Nerabezaroan seme-alabak dituzten gurasoentzat hitzaldiak ‘Gurasoen Topagunean’

Uztarria.eus 2002ko aza. 20a, 12:11

Udaleko Gizartekintza eta Gazteria Sailak antolatuta ‘Gurasoen Topagunea’ ekimena abian jarriko da gaur arratsaldean ‘Gazteak: arriskuak eta garapen osasungarria’ hitzaldiarekin. ‘Gurasoen Topagunea’ ekimena 13 eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzendutako bi hitzaldik osatzen dute. Hitzaldiak gurasoei gazteak ezagutzen laguntzeko asmoz antolatu dira eta Zapo Txoko Gaztegunean izango dira arratsaldeko 08:30etatik 20:30etara. Bigarren hitzordua, abenduaren 11an izango da ‘Drogen erabilpena eta gehiegikeriak’ hitzaldiarekin.

‘Gurasoen Topagunea’ ekimenak hiru helburu ditu: gaur egungo gazteen jokaera ulertzen saiatu, gurasoei euren esperintzien trukaketarako gunea eskaini eta seme-alabekin eguneroko elkarbizitzarako laguntza izango diren instrumentuak eskaintzea. Ekimen hau lehendik Iturritxiki ludotekan martxan den ‘Gurasoen Txokoa’ ekimenaren osagarria da. Iturritxikiko ludotekak 12 urte arteko seme-alabak zituzten gurasoentzat zuzendutako hitzaldiak eskaintzen ditu. Orain berriz, seme-alabak nerabezaroan, 13 urtetik 18 urte bitartean, dituzten gurasoentzat antolatu dira bi hitzaldiak. Izan ere, antolatzaileen esanetan “adin horretan komunikazio arazoak sortzen dira, eta gazteen ezagutza gurasoentzat lagungarri da”.

Ekimen berri hau Drogen Aurreikuspenerako Mahaiak azken hilabeteetan aurrera eramandako lanen baitan kokatu behar da, bertan parte hartzen baidute Gizartekintza eta Gazteria Sailek herriko hainbat talde eta elkarterekin batera. Mahaiak ekimen berri honetaz gain, gazteen aisialdiaren, gizarte-trebetasunen eta arrisku-praktiken gaineko inkesta bat martxan du, besteak beste.