Batasunak aurtengo aurrekontuen balorazioa azaldu zuen prentsaurrekoan, larunbatean

Uztarria.com 2002ko mai. 13a, 20:05

Juan Mari Rezabalek, Miren Odriozolak eta Jose Luis Otamendik, Batasuneko zinegotziek, udal aurrekontu egitasmoaren berri eman eta aurrekontuari ezezkoa emana arrazoitu asmoz prentsaurrekoa eman zuten Sindikatu Zaharreko behin behineko bilkura aretoan. Prentsaurrean Batasunaren proposamen garrantzitsuenak, eta onartu diren aurrekontuetan nabarmenenak iruditu zitzaizkien zenbait hutsune ere azaldu zituzten.

Prentsaurrekoan zinegotziek azaldu zutenez aurrekontuak dituen hutsuneak eta aurrekontuen "tajukeran" Batasuneko zinegotziek parte hartzerik ez izatea dira ezezkoa emateko arrazoiak. Prentsaurrean jakitera eman zuten Batasunak ez duela aurrekontuak zehazterako orduan parte hartu, eta gaien inguruan eztabaidarik ere ez dela egon gaineratu zuten: "Gure proposamena eman genien udaleko beste bi alderdiei, baina ez da horien inguruko eztabaidarik txikiena ere egon. EAJ eta EAren artean tratua itxi dutenean egindakoaren berri eman zaigu, eta besterik ez". Jokabide honek ezezkoa emateko garaian funtsezko garrantzia izan duela jakinarazi zuten zinegotziek.

Bestalde, onartu den aurrekontuan zenbait datu jakin beharrekoak eta kezka iturri direla azaldu zuten. Hala nola, onartu den aurrekontu osotik -20.763.986,18 euro - Hirigintzak eta zerbitzu orokorrek, bien artean, aurrekontuen % 65 pasa eramatea, eta berriz, Hezkuntza, Kultura, baserriei eta gazteriari %8a. Azken honi dagokionez, Gazte gunearen gaiari seriotasunez noiz eustea pentsatzen den galdetu zuten eta udal honek "gazteenganako kezka eta udalaren eskaintzaren oparotasuna hitzean eta hortzean erabili" izana eta aurrekontuetan "gazteekin gastatzeko" 601 euro (99 mila pezeta) "bakarrik" aurreikustea salatu zuten. Alkatetzaren eskuetan den Azpeitian, zer? aldizkaria "azpeitiar guztioi" 63 mila euro "kostatzen" zaigula, eta horretaz gainera alkatetzak beste 66 mila euro "berak derizkion argitalpenetan gastatzeko" dituela ere kezkagarritzat dute.

Dena dela Batasuneko zinegotziek aurtengo aurrekontuetan alderdi positiboak ere badirela azpimarratu zuten. Izan ere urteetan eskean jardun diren zenbait gaik aurtengo aurrekontuetan partida baidute: Sanjuandegiko errotonda, Basazabaleko Kultur Etxea, Nuarbeko zentro-museorako lokala, Ingurumeneko teknikaria eta bertako produktuei laguntzekoa azoka bereziak egiteko asmoa esaterako.

Batasunekoen eskariak
Batasunak 2002 urteko aurrekontuetarako eskarien artean Udaleko goi karguen soldatak murriztu eta notaria eta epaitegietan egiten diren gastuak gutxitzea eskatu zuten; baita ere Baserria eta nekazal sektorea suspertzeko eta babesteko Plan Estrategikoa; pentsiodun eta langabeentzat gutxieneko soldata soziala (lanbide arteko gutxienekoa); Alde Zaharra biziberritzeko plana; Babes ofizialeko etxebizitzak; Gazte-gunea; Azpeitia mailako antolamendu urbanistikorako lehiaketa egitea; Kultur Etxea eta Kulturaren Aholku Batzordea martxan jartzea; eta Euskalgintzarekin lankidetzan euskara normalizatzeko bidean urrats sendoak ematea.

Dinamika berria
Batasunak aurtengo aurrekontuen proposamenerako dinamika berri bat hasi dutela azaldu zuten. Bi bilera egin zituzten herriko taldeekin: lehenbizikoa taldeen ideiak, kezkak, interesa biltzeko Batasunak horren arabera bere aurrekontu proposamena osatzeko; eta bigarrena Batasunaren aurrekontu proposamenaren eta EAJ-EAren aurrekontuen zirriborroaren berri emateko. Bide berri hau "oso interesgarritzat" dute, "herritarren parte hartze zuzenagoa" bermatzeko.

Bestalde, Azpeitiko udaletxeko gestio eredua "aspalditik kutsatuta" dagoela salatu zuten. Urte asko eta askotan aldatu ez den "estilo desegokiari eta inertzia gaiztotuei" jarraitzen diolako: "Udaleko gestioa iluna eta autoritarioa ikusten dugu. Pentsatzen dugu inoizko batean udal kudeaketaren eta aurrekontuen filosofia eta izpiritua aldatuko bada, gure herriak beste estilo bateko alkatea behar duela".