Joxe Takolo Beka Nanga Parbat 2002 espedizioarentzat izango da

Uztarria.eus 2002ko abe. 19a, 13:12

Nanga Parbat 2002 espedizioak eskuratu du Joxe Takolo Beka, eta Santo Tomas Egunean, larunbatean, jasoko dute 3.606.07 euroko dirulaguntza. Epaimahaiak aho batez hartutako erabakia da hau, "proiektuaren mailan eta taldearen ibilbidean oinarrituta".

2002ko Joxe Takolo Bekaren epaimahaiak 3.606.07 euroko (600.000 pzta) dirulaguntza Luis Kortabitartek aurkeztutako Nanga Parbat 2OO2 espedizioari ematea erabaki du aho batez. Horretarako, "proiektuaren mailan eta taldearen ibilbidean oinarritu da" epaimahaia. Taldea Luis Kortabitarte (Korta), Jose Ramon Lopez de Ipiña (Montxo), Iñaki Garay Barrena (Kiri), Carlos Lopez, Jesus Maria Barrena eta Luis Maria Larrañagak osatzen dute. Ekainaren 2an abiatu ziren Islamabad-era Nanga Parbat igotzeko asmoz. Kinshofer bidetik igo nahi zuten, Diamir aldetik, baina eguraldi txarra medio ez zuten lortu gaina egitea.

Epamahaia hiru erakunde sustatzaileen ordezkariek, eta zazpi adituek osatua dago: Jose Ignacio Olaizola, Foru Aldundikoa; Mikel Saez Urabain, Euskal Mendi Federazioaren lehendakari ordea; Alejo Uranga, Azpeitiko Udaleko kirol zinegotzia; eta Benantxio Irureta, Juan Mari Olaizola, Pako Lertxundi, Jesus Mendizabal, Josu Bereziartua, Jose Maria Azpiazu eta Josu Eizagirre.

Beka

Joxe Takolo Beka 2002ko maiatzean ezagutzera emane zen. Euskal Mendi Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak sortu zuten beka euskal mendizaleen proiektuak bultzatzeko helburuarekin, eta Euskal Mendi Federazioaren kide diren Euskal Autonomia Erkidegoko mendizale, mendi elkarte edota beste edozein eratako talde edo elkarteei zuzendua da.