Uztarriako bazkideen batzar garrantzitsua ostegunean, udal laguntzak direla-eta sortutako egoera ekonomiko larria aztertzeko

Uztarria.eus 2002ko aza. 5a, 13:11

Uztarriako bazkideen urteko batzarra egingo da ostegun honetan (azaroaren 7an), udal diru laguntzak direla-eta Uztarriari sortutako egoera ekonomiko larria aztertzeko. Izan ere, Uztarriak herri aldizkarirako Azpeitiko Udaletik, eskatutakoa baino sei mila euro (milioi bat pezeta) gutxiago jasoko ditu aurten. Uztarria.com webgunerako, berriz, ez du batere jasoko udaletik, Uztarriak sei mila euro (milioi bat pezeta) eskatu arren.

Uztarriak urtearen hasieran aurkeztu zion komunikazio proiektu osoa udalari, baina urrian jaso du diru laguntzen erantzuna, aurtengo gastuak eta inbertsioak eginak dituenean (aldizkarirako beste langile erdi bat hartu zuen, aldizkariak hilero 12-16 orrialde gehiago ditu, aldizkarirako eta weberako diseinu berria egin zen, weberako langile erdi bat hartu zen, tresneria berria...). Uztarriaren komunikazio proiektuak oso harrera eta babes garrantzitsua du herrian, eta herritik kanpo adituen oso kritika onak jaso ditu.

Egoera hau dela eta, Uztarria bazkideen urteko batzarra aurreratu beharrean izan da, une larriari erantzunak aurkitzeko denen artean. Osteguneko batzarra 20:00etan hasiko da, eta Aitonenan izango da. Aipatutako hori izango da gai nagusia, eta Uztarriak bazkide guztiei (600etik gora jada) bertara azaltzeko dei egiten die, oso erabaki garrantzitsuak har daitezkeelako.