Xamar: 'Azpeitian, euskara gaur egun baino egoera makurragoan ezagutuko duzue'

Uztarria.com 2002ko eka. 6a, 21:06
Juan Carlos Etxegoien herrian izan da

Enparan Dorretxera 40 lagun inguru hurbildu zen Juan Carlos Etxegoien 'Xamar'-ek emandako hitzaldia entzutera. Bi ordu luzez aritu zen Xamar euskararen egoeraz; normalizazioa, elebitasunaz eta hizkuntza mantentzeko egin beharrekoaz, besteak beste. Bertaratu ziren lagunen artean Xamar-en "Orekan. Herri eta hizkuntzen ekologiaz" bost liburu zozketatu ziren.

Xamarrek Azpeitiko herria ez zuen euskararen gainbeheratik kanpo utzi. "Azpeitian, euskara gaur egun baino egoera makurragoan ezagutuko duzue". Beste herrietan baino egoera hobea izanda ere –biztanleriaren %87ak daki euskaraz-, Azpeitia bezalako "ghetoak" hizkuntza bizirauteko nahiko ez direla azaldu zuen. Hizkuntzak bizirauteko "Frantzia, Italia, Portugal... bezalako ghetoak behar dute izan" Xamarren ustez, hauetan hizkuntzek bost erabilpenak betetzen baitituzte: pertsona (1), familia (2), lana (3), herria (4) eta nazioa (5). Esparru hauek guztiak betetzen diren egoeran hizkuntza galtzeko arriskutik kanpo da, bat bete ezean, besteen haustura dakar eta honek desagerpena. Azpeitian lau erabilpen baditugu ere, pertsona, familia, lana eta herria, nazio mailako – administrazioa, osasun sarea ....- hizkuntza gaztelania da. Eta gaur egun independentzia lortzeak ere ez luke euskararen geroa ziurtatuko, erabilpen maila guztiak betetzeko baititu euskarak.

Euskara mantentzeko egin denaz ere iritzi kritikoa azaldu zuen Xamarrek: "Pertsona heldu batek hizkuntza bat ikasteko orduan hiru baldintzak eragiten dute: motibazioa, ezagupena eta erabilerak. Hiruak lotuta daude, motibazio txikia bada, ez da ezagupenik emango, eta ondorioz ezta erabilpenik ere. Baina motibazio handia denean, ezagupena emango da, baita ere erabilpena, eta erabilpenarekin berarekin, ezagutza ere handitzen da, eta ondorioz motibazioa. Euskal herrian ordea, ezagupen arloan baino ez da lan egin, eta motibazio eta erabilpena lantzea ere beharrezkoa da".

Motibazio arloari dagokionez, pertsonai publikoek, politikoak kasu, beren agerraldietan erdara edota euskara kaskarra erabiltzeak "seriotasun gutxi" duela azaldu zuen. Eta EAEan euskarak duen "ofizialtasuna" agerian uzteko, euskararen ezagupena lehendakari izateko beharrezkoa ez dela gogoratu zuen. Euskara kalitatea gero eta kaskarragoa dela eta, arrazoia gizartean egiten den erabileran dago Xamarren ustez: "Gizartea ez du eskolak kontrolatzen, beraz, ematen duen ezagupena egokia izanda ere, gizarteak berea inposatzen du".

Elebitasuna

Elebitasun egoera aipatzean, berau hizkuntza gutxitua galtzen ari den bitartean baino ez dela ematen azaldu zuen Xamar-ek. "Gizarte elebiduna mito bat da. Gizarte elebidunik ezin da mantendu, norbanakoak nahi dituen hizkuntza guztiak jakin ditzake, baina gizarte batek ezinezkoa da bi hizkuntza maila berean jakitea" . Madrilgo hirian, hezkuntza sistemak eskatzen duen moduan, erdara eta ingelera maila berean biztanle guztiek menderatuko luketen ustezko egoera adibidetzat jarri zuen hau azaltzeko. "Demagun Madrilen denek maila berean ingelera eta erdara ezagutzen dutela, zertarako zinema itzuli?, gastua da eta; zertarako Shakespeare itzuli?, originala irakurri dezaket eta; zertarako testu liburuak itzuli?, medikuntza eta beste zenbait arlotan aurrerapenak ingelesez argitaratzen dira eta... Hori da guri eskatzen diguten elebitasuna".

Euskara urte batzuetan desagertu daitekeen bezala, bestelako prozesua ere gerta daitekeelakoan da Xamar, behar den lekuan lan egiten bada denbora galdu gabe. "Gure ideiekin koherenteak izan behar dugu, euskararen garapena ez da abstraktua, gure garapena da, norberarena".

Kontzientziazio kanpaina

Hitzaldi hau, Baite Euskara Elkarteak martxan jarri duen kontzientziazio kanpainako lehen ekitaldia izan da. Bigarren hitzaldi bat ere lotuta dute uztailaren 17rako, Kike Amonarriz eta Antton Olariagak eskainiko dute hitzaldi hau. Baina uda ondoren ere ekimenak jarraipena izango du. Baitek dagoeneko zerrenda egina dauka, eta oraindik egunak eta tokiak zehazteko dauden arren, litekeena da Iñigo Aranbarri eta Koldo Zuazo ere herrian izatea. Hitzaldi hauetaz gain haur eta gaztetxoei begirako ekitaldirik ere antolatuko du Baitek. Johanes, Bargotako aztia ikuskizuna antolatuko da eta begiraleekin Euskaraz Jolas programa hitzartu nahi da.