Lapatxen zaborra isurtzeko prezioaren igoerak liskarra sortu du udalerrien artean

Uztarria.eus 2002ko uzt. 26a, 20:07
Urola Erdiko eta Deba Beheko 13 udalerrik prezio igoera salatu dute

Lapatx Zabortegia S.A.k Lapatxeko zabortegira zaborra ekartzeko prezioak igo egin ditu. Lehen tonako 15 euro kostatzen baldin bazen, gaur egun 30 euro kostatzen da, hau da prezioa bikoiztu egin da. Prezio igoera, Urola Erdia eta Deba behea bailaretako hamairu udalerrik salatu egin dute prentsaurrean. Baina, era berean Azpeitiko Udaleko Gobernu Batzordeak (EAJ eta EAk), eta Lapatx Zabortegia S.A.ko kudeatzaile denak, igoera honen nondik norakoen berri eman du.

Rafael Varela eta Patxi Alberdi, Deba beheko mankomunitatea eta Urola Erdiko mankomunitateko lehendakariek, uztailaren 24an, Eibarren, prentsaurrean, bi bailara hauetako hamairu udalerritako alkateekin batera (Eibar, Elgoibar, Mutriku, Deba, Ermua, Mallabia, Deba, Soraluze, Azkoitia, Zestoa, Errezil, Beizama eta Aizarnazabal), Azpeitiko Udalak Lapatx zabortegian zaborra botatzeko prezioaren igoera salatu zuten. Lehen Lapatxen isuritako zaborraren tonako 15 euro kostatzen bazen, gaur egun 30 euro kostatzen zaiela salatu zuten. “Prezioaren igoera alde bakar bateko” erabakia eta “gehiegizkoa” izan dela azalduz. Bi mankomunitateak prezioaren igoera ez dute onartu eta ondorioz, Azpeitiko Udaleko Jose Maria Bastida alkateak, uztailaren 19an, herri hauetako zaborra Azpeitiko Lapatx zabortegian isurtzea debekatu zuen. Bi udalerrik bakarrik onartu dute prezio igoera hau, Azpeitiak eta Bidegoianek.

Egoera honen harira, prezioaren igoeraren aurka azaldu diren udalerriek, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiari, Roman Suduperi, “Azpeitiko Udalak hartutako erabakia bertan behera uzteko” agindua emateko eskatu die. Bestetik, salaketa jarri dute Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Departamenduan eta errekurtso administratibo bat ireki dute.

Azpeitiko Udaleko Gobernu Batzordordearen eta Lapatx Zabortegia S.A.ren azalpenak

Bi mankomunitateetako udalerriek egindako salaketen aurrean, uztailaren 26an, Azpeitiko Udaleko Gobernu Batzordeak eta Lapatx Zabortegia S.A.ren kudeatzaileak azalpenak eman zituzten Azpeitiko Udaletxean. “Lapatx Zabortegia S.A. eta mankomunitateetako zabortegiaren erabiltzaileen artean dagoen arazo bakarra prezio berrian dago, Deba beheko eta Urola Erdiko mankomunitateetako udalerriak ez dute onartzen jarri den prezio berri hau, eta, ondorioz, Lapatx Zabortegiari 2002ko tasa ordaintzea”. Lapatx zabortegian isurtzen den zabor tonako prezioa Lapatx Zabortegia S.A.k egindako ikerketa baten emaitza dela azaldu zuten. “Ikerketa luze eta sakon bat egin da Lapatxeko zabortegiko kostuaren bidegaragarritasuna aztertzeko, beti ere Europako Zuzendaritzak jarritako araudiaren barruan, eta Europako zabortegiak bete behar dituzten ezaugarriak kontuan hartuta. Egunen batean ingurumeneko arazorik sortuko balitz zabortegian, Europako Zuzendaritzak Lapatx Zabortegia S.A.ra edota, Azpeitiko Udalera joko lituzke arduradun”. Prezio berria, Lapatx Zabortegia S.A.k, orainarte zabortegian egindako inbertsioak eta aurrera begira egiteko asmoa dituen inbertsioak kontutan hartuta jarri du. “Dagoeneko 3 milioi euroko inbertsioa egin da zabortegian, eta zabortegia martxan den heinean eta itxi ondorengo 30 urteetan egingo diren inbertsioak ere kontuan izan dira prezio igoeran, etorkizuneko inbertsioa 12 milioi eurotik gorakoa dela aurreikusten baita”, azaldu zuten Azpeitiko Udaleko arduradunek. Prezio berria (30 euro zabor tonako) Lapatx Zabortegia S.A.ko batzordeak 2001eko urrian onartu zuen eta mankomunitateko udalerriei jakinari zion erabakia. Era berean, zabortegia kudeatzen duen erakundea bi mankomunitateetako arduradunekin biltzen hasi zen, akordio batetara heldu nahian. “Baina mankomunitateetako hamairu udalerriak 2002ko urtarriletik prezio hau ordaintzera ukatu dira”, azaldu zuten zabortegiko arduradunek. Azpeitiko alkateak azaldu zuen, iaz Lapatx zabortegiak 173 milioi pezetako zorra egin zuela, eta Azpeitiko Udalak “abalatu” duela akordio baten bidez diru poltsa hori.

Prezioaren inguruko desadostasuna medio, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartekaritza eskatu zuten bi mankomunitateek eta Lapatx Zabortegia S.A.k. Eta zabortegiko arduradunen esanetan, Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurumen departamentutik azterketa bat egin zen. “Foru Aldundiak egindako azterketan ondorioztatutako prezio bat zetorren 30 euro zabor tonako prezio igoera honekin”, azaldu du Jose Maria Bastida Azpeitiko Alkateak. “Eta Zabortegien Europar Araudiaren, arabera aurrerantzean prezioa igotzeko aukera ere zabalik uzten du”. Prezio igoerarekin bat etorri ez diren udalerriei Lapatxen zaborra isurtzea ukatzearen erabakia, uztailaren 18ko udalbatzan hartu zen Azpeitiko Udaletxean. Erabaki honek, Udalbatza osatzen duten 17 zinegotzietatik 11 zinegotziren (EAJ eta EA) babesa jaso zuen.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurumen Departamentuak Azpeitiko Udalari eta bi mankomunitateei igorritako txostena:

Debabarrena eta Urola Erdiko mankomunitateek Lapatx Zabortegia S.A.rekin izan dituzten desadostasunak sozietate horrek ezarritako isurketa tasa dela eta, Departamentu honek bitarteko lana egin ahal izateko DPA enpresari esleitu zion otsailean laguntza teknikoaren kontratua “Hondakinen isurketari dagokionez, Azpeitiko Lapatx zabortegiak 1999/31/CE Arteztarauaren eskakizunak betetzeko Berme Fondoaren Kalkulua” burutzeko eta txosten hori joan den ekainean bidali egin genizuen.

Azterketa horren ondorioz nabari da Lapatx zabortegiak ezarritako isurketa tasa berria enpresa esleidunak lortutakoarekin bat datorrela, hau da, 30 euro/tona inguruan. Baita ere, Aztertarau horretan oinarritzen den koste kalkuluaren eredua hondakin guztiei eta eta ez etxekoei bakarrik aplikatu behar zaiela ageri da (industrialak etab.).

Esandako kopuru hori gure Autonomi Elkartean indarrean dauden lehen aipatutako 1999/31/CE Aztertarauari egokitutako isurketa koste zerrendan baxuenetakoa da eta Europa Batasuneko zabortegietako prezioetatik oso behean baitago. Esandakoarengatik eta Europan hondakinen kudeatzeko indarrean dauden hastapenak kontuan harturik, Foru Aldundi honetan uste dugu lehen aipatu dugun prezioa mankomunitatez gaindiko Lapatx zabortegiaren Mankomunitate erabiltzaileek ordaindu beharko dutela. Are gehiago, litekeena da denborarekin arian-arian prezio hori igotzea.

Joan den uztailaren 3an Debabarrena Mankomunitateko Batzar Nagusiak hartutako erabakiari dagokionez, eta nahiz eta egun hartan Mankomunitatean egindako bilera teknikoan hasiera batean urkila moduan prezioa kalkulatzea interesgarria iruditu, hau da, aplikagarriak diren zenbait aldagairen arabera, gutxieneko eta gehieneko prezioa adieraziz, azterketa hori egiterakoan antzeman dugu aldagai bata ala bestea aplikatu ondoren hondakin mota honi atxikitzen diren ziurgabetasunak irauten dutela eta bakarrik denborarekin desagertuko direla. Horrenbestez, uste dugu aipatutako azterketa egitea bidezkoa ez dela, Debabarrena Mankomunitateak nahi duen helbururako ez litzatekeelako balio izango.

Bestalde, egokia jo dugu Zaintze eta Kontrol Komisioa eratzea, bertan Lapatx Zabortegia S.A.k sortuko duen berme fondoaren segimendua egin ahal dezagun, tartean sartuta dauden alderdi guztien partaidetzarekin.

Lapatx Zabortegia Sozietatearen finantza egoerak Debabarrena Mankomunitatean sortzen dituen zalantzak, eta sozietateak aplikatzen dituen kontabilitate irizpideei buruz desadostasunak direla eta, honako hau jakinarazi nahi dizuet: Abenduaren 26ko 17/1990 Foru Araua, Gipuzkoako Herrialde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Erregimenari buruzkoak, 105. artikuluak honela dio: “Kontrolpean izango dira Foru Aldundiak eta organismo autonomo administratiboek haien aurrekontuen kargura emandako subentzio edo laguntzak jasotzen dituzten mota guztietako entitate publiko nahiz pribatuak eta pertsona fisikoak. Kontrol horren helburua izango da subentzio eta laguntza horiek behar bezala lortu, erabili, gozatu eta frogatu izana egiaztatzea, bai eta haien bitartez finantzatutako eragiketen errealitatea eta erregularitatea nahiz subentzio edo laguntza jaso duenaren ekonomia, finantza eta kontabilitate egoera ere”.

Gure ustez, Foru Ogasunaren ohiko kontrol hau aipatutako Mankomunitateak azaldu dituen zalantzei erantzuna emateko nahikoa izango da.

Azkenik, eta Lapatx Zabortegia S.A.k jakinarazi digunez, datorren uztailaren 18 izango da epemuga ordaintzeke dauden zorrak kitatzeko. Hori dela eta, mankomunitate erabiltzaileen erantzunkizunaren izenean, egun hori baino lehen zorrak ordaintzeko eskatzen dugu, alderdien arteko gatazka sor ez dadin.

Donostian, 2002ko uztailaren 15a

Jon Mikel Murua Uribe-Etxeberria

Departametuko Foru Diputatua