Anonimoak eta uztarria.com

Uztarria Kultur Koordinadora 2002ko urr. 21a, 15:10

Uztarria.com webgunean anonimoki ematen diren iritzien eta iruzkinen inguruko gogoeta egin nahi du Uztarriak Kultur Koordinadorak. Eta gogoetarekin (eta autokritikarekin) batera, joko arau batzuk jarri abian, betiere webgunearen onerako izango delakoan. Zuen guztion kolaborazioa eskatzen dugu.

Interneten anonimoki edozer iritzi esan eta dena libre delako ustea nahikoa zabaldua egon arren, gezurra da. Zer den libre eta zer ez, webgunearen kudeatzaileek erabaki behar dute. Eta uztarria.com-en kasuan, Uztarria Kultur Koordinadorako kideok.

Orain artean

Orain artean, anonimoki iritziak ematea erabat libre utzi dugu. Jarrita genuen eskaera bakarra, eztabaidetan, honakoa zen:

  • Eztabaidan dagoen gaira mugatu zuen iritziak.
  • Irain pertsonalak ez dira onartuko.

Albisteen erantzunetan (webgunean aukera hau beranduago jarri zen martxan), inolako abisurik edo oharrik ez dugu jarri orain artean.

Propio utzi dugu, orain artean, anonimoen iritzi-ematea horren erraza eta kontrolik gabea. Izan ere, hasiera-hasieratik, gure helburu nagusia jendearen partehartzea lortzea izan da, konbentziturik baikaude hori dela herri-komunikaziorako atari baten berezitasuna, edo gutxienez, berezitasun nagusietako bat. Eta, horretarako aliziente edo pizgarri, anonimatoa izan zitekeelakoan (eta izan delakoan) gaude.

Bada, ordea, anonimatoa oso gaizki ulertu duenik, ezkutuko aukera hori iraintzeko, tontakerietarako eta gezurrak haizatzeko erabili duenik. Edo ulertu nahi ez duenik. Horrelako iritziek, daukaten sinesgarritasuna dute (oso txikia, gure iritziz), eta gure helburuen eta atariaren beraren kalterako dira. Egia aitortu behar badugu, askotan lan handiagoa suposatu digu horrek berak Uztarriako kideoi. Kasu horietako batzuetan, ez beti, iritzi horiek ezabatzen jardun gara, ohartu bezain pronto, baina gerora, betiere. Dudarik ez izan kentzeko moduko zenbait iritzi pasatu egin zaizkigula, eta agian, kendu behar ez genituen batzuk kendu ditugula.

Partehartzea, neurri handi batean, lortu da. Eta ohartu gara zenbaitek ez parte hartzeko arrazoia anonimoen kontua bera izan daitekeela, horrek atariari kalitatea kentzen diolako, nolabait esatearren. Beraz, gure helburuan kontra ere badoa anonimoki edozer eta edonola esateko aukera hori, kudeatzen ondo eta behar bezala jakin ez dugun aukera hori.

Hortaz, anonimoen iritziak kudeatzeko joko-arau batzuk proposatu eta betearazi nahi ditugu hemendik aurrera Uztarriako kideok, atari honen informazio eta komunikazio ahalmena hobetu dadin.

Eta zuei ere errespetatzeko eskatu nahi dizuegu.

Hemendik aurrera

Anonimoki iritziak ematea libre da. Ez dugu aukera hori erabat itxi nahi. Izan ere, badu bere indarra eta erabilera egokia. Webgune asko eta asko ari dira hori erabiltzen, eta denak jakitun dira dituen abantailez.

Hala ere, baldintza batzuk bete beharko ditu horrelako iritziak:

  • Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
  • Entitate juridikoez (Uztarria, Udala, Lagun Onak...) anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
  • Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean.
  • Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio.

Izen-abizenekin sinatutako mezuak, noski, denak dira libre — betiere gaira zentratzen bada eta iraindu gabea baldin bada— eta sinatzailearen ardurako.

Baina jakitun gara dena arautzea ezinezkoa dela. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen dugu, ez baita logika bezalako arautzaile zuzenik izango kasu hauetan.

Laburbiltzeko: Anonimoak erabil daitezke, baina zentzuz. Eta, ahal dela, sinatu izen-abizenekin.

Adibide modura, hona hemen webgune ezagun batzuetako arauak edo gomendioak:

http://www.sustatu.com/1034090444

http://groups.yahoo.com/local/guidelines.html

http://iblnews.com/foros/normas.htm

Honako helbide honetan jarri dugu artikulu honen laburpen moduko bat.

Eskerrik asko,

Uztarria Kultur Koordinadora