Lakrikun Antzerki Taldeak 'Garalderen Requiema' antzeztuko du Debako XVI. Antzerki Astean

Uztarria.com 2002ko mai. 23a, 13:05
Lakrikunekoak larunbatean Olaberrian izango dira; ekainaren 1ean berriz Mendaron

Ekainaren 2an arratsaldeko 19:00etan Lakrikun Antzerki Taldeak Garalderen Requiema antzezlana taularatuko du Debako XVI. Antzerki Astean. Antzezlana Alaitz Olaizolak idatzia da, eta 2001eko Azpeitiko Antzerki Topaketetan estreinatu zen.

Bihar hasiko den Debako XVI. Antzerki Astean antzerki talde amateurrek izango dute lehentasuna "betiko espirituari eutsiz". Honela hainbat antzerki talde amateurrek hartuko dute parte, tartean Lakrikun Antzerki Taldeak. Gainera aurtengo edizioan Martzelino Soroa euskal komediagilearen heriotzaren mendeurrena dela-eta, bere oroimenean ospatuko da hamaseigarren edizio hau.

Garalderen Requiema antzezlana pasa den urteko Azpeitiko Antzerki Topaketetan taularatu zuen estreinekoz Lakrikun Antzerki Taldeak. Abenduaren 14ean eta Soreasu Antzokian hain zuzen ere. Antzezlana Alaitz Olaizola taldeko kideak idatzi zuen, eta benetako gertaera batean oinarritua da. Alaitzek idatzitako hirugarren antzezlana da.

Herriz-herri
Lakrikun Antzerki Taldea, Garalderen Requiema antzezlanarekin herriz-herri dabil. Hori dela eta, Debako Antzerki Asteko emankizuna baino lehen Olaberrian eta Mendaron izango da antzerki taldea. Asteburu honetan Olaberriako frontoian antzeztuko dute euren lana, larunbatean 22:00etan. Eta ekainaren 1ean, Mendaroko frontoian antzezlan bera ikusi ahal izango da, hemen ere 22:00etan.