik. Ez bait dut ulertzen benetan egiarekin dabilenaren berldurra edo akzio falta. Akusazioak eta kritikak jendea erabat nahastea bakarrik lortzen dute, ekintzek berriz, jendea posizionatu eta bere ideietan indartu. Benetan, jendea aspertuta gaude zuen arteko tirabirekin. Noren eskuetan dago soluzioa? urtero kontu berdinak baina prezio guztiak goraka doaz.

Jose Luis Otamendi (Azpeitiko ASAko zinegotzia) | 2003-01-09 : 22:01

Azkoittiarra-ri:
Guk ez dugu esan udalak irabazirik ateratzen duenik, baizik eta funtsean udal gobernuaren politika ez dela egokiena herritarren interesentzat gure ikuspegitik.
Zuk aipatzen duzuna legezkoa den edo ez, berriz, ez dakigu.
Azpeitiarra-ri:
Herritarrei kontuak garbi azaltzearen aldeko gara eta horregatik, ez nahi adina sarri hala ere, saiatzen gara jende aurrean udal gobernuaren eta gure udal ihardunaren
berri ematen. Informazioa emateak gure ustez,politikan ari denaren oinarrizko eginkizuna behar luke, iritzia emateakere bai. Eta oposizioa badagoelako seinale xumea da bere neurrian hemen aurkeztu dugun idatzi hau ere. Herritarrek informazio desberdinak badauzkate bere iritzi propioa ere errazago moldatu ahal izango dute.
Salaketei dagokienez, egiten duenak neurtu behar du noraino jo nahi duen salaketarekin. Askotan eraginkorrago izaten da salaketa publiko bat epaitegikoa baino. Oihartzuna eta erantzuna azkarragoa izaten duelako eta askotan, gainera, ondorioak ere ez direlako horren larriak izaten.
Epaibideetan sartzeak, besteak beste,egiturajuridiko sendo bat eskatzen du, diru asko eta...pazientzia handia.

Sapue | 2003-01-09 : 23:01

Etxebizitza hutsen arazoa jakina da Azpeitian, etxe huts ugari baitira bertan, berauen jabeek bat baino gehiago dituztelako. Hauek egungo politikarekin etxe huts horiengandik diru bat ordaintzen dute eta ASAren iritziz ezertxo ere ez? Ez da batere juxtua.
Bestalde aprobetxatu nahi nuke (Eusko Jaurlaritzako Aurrekontuak onartzeko egunean Mayor Oreja azaldu etzenean, modan jarririko datuekin jarraituz) Uztarriari (edo alderdi politikoren batek nahiko balu) azal ditzaten Azpeitiko Udaleko Plenoetara zenbat zinegotzi joaten diren eta zenbat ez datu interesgarria dela baiteritzot.

Jose Luis Otamendi(ASAko zinegotzia) | 2003-01-12 : 19:01

Sapue-ri tasa, zerga eta prezio publikoen inguruan azalpena.
ASAk proposamen orokorra egin zuen 2003ko igoerari dagokionean: Gipuzkoako batezbestekotik gora gabiltzan galga edo neurrietan igoerarik ez ezartzea Azpeitiko udalak, eta hortik behera gabiltzanean, berriz, KPI edo IPC-aren igoera ontzat hartzea (%3,8).
Etxebizitza hutsena heldu beharreko gaia dena badakigu, Azpeitiko etxebizitzen laurdena gutxienez hutsik dela jakinik (6000 bat bizitzatik 1500 gutxienez)gauza nabarmena ematen du horrek.
Baina ASAk 2002ko aurrekontu proposamenean pare bat eskaera egin zituen egoera injusto horri zuzentzeko bidea bilatzen hasteko:
1)Etxe hutsen errolda egitea.
2)Etxe hutsak betetzen joateko laguntza politika diseinatzea.
Esatea egitea baino errazagoa da noski, baina ASAk horren inguruko eztabaida proposatua du eta ildo beretik zera eskatzen zuen 2002ko aurrekontu proposamenean, "Tasa, zerga eta prezio publikoen azterketa eta birmoldaketa,irizpide sozialak lehenetsiz".
Garbi dago gauza guztiak lotzerik ez dagoela goi eta behe hasiera beretik, baina politikan diharduenak gutxienez eztabaidarako borondatea erakutsi beharra du gure ustez.

BABES OFIZIALEKO ETXEAK? | 2003-01-24 : 13:01

Entzun nuen (orain dela 2 urte jada) Babes Ofizileko Etxeak egiteko asmoa zuela udalak. Baina nik ez dut ezer ikusten eta telefonoz deitutakoan erantzunik ez dute ematen. "Guk ez dakigu" esaten dute. Noizko dira? benetan beharra dago. Zezen plaza ondoko etxeekin zer gertatu da? hor al doaz Babes Ofizialekoak?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu