Futbitoko begirale titulua lortzeko ikastaroa antolatu da

Uztarria.com 2002ko eka. 13a, 21:06

Orain gutxi sortu den Eskolako Kirolerako Kontseiluak, Iraurgi Lantzenen bitartez, 2002-2003 rako, Azkoiti-Azpeitiko ikastetxeetako kirol programa antolatzeari ekin dio. Programako ekintza nagusienetako bat, futbitoko begirale titulua lortzeko aukerarena da. Nahiz eta klaseak irailean izango diren, izena emateko epea uztailaren 15ean bukatuko da.

Ikastaroa bederatzi egunetakoa izango da, guztira 30 orduz osatua egongo delarik. Irailean 10ean ekingo zaio eta 28an amaituko da. Klaseen ordutegia, berriz, honokoa izango da: Astearte eta ostegunetan, 18.30etatik 21.30etara eta larunbatetan, 9.30etatik 13.30etara.

Ikastaroa pertsona ororentzat dago irekia eta ikastaroaren kostua 30,05 eurotakoa da. Eskolako kiroleko begirale lanetan dabilen pertsonentzat deskontu berezia egingo zaie, eta hauek 15,03 euro ordaindu beharko dute ikastaroa.

Lehen aipatu bezala, izen emateko epea uztailaren 15ean amaitzen da. Izena eman aurretik, dirua Kutxan sartu behar da, zenbaki honetan hain zuzen ere: 2101 0029 27 0001381359. Ondoren, ordain agiriarekin honoko lekuetan eman dezakezu izena: Eskolako kirol koordinatzailearengana zuzenduz, Lagun Onak-en (Jesus Epelde), Anaitasunan ( Aitzol Alberdi) edota Iraurgi Lantzeneko Kirol Teknikariarengana zuzenduz, Azkoitiko bulegoan.

Norbaitek informazio gehiago nahiko balu, Iraurgi Lantzenera deitu besterik ez du, 943 85 11 00 zenbakira.

Gogoratu, otsailaren 13an, Eskolako Kirolerako Arreta eta Kudeaketarako elkarlanerako hitzarmena sinatu zen. E1 programa bezala ezagutzen den ekimen honek, kirolaren inguruan lan egiten duten agenteen kalitatea hobetu, eta kirola hezkuntzan indartzeko asmoa du. Honen barruan, antolatu da honoko ikastaro hau. Baina bestelakorik ere izango da, eskola kirolean begirale dihardutenentzat gai orokorreko ikastaroak antolatuko baitira. Ikastaroak, besteak beste, psikopedadogia, motibazioa eta abar landuko ditu. Ikastaro orokor honen programa oraindik zehazteko da.