Orkatzen ordezkariek baztertu egin dute herriko tabernaren administrazio judiziala "konpartitua" izatea

Uztarria.eus 2002ko ira. 23a, 22:09

Gaur Espainiako Entzutegian entzun zenaren arabera, Espainiako Justiziak ez ditu herriko tabernak itxiko, baina kontrolatu egin nahi ditu, berak ere parte hartuz herriko tabernen kontu ekonomikoetan. Herriko tabernek baztertu egin dute proposamen hori.

Orkatz Azpeitiko Kultur Elkarteko ordezkariak Madrilen izan dira gaur, herriko tabernen kontrako ekinbide judizialak direla medio. Eta Espainiako Entzutegiko fiskal Enrique Molinak Baltasar Garzon epaile espainiarrari eta 75 herriko tabernen 15 ordezkariri eta Jone Goirizelaia abokatuari proposatu die elkarteen administrazio judiziala hemendik aurrera "konpartitua" izatea, tabernak itxi gabe; alegia, fiskalaren proposamenaren arabera, elkarteen kontuak-eta kontrolatzeko herriko tabernek beren ordezkaria izendatu beharko lukete eta Espainiako Instrukzio Epaitegi Zentralak bere ordezkaria —Espainiako Haziendaren teknikari bat—. Herriko tabernen ordezkariek, ordea, baztertu egin dute aukera hori; izan ere, "enpresa ez direnez", elkarteoi ezin zaie legediaren arabera hori ezarri. Era berean, fiskalak proposatu du herriko tabernen elkarteek ezingo dutela administratzaile judizialaren arduradunaren kontrolik gabe lehengo konturik eduki, ezta kontu berririk ireki ere. Herriko tabernen ondoko lokalak eta bulegoak ixtea ere proposatu du fiskalak. Baltasar Garzonen aginduz, 75 herriko taberna behin-behinean enbargatuta daude eta 109 kontu korronte blokeatuta joan den uztailaren 3az geroztik, "kale borrokak eragindako kalteak ordaindu ahal izateko". Enbargoak direla-eta elkarte batzuek esan dute "egoera larrian" daudela.

Orain, Espainiako Justiziaren arabera, erabakia Baltasar Garzonek hartu beharko du, hiru egun baino lehen.