Euskara batua ala euskalkia Azpeitian

Baite Euskara Elkartea | Euskara
2002ko urr. 17a, 12:10

Aitonenan 25 lagun bildu ziren hitzaldira eta bi orduz jendea oso gustura egon zen, baita hizlaria bera ere. Gaiak badu interesa, eta hona hemen berak esandakoak.

Koldo Zuazoren hitzaldia  Argazki originala

Orain 40 urte inguru, zenbait herritan, Eibarko kasua aipatu zuen hizlariak, euskaraz aritzen zirenak caseroak ziren. Gaur hori gutxienez aldatu egin da. Gaur ordea gazteen hizkera entzunda harritu egiten gara. bi mila pelatan, kriston kamiseta guapue erosi dot, tio. Gazteen hizkerarekin kezkaturik gaude, baina orain gutxienez hitz egiten dute.

Bada beste arlo bat nahiko ahazturik duguna baina oso garrantzitsua izan dena. Haur hizkera, Euskal Herri osoan berdina izan dena galdu da edo ia galduan da. Gaur eguneko aita-ama gazteek ez dute ia erabiltzen. Gure haurtzaroan: papa=ogia; mama=ura; popo=autoa; pipi=pixa; apapa=kanpora; txitxia=haragia; ninia=haurra... entzun ditugu, gaur ordea: 'emon besito cariño', princesa eta horrelako perlak ari dira ugaritzen.

Euskara desartikulatuta daukagu.

Euskara batuak 34 urte ditu baina nahiko istilutsua izan zen erabakia, bailara honetan bertan referenduma eta guzti egin ziren. Baina ikus ditzagun Euskara Batuaren alde onak:

  1. -Alderdi guztietako euskaldunen ulermena.
    2.-Euskara edozein esparrutan erabiltzen da gaur egun.
    3.-Euskal Herriaren osotasuna hartzen du aintzat.
    4.-Euskaldun berriak asko ugaritu dira.
    5.-Euskararen mugak hautsi egin dira.
    6.-Euskara hizkuntza izatera heldu da.

Baina euskara batua ez da asmatu Azpeitian kalean eta lagunartean erabiltzeko edo azkoitiar eta azpeitiarren arteko komunikaziorako. Zenbait gauzatan astakeriak egin dira. Adibidez herri guztiak Gabonak esan izan duen garaian, Eguberriak erakutsi da hobea delakoan. Amonak ilobari zelan zagoz esan eta honek zuzendu izan dio nola zaude esan behar da amona!.

Gure aurreko belaunaldi elebakarrak asko sufritu behar izan du. Bere garaian Francoren diktadurarengatik sufritua asko ez dela gero haurrak ikastolara joan ondoren: amona ez da horrela esaten entzun dutelako sarri.

Ezin ditugu jokabide berdinak ezarri herri euskaldunetan eta erdaldunetan. Herri euskaldunetan, haurrek hasieran jaso behar duten euskaran herriko euskara izan behar dute lehen lotura, transmisioa eten ez dadin.

Herri hizkeraren esparruak:

  1. -Herri barru eta inguruetako jardunak.
    2.-Lagunarteko jardunak.
    3.-Haur hezkuntza.
    4.-Herri mailako hedabideak, ahozkoak batez ere.
    5.-Herri barruko administrazioa.

Euskararekin eroso sentitu behar du mundu guztiak. Hizkuntza jolasteko da ez beldurrak eta zalantzak sortzeko. Hurbileko euskaran aritzearen onurak:

  1. -Guraso seme-alaben arteko hizkuntza lotura. Transmisioa egitea.
    2.-Sena lantzea, hizkuntzaren sena.
    3.-Euskara hobea eta osasuntsuagoa egitea.
    4.-Euskaldun berriak errazago, lasterrago eta merkeago euskalduntzea, integratzea.

Gurasoek beti izan dute beren haurren euskaran aurkitutako akatsak zuzentzako joera. Beharrezkoa izan da eta da gaur ere. Baina gaurko guraso askori zalantza asko sortzen zaio zer dagon ondo eta zer gaizki erabakitzerakoan. Transmisioa izateko gurasoek seguru sentitu behar dute beren hizkeran.

Gazteengan sortzeko gaitasuna atrofiatuta dago eta ondoko erdal hizkerak kopiatzen dira. Euskara erosoa eta artifiziala bereizteko ahalmena galdu dugu. Gaur egun etxe, toki, txakur eta abarrei izen arrotzak jartzen zaizkie, telebistakoak sarri. Gutxi errotutako hitz baldar asko ari da sortzen: ahalbidetu, bideragarri, ekidin, herri bizigarri, ur edangarri, mobilizapen, deia luzatu...

Hitz berriak sortzeko eginkizuna, ez du Euskaltzaindiak, idazleek edo bertsolariek bakarrik. Hori denen zeregina da. Lagunartean hizkera bereziak sortu behar dira, horiek dira argotak deitzen ditugunak Baditugu zalantzak euskara jasoa non eta nola egin behar dugun. Maila desberdinak daude: etxean, lagunartean, herrian, bailaran, Euskal Herrian. Ea da berdin hitz egina eta idatzia. Idatzian, herri euskaran ere hitz osoak idatzi behar dira, ez bada komikiak edo kalean egindako galderak ez badira. Euskara batuak maila desberdinak ditu, herriko batua, bailarako batua, probintzia mailakoa edo Euskal Herrikoa. Zein lekutarako den hango hizketa erara hurbilago izan behar du. Konplexurik ez, euskara hurbila behar du. Euskara artikulatu egin behar dugu eta beraz behar ditugu: helduena, gazteena, umeena, langileena... eta horiek denak euskalkian nahiz batuan.

Euskara Batuak egin dezakeen gauzarik txarrena euskaldunak bere aurka jartzea da.

Iparraldekoentzat Euskara Batua, hegoaldeko euskara gehi espainola da; nafarrentzat giputxa da. Bizkaitar batek ez du bere burua jokoz kanpo ikusi behar. Hizkuntza afektiboa da hizkuntza efektiboa. Baina euskalkiaren aldeko joera horretan ere badira hanka sartzeak.

Herritarrengana hurbildu nahi horretan politiko batek ETBn euskalkian egitea ez da bidezkoa, horretarako beste leku batzuk dira. Euskal Telebista Euskal Herri guztirako da.

Bidali:  

Erantzunak

galderak | 2002-10-17 : 19:10

Onak Zuazok esandakuek, baiño azpeitiarrez nola idazten da? Gure herri euskaldun hau orain arte ez da kapaz izen bere hizkerie arautzeko. Ez dalako inporta akaso?

joxemai | 2002-10-18 : 00:10

NIk uste dut ni idazten ari naizen hau azpeitiko euskera dela. Eta aurreko lagunak idatzitako "baiño" hori ez. Horregatik, nire ustez, zera da Azpeitiko euskera: Azpeitian erabiltzen ditugun hitz, esaldi-modu eta antzekoak erabiltzea batuak emandako arau ortografikoekin.

joxemairi aurrekoak | 2002-10-18 : 11:10

Nerie ez dek azpeitiar hizkerie —esan diat ez dakitela idazten azpeitiarrez— baiño hire hori're ez dek Azpeitiko hizkerie; hire hori euskara batue dek.
Guk nola idatzi beher degu, adibidez: 'dek' edo 'duk'?

Gauzek Zuzen | 2002-10-18 : 15:10

Galderak-ei
Nik letu atena hik idatzitakue azpeitiarra dek oso osoik,ta jarraitu hola idazten,gañea azpeitiko euskerie oiñ arte nola ez ta eon idatzite,amen ai gaituk iten,ta gero joxemai orrek idatzitakue azpeitiko euskerie al dek? ba bigarrengo idazle horren euskera horrek oso kutsu euskaldun-berriye zakek garbi garbi,a si ke hik hola jarraitu idazten,azpeitiko euskeraz idazten saiatze baldima aiz ya dana indek,ta batez ere konplejoik ez euki azpeitiko euskerie idazteakuen,porke seuru natxeok beste herri batzuk gure euskera mailie baldima zakeaben unezkeo ofizializau ta dana ingo ziabela,ta gu ez gaituk eongo dudetan Azpeitiko euskerie idazteakun,ta batez ere naeken bezela idatzi .Ta hor ipiñi dun esaldi ridikulo hori,alegiye Azpeitiko euskerie batuak emandako ortografiakin dabilela! ze txorakei dek hori,Azpeitiko euskerie batuera baño askosez lenuo zaoan,emateunez batemat ez tao interesaute azpeitieraz iñork idazten,baño hoin ta batez ere holako horri weben tresnei esker hasi besteik ezta hin idazkera hau,ta etzitek iruitzen joxemai pertzona egokiye dala galdetzeko azpeiarrez nola idatzi ber dan duk eo dek,hori Azpeitiko norbaitei galdeberko iyoan

joxemai (aurrekoari erantzuna) | 2002-10-18 : 19:10

Ni azpeitiarra nauk eta uste diat hau ere azpeitiarra dela: bi gauza kontuan hartzeko: zergatik bereizten dituk "s" eta "z" Azpeitian bereizten ez direnean? Azpeitian hatxerik ez dek esaten eta hik barra-barra idatzi dituk, baita behar ez den lekuetan ere. Uste diat erantzun horrek balioko diala.

bdgptk | 2002-10-20 : 22:10

Gauzek zuzen-ei:Hire hizkera hori,ahozko hizkeran nola halako azpeitiar erie dek.Eskribitzeko usteiat,eon berkoebela,arau batzuk eta hitzek ez daudela lotzeik erozein moruz hire erantzunien azaltzein bezela.

Xuxen Xuxen | 2002-10-21 : 00:10

bdjtlo-ri
Bai,arrazoie dakek,nere hizkerie personaliza indiat,Azpeitiko kutsu euki arren ez tik zeba Azpeitiko hizkera standarra izen berrik,baño edozein azpeitiarrek ulertzeko morun idazteat,horrekin baliyogarriye konsideratzeat nere idazkerie,hori esaten saiatze nauk,bakoitze barrotik ertezte zeoken bezela idaztie,ta batez ere ez eotie batematek konfirmatzeko zai ea Azpeitiko erara idazten hasi al leikeaben

iñigo aranbarri | 2002-10-23 : 09:10

Herri hizkeraren gaineko kontu honekin bueltaka ari garenez, ni Joxemairekin nago. Uste dut gauzak asko nahasten ari garela eta bat idatzizko kodea dela, eta beste bat, oso bestelakoa, ahozkoa. Zergatik idatzi hitz egiten den bezala? Hori ez da inon egiten. Izan ere, idatzia, idatzia da eta ahozkoa, ahozkoa. Eta hain justu ere, txokokeria usaina kenduta uste dut aberats lezaketela herri hizkerek batua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu