Euskadiko Kros Txapelketa Azpeitian ospatuko da

Ikasberri Azpeitiko Ikastola 2002ko urr. 22a, 12:10

Ikasberri Kirol Elkarteak urtean zehar egiten dituen kirol ekintza ezberdinetan, atletismo atalean krosak garrantzi handia du. Datorren urtean, otsailaren 9an, V. Euskadiko Kros Txapelketa izango da, eta Federazioak txapelketa antolatzeko ardura Ikasberriko Kirol Elkarteari eman dio.

Krosa herrian izan dadila lortzeko atal asko (antolaketa, zirkuitoa, puntuaketa, partaidetza, ...) kontutan hartzen dira eta Euskal Federazioak Ikasberri Kirol Elkartean bere konfidantza ipini du erronka handi hau aurrera emateko. Kontutan hartu behar da urtero hegoaldeko lurraldeak txandakatu egiten direla, eta junior mailan bakarrik 300 partaidetik gora izaten direla.

Datorren otsailaren 9an kirol egun handi bat izango da Azpeitian, eta nahiz eta lau hilabete barru izan, Ikasberri Kirol Elkartea lehen prestaketa lanetan hasi da. Ondorengo oharretan berri gehiago izango duzue.