Euskal Herriaren aldeko egunean kalera ateratzeko deialdia egin zuen Erantzun Ekimenak

Uztarria.eus 2002ko abe. 16a, 19:12
11:00tatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara lanuzteak burutuko dira.

Larunbatean prentsaurrean Euskal Herriak Erantzun Ekinemak Euskal Herriaren aldeko egunean, hilaren 19an, kalera ateratzeko deialdia egin zuen. Prentsaurrean herritar ugari bildu zen eta bertan irakurritako idatzia oso-osorik duzu jarraian:

Asko eta asko gara -azaroaren 30ean Donostiako kaleetan ikusi zen moduan- egun Euskal Herriak pairatzen duen egoera larriaz kezkaturik gauden herritarrak. Bai, asko eta asko gure herriari inposatzen zaizkion erasoak onartezinak direla uste dugun herritarrak.

Euskal gaztediaren aurkako etengabeko sarekadak; euskararen kontrako dekretu eta jarrerak; Batasunaren nahiz gustuko ez dituzten bestelako erakundeen ilegalizazioak; euskal langileon lan harremanak antolatzeko zein arautzeko oztopoak; oinarrizko eskubideen debekua etengabea; torturaren areagotzea; "Kalitate Legea" zein Unibertsitate Legearen inposaketak; Autodeterminazio Eskubide unibertsalaren ukapena... eta antzeko erasoak errepikatzen dira egunero, euskal herritarrontzako demokrazia formala amaitu dela gogoraziz.

Finean, Euskal Herriaren existentzia bera dago Estatu espainiar eta frantziarraren begipuntuan, eta horregatik kolpatzen dute euskal nortasunaren adierazpen zein defentsa oro. Duintasunak Eukal Herria izena duela esan berri du Markosek, zapatisten subkomandantea. Eta hori da, hain zuzen, jokoan dagoena: Euskal Herria, herri gisa dagokigun duintasuna.

Horregatik, bizi dugun egoera larrian erantzun indartsu bezain garrantzitsua merezi duelakoan gaude. Kaleetan, entrepesetan, ikastetxeetan eta esparru ezberdinetan bideratu behar den erantzun herritarra. Erasoen aurka protesta nahiz planto egiteko eguna baina, bereziki, Euskal Herriaren aldeko eguna, dagokigun eskubideen aldeko eguna.

Lerro hauetan bitartez, beraz, abenduaren 19an eginen den duintasun egunean parte hartzeko gonbitea luzatzen dizugu, egun horretan 11:00tatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara lanuzteak burutuz eta egunean zehar egitekoak diren mobilizaziotan esku hartuz.

Orain, inoiz baino gehiago, kalera atera eta gure eskubideak defendatu beharra baitugu, duintasunarekin, gureak direlako. Orain inoiz baino gehiago, Euskal Herria ez dagoela salgai adierazi behar baitugu, euskal herritarron borondateari ezin zaiola muzin argi utzi behar baitugu. Ezin baita ilegalizatu eta mapatik ezabatu Europako herririk zaharrena den Euskal Herria.