Tokiko Agenda 21eko graduondoko ikastaroa Azpeitian

Tokiko Agenda 21 2002ko eka. 5a, 13:06

Ingurugiro Etxeko ingurumen hezkuntza proiektuaren baitan, Tokiko Agenda 21aren Udal kudeatzailea izeneko graduondoko titulazioa jarriko da martxan Azpeitian. Titulazioa Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurugiro saila eta Azpeitiko Udalak sustatua da, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Aplikatua I-eko Departamentuarekin batera.

Graduondoko titulazio honen helburuetako bat Euskal Herriko udalerriren batean Tokiko Agenda 21a ezartzea dinamizatzearen ardura duten edo izan dezaketen pertsona guztiei arlo horretako heziketa eman eta era operatiboan gaitzea da, hain zuzen ere.

Graduondoko titulazio hau 1. eta 2. zikloko Unibertsitate-tituludunentzat da (ekonomilari, ingeniari, kimikari, arkitektu, geografo, biologo, abokatu, jurista, geologo, soziologo…) bai eta Udaletan hirigintza, ingurumen eta zerbitzu arloetan edo garapen-agentzia, mendi-nekazaritzako elkarte eta abarretan lanean ari diren teknikarientzat ere. Irakasleen artean aditu akademikoekin batera nazioarte, estatu eta euskal autonomia erkidego mailan entzutetsuak diren udal-teknikariak izango dira.

Ikasketa-planean 250 ordu teoriko eta 40 ordu praktiko emango dira. Ikastaroa Azpeitian emango da ostiral goizetan, 09:30etatik 13:30ak artean eta arratsadetan 15:30etatik 19:30ak bitartean. Ikastaroaren hasera 2002ko urrian izango da eta amaiera, berriz, 2003ko ekainean. Graduondoko titulazio honetarako matrikula 2.705 €koa izango da (450.000 pzta).

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzak onartutako garapen jasangarrirako euskal estrategia jasotzen duen EAEko Ingurumenaren Programa Markoaren barruan dago sartua. Programa honen 2. atalean zera esaten da: 2006. urtea baino lehen EAEko udalerri guztietan ezarri behar dela Tokiko Agenda 21a eta udal guztiek izan beharko dutela ingurumeneko teknikari bat eta 2006. urtea baino lehen 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan beharrezkoa izango da ingurumen arduradun edo teknikariren bat izatea eta 2010. urterako 5.000 baino biztanle gehiagoko udaletan gauza bera eskatuko da bai bakarka edo udal ezberdinak elkartuz.

Gaur egunean 40 udal baino gutxiago dira EAEn Tokiko Agenda 21 programa abian jarria dutenak eta horietatik gehienek ez dute gai horietan espezializatutako teknikaririk.

Informazio gehiago behar baduzu edota aurrematrikula egiteko deitu Ingurugiro Etxeko idazkaritzako telefonora 943-15 17 13 (Leire Egañagatik galdetu) edota EHU-ko idazkaritzako telefonora 9436013889 (Merche Ruizengatik galdetu).