Azaroaren 3an izango da Mendiko VII. Argazki Rallya

Azpeitiko Argazki Elkartea eta Lagun Onak, MB | Taldeak
2002ko urr. 29a, 11:10

Datorren igandean, azaroaren 3an, Mendiko VII. Argazki Rallya ospatuko da. Rallya Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak M.B.k antolatzen dute, eta Errezil inguruan izango da. Sari banaketa, berriz, azaroaren 30ean izango da, eta ateratako diapositiben emanaldia ere eskainiko da.

Argazki Rallyan parte hartu nahi duten lagunek, Errezilgo udaletxe azpian eman behar dute izena igandean bertan, 09:00etatik 09:30etara. Ordaina 10 € da, 3 € 16 urtez beherako gazteentzat. Zenbateko honetan, 36ko diapositiba karretea eta Ezama-enean hamaiketakoa sartzen dira.

Rallyari hasiera 09:30ean emango zaio Bidanian, Errezildik autobusez gerturatuko dira bertara parte hartzaileak. Rallyan egin beharreko ibilbidea Bidanian hasi, Iturburu zubia, Antzelai baserria, Ezama-enea eta atzera ere Errezilen amaitzen da. Guztira 8,6km dira, eta hauetatik 7,6km goitik beherakoak dira. Rallya 14:30ean amaitzeko asmoa dute antolatzaileek, eta ordu horretan bilduko dira bazkaritarako. Ibilbidean atera beharreko argazkiek mendia eta natura dute gaitzat. Gaia irteeran emango da jakitera, ibilbide orria eta beste zenbait argibiderekin batera.

Rallyan hainbat sari izango dira maila ezberdinetan. Lehen saria, 180 € dira; bigarren saria, 150 € eta hirugarren saria, 120€. Herriko lehen sailkatuari, berriz, 90 € emango zaizkio, eta Rallyko argazki onenari 60 €. Bestalde, 16 urtetik beherakoek ere izango dituzte sariak: lehen saria 30 € dira; bigarren saria, 18 € eta hirugarren saria, 12 €. Sailkatu guztiek garaikur bana ere jasoko dute.

Lehiaketara aurkeztu nahi diren diapositiben aukeraketa azaroaren 7an hasiko da eta 21erako aurkeztu beharko dira. Ateratako argazkiak posta bidez eskuratzeko aukera era bada, baina horretarako aurrez postako gastuak ordaindu beharko dira.

Epaimahaiaren erabakia eta sari banaketa azaroaren 30an ezagutuko da arratsaleko 19:00etan Aitonena Ieko aretoan. Eta ekitaldi horretan bertan, diapositiba emanaldia izango da.

Oharra: Oinarrietan agertzen ez den zerbait sortuko balitz, erabakia antolatzaileen esku izango da.

1- Sariak: Sail guztietako diapositiba sarituak antolatzaileen esku geratuko dira. Beste guztiak puntuaketa eta aktarekin batera igorriko dira.

2- Antolatzaileak ez dira izango materialaren galera edota errebelaketa kaxkarren erantzule; ezta ere Rallyaren egunean zehar sor daitezkeen arazo, ezbehar, lapurreta, min eta abarrena.

3- Rally honetan parte hartzeak, oinarri-arau guztiak onartzea dakar.

4- Argibide telefonoa 943 150634 Joxerra Larrañaga, edota Azpeitiko Argazki Elkartearen webgunean

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu