Euskal Herriaren Eskubideen Karta Azpeitian

Udalbiltzako hautetsiak 2002ko ira. 12a, 01:09

Euskal Herriaren Eskubideen Karta egiteko prozesuan herritarren parte hartzea nahitaezkoa denez, arloz arlo hausnarketarako eta eztabaidarako bilerak ari dira antolatzen Azpeitian.

Jakina denez, Udalbiltzak Euskal Herriaren Eskubideen Karta burutzeko prozedura martxan jarria du azken hilabeteotan. Eskubideen Karta Euskal Herriaren eskubideen definizioa landuko duen testu juridikoa da. Horretarako eztabaida gune eta ekarpenak egiteko era desberdinak ari dira garatzen Euskal Herriko bazter anitzetan.

Asko dira gure artean urratzen diren eskubideak, ukatzen diren eskubideak asko diren bezalaxe, eta oraindik aitortu gabe ditugunak ere ez dira gutxi. Eskubide horiek lantze aldera Udalbiltzak sei arlo zehaztu ditu:

  • hizkuntza eskubideak,
  • kultura eskubideak, (irakaskuntza alorrean aurreko biak landuko dira gehi berezko dituen gaiak)
  • eskubide ekonomiko-sozialak / baliabideekiko eta lurrarekiko eskubideak,
  • eskubide politikoak(nazioatasun eskubidea bereziki),
  • eskubide zibil edo giza eskubideak deiturikoak (denak izan arren giza eskubide) eta
  • komunikazio-informazio-adierazpen eskubideak.

Eta ondoko zeharkako gaiak ere ari dira lantzen, gainerako arlo guztietako eskubideengan baitutedute eragina. Alegia, Generoen berdintasuna, Kanpoan bizi diren euskaldunen eskubideak (diasporarenak), eta Eskubideak eta gizarte multikultural, multidentitario, gizarte irekia (Etorkinen eskubideak).

Eskubideen Karta hori egiteko prozesuan herritarren parte hartzea nahitaezkoa ikusten denez, arloz arlo hausnarketarako eta eztabaidarako bilerak ari dira antolatzen Azpeitian ere. Uda aurretik egin ziren komunikazio eskubideak, eskubide zibil eta politikoak eta eskubide ekonomiko eta sozialak aztertu zituzten bilerak. Datozen asteetan landuko dira hizkuntza eskubideak (irailak 18), kultura mailakoak eta irakaskuntza arlokoak.

Bilera horiek herriko hautetsi baten ardurapean egiten dira eta bertan jasotako iritzi eta ekarpen desberdinak aktara biltzen dira. Gero, ekarpen desberdinekin eta Jurista talde baten aholkuaren laguntzarekin Udalbiltzak Euskal Herriaren Eskubideen karta osatuko du. Dokumentu horren aurkezpen ofiziala, berriz, abenduan, Euskal Herrian ospatzekoa den Herrien Eskubideen aldeko Nazioarteko Konferentzian egiteko asmoa dago.

Izan ere, Euskal Herriko Eskubideen Kartari Nazioarteko bidea ere zabaldu nahi zaio. Horrela, 2004. urterako iragarri den Europar Konstituzioaren aurrean herriok eta herritarrok geure tokia aldarrikatuko dugu, dagozkigun eskubide guztiekin.

Iruditzen zaigu Eskubideen Kartaren inguruan euskal herritarroi, zeini bere herrian, parte hartzeko zabaltzen zaigun aukera ez dela alferrik galtzen uztekoa. Horregatik dei egin nahi diegu azpeitiarrei parte har dezaten.

“Euskal Herriaren Eskubideen Karta eraiki dezagun, herriak du hitza!”

Mikel Astigarraga
Unai Lizaso
Miren Odriozola
Jose Luis Otamendi
Juan Mari Rezabal
Aitor Unanue

Azpeitiko zinegotziak,
Udalbiltzako kideak