9.000 euro Udal Euskaltegiko ikasleentzat

Azpeitiko Udal Euskaltegia 2002ko ira. 4a, 14:09

Azpeitiko Udal Euskaltegiak 9.000 euro (milio eta erdi pezeta) aurreikusi ditu euskara ikasteko bekatan, 2002-2003 ikasturtean bertan matrikulatuko diren ikasleen artean banatzeko. Esate baterako %85eko asistentzia izateagatik, klasera joate hutsagatik alegia, ikasturte bukaeran ordaindutako matrikularen erdia bueltatzen zaie ikasle guzti-guztiei, bestelako baldintzarik gabe. Asistentzia bekaz gain, badira beste bi beka ere: diru-sarreren araberako beka eta familia bereko kideentzako beka. Hauen kasuan, esate baterako, etxe beretik bi kide baino gehiago joaten badira, batek matrikula osoa ordainduko du baina beste guztiek erdia besterik ez.

Udal Euskaltegiak eskolaordua 0,94 euro besterik ez du kobratzen eta ordaindu beharreko matrikula sei epetan ordaintzeko aukera ere ematen die ikasle guztiei. Gainera, diru-egoera larrian dauden ikasleek Udal Euskaltegian euskara doan ikasi dezakete.

Ikastaro aukera handia

Ikastaro aukera handia

Ikasturte berria euskara ikasteko aukerei dagokienez, Azpeitiko gizarteko beharretara erabat egokituta dago Udal Euskaltegian. Euskalduntze, alfabetatze eta EGAko ikastaroez gain, Herri-administrazioko eta irakaskuntzako hizkuntza eskakizunen prestaketa ikastaroak, Iturri Onetik I eta II hizkuntza kalitatea eta testugintza lantzeko ikastaroak, Ordenagailuaren erabilerarekin uztartutako alfabetatze elektronikoa eta Josten ikastaroak, Euskara enpresetan lan-hizkuntza bihurtzeko Jardun programa, Merkatarientzat AME programa, haurrak dituzten gurasoentzat ipuin kontaketa nahiz haur jolasen eta kanten ikastaroak, era berean, Eusko Jaurlaritzaren HAEE-IVAP eta Hezkuntza Sailak irakasleentzat duen IRALE programen baitan ere ikastaroak emango ditu Udal Euskaltegiak.

Baliabide tekniko guztiak erabilgarri

Udal Euskaltegia hizkuntzen irakaskuntzan gaur egun dauden baliabide tekniko guztien jabe da. Hala, Udal Euskaltegian matrikulatzen diren ikasleek ordenagailu bidezko programa interaktiboak erabiltzeko aukera dute, 2.000 titulutik gora dituen Bideoteka, 5.000 entzungai eta irakurgai baino gehiago CD-ROMean, Euskal Literaturan argitaratzen diren azken nobedade guztiak jasotzen dituen liburutegia. Honetaz gain, hamar ordenagailu dituen hizkuntza laborategia eta ikusentzunezko gela bat ere badu, proiektore digitala, CDI, bideo eta telebistaz hornitua.

Matrikulatzeko aukera hirukoitza

Hiru modutara matrikula daiteke Udal Euskaltegian: Euskaltegiaren egoitzara bertara joanez (Perdillegi kalea 3, Institutuan) goizeko 8:00etatik arratsadeko 19:00ak arte (etenik gabe), ordutegi horren barruan telefonoz hots eginez 943 81 19 47 eta internet bidez ere bai: euskaltegia.azpeitia@azpeitia.net. Gogoan izan matrikulatzeko epea hil honen 27an amaituko dela ikastaro guztietarako.