Eskerrik asko grebari laguntza emateagatik

ELA - Urola Kosta 2002ko eka. 25a, 13:06

Lerro hauen bitartez, Euskal Herrian euskal sindikalismoak Aznarren Gobernuko giza eta lan eskubideen murrizketaren aurka deituriko greba orokorra sostengatu zenutenoi, gure esker ona azaldu nahi dizuegu.

Greba Orokorraren jarraipenari buruz ELAk egiten duen balorapena zera da: Euskal Herriko langile gehiengoak jarraitu dutela. Badakigu jarraipena ez dela berdina izan ez sektore guztietan, ez herrialde edota eskualde guztietan, baina orokorrean erantzuna —nahiz eta estatuko komunikabideak beste gauza bat esan—, sekulakoa izan da.

Jarraipena ikusita, berriz ere euskal sindikalismoak bere heldutasuna erakutsi du, batik bat ELAk. Gizarte eta lan arloetako politikak mahaigaineratzean, Estatu Espainoleko gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gero eta gehiago hartu beharko du kontuan indar sindikal hau.

Azpimarratzekoa da baita ere, nola gero eta argiago gelditzen den agirian ekonomi eta giza arloko politika propioak eratzeko Euskal Herriarentzat Lan Harremanetarako Esparru propioa lortzea guztiz beharrezkoa dela. Langileak babestuko dituen politikak: kolokako enpleguak sortzen duten gehiegikeriengatik, lehen lanetan gazteek jasaten dituzten neurrigabekeriengatik, bidegabezko kaleratzeengatik... Gero eta baztertuago dauden langabetuek eta pentsionistek babestuko duten politikak.

Espainian indarrean dagoen sindikalismo laguntzaile eta itunzaleen aurka Euskal Herrian bidea eredu aldarrikagarriagoa dela erakutsi dugu. Azkenik, gure partaidetzarekin gehiengo sindikala baztertzea ezinezkoa dela ikusi da, ez estatu mailako sindikatuengatik, ez eta euskal gobernuengatik ez eta estatuko gobernuengatik. Guzti hau ez da izan beste urrats bat besterik erakusteko herri honentzako demokrazia, paperetan eta hitz loratuen gainetik, egunero erakutsi behar dela aditzen eta elkarrizketatzen gizartearen ordezkariekin, are gehiago nagusiekin, edonondik datorren eta edozeinen pentsamentu bakarra onartzen ez dutenen baztarkerian amildu gabe.

Guztion laguntza eta partaidetzarekin euskal gizarte sozialagoa, solidarioagoa lortuko dugu. Politika eta giza arlo guztietan, kalearen ahotsa eta eskaerak benetan gogoan hartuko dituen gizartea.