Juan Joxe Agirrek eskuratu ditu Agenda 21en argazki lehiaketako bi sari nagusiak

Tokiko Agenda 21 2002ko abe. 5a, 13:12
“Gure Inguruari Begirada bat” argazki lehiaketaren sari banaketa

Azaroaren 30ean, Azkoitin, San Andres eguna ospatzen zela aprobetxatuz Azkoiti-Azpeiti Tokiko Agenda 21aren baitan antolatutako “Gure Inguruari Begirada Bat” argazki lehiaketaren sariak banatu ziren. Lehiaketak bi modalitate zituen, positiboa eta salaketa modalitatea, bietan Juan Joxe Agirreren lanak izan dira irabazle.

"Gure Inguruari Begirada Bat" argazki lehiaketa martxan jartzearen arrazoi nagusienak Tokiko Agenda 21aren ezarpen-prozesua sustatzea eta zabaltzea, eta herritarren ingurumen-arazoekiko sentikortasuna suspertzea izan dira, besteak beste. Lehiaketara aurkeztu beharreko lanen gaia, Agenda 21aren kontzeptuarekin zerikusia duen guztia izan da, hau da, ingurumen naturala, hiri-ingurunea, garraioak, ura, hondakinak, energia, industria, zarata, bere alde positiboa zein negatiboa erakutsiz. Horrela bi modalitate definitu ziren, bata alde positiboa erekutsiko lukeena eta bestea, salaketa argazkiei dagokiena.

Sariak

Modalitate bakoitzean 180 euroko sari bat eta 120 euroko beste bost sari banatu ziren. Guztira 17 argazkizale izan dira parte hartu dutenak eta irabazleak honako hauexek izan ziren:

Modalitate positiboan, lehen saria Juan Joxe Agirre azpeitiarrarentzat izan zen eta beste bost sariak, Jon Andoni Martin azkoitiarrak aurkeztutako bi lanei, Javier Carballo zumaiarraren beste bi lanei eta Juan Joxe Agirrek aurkeztutako beste lan bati eman zitzaizkien.

Salaketa Modalitatean, lehen saria Juan Joxe Agirrerentzat izan zen eta beste bost sariak, Joxe Ramon Larrañaga, Jon Andoni Martin, Mikel Zengotita eta Iñaki Etxenagusiaren bi lanei eman zitzaizkien.

Saritutako lanekin, Azkoitiko eta Azpeitiko etxe guztietara banatuko den 2003ko egutegia egin da. Bertan bi herrietako data bereziez gain, olio-bilketa egunak, traste zaharren jasotze egunak, ingurumen-data nagusienak eta abar seinalatuta azaltzen dira.

Aurtengoa lehen edizioa izan da, baina antolatzaileen asmoa aurrerantzean deialdia urtero zabaltzea da.