Jostaldi hirugarren postuan da eta Lehenengo Mailara igotzeko aukerari eusten jarraitzen dio

Azpeitiko Areto Futbol Taldea 2002ko mai. 8a, 20:05

Denboraldia amaitzeko hiru jardunaldi besterik gelditzen ez direnean, areto futboleko Jostaldik Lehenengo Mailara igotzeko dituen posibilitateak bere hortan jarraitzen dute. Talde azpeitiarra sailkapeneko hirugarren postuan kokatu da ligako azkenengo bi partidak irabazi ostean eta igoera oraindik automatikoki lortu en duen arren, denboraldi amaieran berau eskuratzeko aukera dezente dituela esan daiteke, gorengo dibisioetako gorabeherak direla medio.

Ligako azkenengo bi norgehiagokak irabazi izanak (Legazpiko La Bellotari 6-3 eta Tolosako Laskoraini 5-4) konfidantza ikaragarria eman die Gregorio Expositoren mutilei, izan ere, ligako azken txanpa honetan hiru partida erabakigarri jokatu beharko baitituzte Jostaldikoek. Ostiral honetan, esaterako, talde azpeitiarra Tecnun taldearen aurka lehiatuko da Donostian, 21.00etatik aurrera. Ez da partida erraza izango Jostaldirentzat, talde donostiarra une honetan jaitsiera postuetatik irtetzeko lehian baitago.