Hasi dira Auzarazako errotondako lanak

Uztarria.eus 2002ko urr. 3a, 19:10
Lanak hiru-bost hilabeteko epean burutzekotan dira, eta bitartean Sanjuandegiko gurutzeguneko semaforoak martxan izango dira.

Aste honetan hasi dira Auzarazako errotonda egokitzeko lanak. Lan honekin, errotonda itxi egingo da eta zubitik datorren bidearen mailara altxatuko da.

Auzarazako errotonda egokitze lanean erdiko bidea itxi eta kenduko da (2000 urtean behin-behineko plastikozko heziez ixtea erabaki zen) eta errotonda bera altxatu egingo da zubitik datorren bidearen maila berera jarriz. Errotondaren altxatzeak ez du eragingo zubitik datorren bidean, bai ordea, beste bietan eta hauek ere egokitu beharko dira. Honela Loiolarako bidean, esklabataraino, eta herri sarreran, Loiolako Inazio Hiribidea 1 etxebizitzaraino, aldaketak egingo dira.

Egokitze lanek 740.000 euroko aurrekontua dute, eta hiru-bost hilabete iraungo dute.

Semaforoak

Auzarazako errotondako egokitze lanak medio, Sanjuandegirako gurutzegunean aldaketak izan dira. Honela, behin-behineko errotonda jarri zenetik itzalirik zeuden semaforoak berriro martxan dira, eta Jose Artetxe kaletik datozen autoek ez dute errotondaraino joan beharrik izango Landeta edo Sanjuandegi auzoetara joateko.